Urruneko eltzeak urrez, iritsi eta lurrez

Urruneko eltzeak urrez, iritsi eta lurrez

Iruñeko Harrotu-k, LGTBI kolektiboa artatzeko udal zerbitzuak, Urri Trans zikloa egin du, hiriburuan. Aitzole Aranetak eta June San Millanek transen eskubideen inguruko legedia jorratu dute. Garbi erran dute badela zer hobetu.

Edurne Elizondo

Hiru lege eta aurreproiektu bat. Hori da, gaur egun, transen eskubideak jorratzen dituzten araudien arloan dagoena Nafarroan. Hiru lege horietatik bi Nafarroako Parlamentuak onartutakoak dira, eta, hirugarrena, Espainiako Kongresuarena. Lege aurreproiektua, berriz, Espainiako Ministroen Kontseiluak ekainaren 29an onetsitakoa da.

Lege eta proiektu horiek zer jaso eta zer baztertu duten jorratu dute Aitzole Aranetak eta June San Milllanek, Iruñeko Harrotu LGTBI komunitatea artatzeko udal zerbitzuak antolatutako Urri Trans zikloan. Sexologoa, berdintasun teknikaria eta ekintzaile transa da Araneta; San Millan, berriz, abokatua. Garbi erran dute transen eskubideen gaineko legeen esparruan badela zer hobetu eta zer borrokatu, eta eskubideak paperean jasotzea ez dela nahikoa: “Eskubide horiek gauzatzeko araudiak, eta, batez ere, baliabideak behar dituzte legeek”. Bertzela, urre dirudiena lur bertzerik ez da.

2007ko legea

2007ko Espainiako legea da —erregistroan pertsonen izena eta sexua aldatzeko legea— trans pertsonei eragin zien lehena; ordura arte, jaiotzean egokitutako sexu legala aldatu nahi zutenek epaile baten aurrera joan behar zuten, eta auzi mediku batek azterketa egin behar zien. Legez emakume izateko beren eskubidea aldarrikatzen zutenek, adibidez, gizonezkoen genitaltzat jotzen ohi direnak bazituzten, ebakuntza egin behar zuten. “2007ko legeak bertan behera utzi zuen ebakuntza egiteko beharra”, erran du Aranetak. “Hau da, 2007tik, legez onartuta dago badirela zakila duten emakumeak eta bulba duten gizonak”, zehaztu du.

2007ko legeak, baina, ez zuen dena konpondu. “Agiriak aldatzeko bertzerik ez zuen balio. Trans esperientzien patologizazioak bere horretan jarraitu zuen”, azaldu du June San Millanek. “Genero disforiari buruzko diagnostikoa exijitzen zen, legez, oraindik ere, bai eta bi urteko hormonen bidezko tratamendua ere”. 2007ko araudi hori indarrean da, baina “garaian garaiko egoera sozialera egokituz” joan da, San Millanek nabarmendu duenez. “2011n, Espainiako Fiskaltzak berak barne arau bat zabaldu zuen patologizazio hori hutsean uzteko urratsak egiteko”.

2007ko legeak, gainera, adingabeak kanpo utzi zituen. Huescako (Espainia) familia batek Espainiako Auzitegi Konstituzionaleraino eraman zuen auzia, 2019an, eta auzitegi horrek ebatzi zuen adingabeak kanpo uztea ez zela konstituzionala. 16 urte baino gehiagokoei onartu zien agirietan izena eta sexua legez aldatzeko eskubidea; hamasei baino gutxiagokoen egoera ez zuen zehaztu: “Aipatu zuten 16 urte baino gutxiago zituztenek gutxieneko heldutasuna izan behar zutela, eta trans prozesu egonkor batean egon; hori zehazki zer den, baina, ez zuten argitu”, kontatu du abokatuak.

Espainiako 2007ko legeak kanpo utzi zuen bertze herritar talde bat: Espainiako hiritartasuna ez zutenena, hain zuzen. Muga hori hutsean uzteko, eta hutsean uzteko disforia diagnostiko eta tratamendu baten beharra, hain zuzen, trans kolektiboak aldarrikatu du bere errealitatea eta eskubideak onartuko dituen lege bat. “Azken garaian, mahai gainean egon dira zenbait proiektu: bat, LGTBI kolektiboarentzat, eta bertze bat, berriz, trans pertsonentzat”, kontatu du Aranetak. Azkenean, bien nahasketa den aurreproiektu bat onartu du Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak, ekainaren 29an. “Ez da eskatzen genuena; anitz murriztu dituzte trans pertsonen eskakizunak”. Lege berriak bazter utzi ditu diagnostikoa eta tratamendua, baina ez ditu kontuan hartu adingabeak, ezta Espainiako hiritartasuna ez dutenak ere. Pertsona ez-binarioak ere ez ditu aitortu.

Garatzeko beharra

Nafarroak 2009an onartu zuen trans pertsonen inguruko lehen legea, eta azkena, berriz, 2017koa da. 2017ko horrek helburu du LGTBI+ kolektiboaren bazterketaren aurka egitea. 2019an, legea garatzeko ekintza plana onartu zuten. “2022ra bitartekoa da; laster amaituko da, baina ia garatu gabe segitzen du. Hori da arazoa”, aipatu du June San Millanek.

Abokatuak garbi du eskubideak legez jasotzea “borrokarako tresna bat” dela, baina baliabideak falta direla salatu du: “Adibidez, Transbide zerbitzua dago trans pertsonentzat, baina lanaldi erdiz ari diren bi langile bertzerik ez ditu. Trans pertsonen eskubideen alde lanean jarraitu behar dugu”.

 

Despertransen hitzaldia bihar, Plazara gunean

Harrotu udal zerbitzua ez da urrian transen errealitatea erdigunean jarri duen bakarra: Despertrans kolektiboak hitzaldi sorta bat antolatu du Iruñean, transen eskubideen eta haien aurkako erasoen auziei heltzeko. Bihar eginen dute antolatutako azken mahai ingurua, Iruñeko Alde Zaharreko Plazara gunean; zehazki, Patriarkatuaren aurkako borrokak eta disidentziak izenburupean, Veronika Arauzo eta Naty Darks ekintzaileek hartuko dute hitza, 18:30ean.

 

Argazkia: Aitzole Araneta eta June San Millan, urriaren 19ko hitzalduan. Iñigo Uriz / Foku