Nafarroako Berdintasun Institutuaren ikerketa batek erakutsi du etxeko langileen sektorea irregularra dela oraindik: 9.000 langileetatik 6.800 inguru daude Gizarte Segurantzan izena emanda. Lan eskubideak ez dituzte bermatuak, eta haiengan batzen dira sexuagatiko, jatorriagatiko eta klaseagatiko zapalkuntzak. Langile ororen eskubideak eskatzen dituzte, haiek ere langileak baitira.
Ane Eslava
Iaz, koronabirusaren izurria zabaltzen hastearekin batera, jendea etxe barrukoari begira jarri zen, eta asko jabetu ziren eremu pribatuan egiten diren lanek duten garrantziaz: zaintza lanak, etxearenak eta pertsonenak. Lan horiek egiten dituzten langileak “funtsezkoak” zirela ikusi zen. Ordea, urte eta erdi igaro delarik, etxeko langileek berdin jarraitzen dute: ez dituzte beste langileek dituzten eskubideak, eta oso baldintza txarretan aritzen dira lanean.
Hala ondorioztatu daiteke Nafarroako Berdintasun Institutuak berriki argitaratu duen ikerketa irakurrita, eta hala baieztatu du Caridad Jerez Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko presidenteak: “Azkar ahaztu dira gutaz, baina gu funtsezkoak gara oraindik ere, eta ez dugu eskubiderik”.
Etxeko langileak. Lan-baldintzen eta erregularizazio prozesuaren azterketa izeneko txostenak erakutsi du sektorea erregularizatu gabe dagoela oraindik, eta horrek langileen prekaritatea eragiten duela. Haiengan egiturazko zapalkuntzak gurutzatzen dira: sexuari, klase sozialari eta jatorriari dagozkionak; langileen %90 baino gehiago andreak baitira, eta horietako asko migratzaileak. “Frogatuta dago zapalkuntzak hainbat kausaren elkargune direla: kasu honetan, lan feminizatua da, eta gizarteak ez du baloratzen; horri langileen jatorria batzen zaio”, berretsi du Magdalena Diazek. Ikerlaria da Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, eta ikerketan parte hartu du.
Diazen hitzetan, irregulartasuna da sektorearen ezaugarri nagusia. Kalkulatzen da egun Nafarroako 9.000 etxetan dituztela etxeko langileak; etxeko langileen Gizarte Segurantzako erregimenean, berriz, 6.800 afiliatu inguru daude. “Kopuruen arteko aldeak erakusten du sektorearen irregulartasuna”. Ekonomia informalean dauden horiek ez dituzte bermatuak eskubideak, baina, adituak nabarmendu duenez, ekonomia formalean daudenen eskubideak ere “mugatuak” dira, Gizarte Segurantzako erregimen orokorraren barruko sistema berezi batean daudelako. “2011ra arte erregimen berezi batean zeuden, eta baldintzak are okerragoak ziren; ordutik, lan eskubide batzuk parekatu dira, baina asko dago egiteko”, azaldu du.
“Ez da duina nola gaituzten: eskubiderik gabe, ezta langabezia saria jasotzeko ere”, salatu du Caridad Jerezek. Hain zuzen, jasaten duten prekaritatearen faktore nagusietako bat hori da: ez dute langabeziarako kotizatzen, araudiak ez baitu jasotzen. Horrek eragiten du “edozein lan” onartzeko prest egotea. Maciej Szpunar Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak ere kritikatu du hori: irailean adierazi zuen “Europako Batasuneko zuzenbidearen aurkakoa” dela Espainiak etxeko langileak langabezia saritik kanpo uztea.
Jerezek badaki zer dakarren beste langileek dituzten eskubideak ez izateak: 64 urte ditu, eta 29 daramatza etxe berean lanean, baina bederatzi baino ez ditu kotizatuak. Pozik da bere lan baldintzekin, baina heldu den urtean erretiroa hartuko du, eta ordutik aurrerakoak kezkatzen du: “Nire pentsioa 180 eurokoa izango da. Nire kasuan, senarrak lan egiten du, eta eskerrak; bestela, jateko ere ez genuke izango”.
Diazek azaldu duenez, pentsioen arazoen atzean zenbait faktore daude: “Askok ez dute kotizatzen, eta kotizatzen dutenek soldataren araberako urkiletan egiten dute. Espainiako Gobernuak hori aldatzeko asmoa agertu du, soldatarengatik kotizatu dezaten; baina mesfidantza dago”. Asmo hori gauzatzea da premiazkoena, haren ustez, eta, horrekin batera, kotizatzearen garrantzia ulertaraztea, bai familiei, bai langileei.
Migratzaileak, zaurgarriago
Helena Nenu ere Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko kidea da, baina Jerez baino geroago hasi zen lan horretan: 2007an. Errumaniatik heldu zen Nafarroara, kontratu batekin, etxe batean lan egiteko eta familiarekin bizitzeko. Esperientzia hura “positiboa” izan zen harentzat, familia “aparta” zelako; baina beste norbaiten etxean zazpi egunez eta 24 orduz egotea “oso gogorra” dela dio: “Ez duzu kontraturik, eta, iritsi berria baldin bazaude, egun osoz lan egiteko prest egongo zara: gau eta egun. Inguruko guztiak zaindu beharko dituzu: gurasoak, seme-alabak, auzokidea, txakurra… Ez dago araurik”.
Ez dago zehazturik zein lan egin behar dituzten, eta, ondorioz, “denetarik” eskatzen diete, soldata txikien truke. Jerezek eta Nenuk ez dute arazorik soldatarekin, baina hori ere ezohikoa da. Inkesta egin duten pertsona guztien %72k adierazi dute hilean 1.000 euro baino gutxiago jasotzen dutela.
Langileak horrela izatea legez kanpokoa dela salatu du Nenuk: “Zaintzen duzun pertsona gaixotzen bada, zuk ez duzu lorik egingo, kasik ez duzu jango. Ikaragarria da [Espainiako] estatuak hori onartzea. Engainu bat da, eta berdin dio salatzen baduzu: ez dizute entzungo”. Hitz batean laburbildu du haien egoera: “Esklabotza”. Hala ere, uste du familia askok ez dakitela zer gertatzen den haiekin: “Gizarte Segurantzara joaten dira langileari alta ematera, orri bat betetzen dute, eta listo”. Horregatik, norbait kontratatu aurretik informatzeko eskatu du.
Nenu erizaina da, eta hogei urteko esperientzia du Errumanian. Horri esker, pentsioa jasoko du, baina argi du berea kasu bakana dela. Nenuk bezala, atzerritar jatorriko langileek trebakuntza maila handiagoa izan ohi dute; horrek, baina, ez die segurtasunik ematen; zaurgarritasun handiagoa izan ohi dute.
Esaterako, inkestari erantzun dioten eta Espainiako hiritartasuna lortu duten langileek ia hamarkada bat behar izan dute horretarako. Prozesua horrenbeste luzatzeak prekaritate eta kalteberatasun egoerara daramatza, Diazek azaldu duenez: “Espainiar hiritartasuna ez izateak botere desberdina izatea dakar; hala, bertako emakumeek baino erabakitzeko gaitasun txikiagoa dute, legea gutxiago ezagutzen dute, ez dute babes sarerik…”.
Nenu bat dator baieztapen horiekin: “Paperik ez izateak babesgabe egiten ditu, batez ere Europatik kanpotik datozenak: familia han utzi dute bizitza hobea izateko, eta hemen bakarrik gelditzen dira”. Prekaritateak, gainera, lan baldintzak negoziatzeko zailtasunak dakartza. “Niri kide batek deitu zidan negarrez, gosea pasatzen zuelako, baina beldurra eta lotsa ematen zion hori familiari esateak”. Askotan ez diete halako egoerei aurre egiten, zama handia dutelako: “Atzean utzitakoa, zorrak, nekea…”.
Asko dira etxeko lana enplegu formaltzat ez hartzearen eraginak. Esaterako, gaixo egonez gero, baja eskatzeko arazoak izaten dituzte. Halaber, lanaren eraginez dituzten osasun arazoak ez dira laneko gaixotasuntzat hartzen. Jerezek azaldu duenez, askok metakarpoko hezurrean lesioa dute, ordu asko igarotzen dituztelako besoak altxatuta. “Baina ez dute onartzen halakoak lanagatik gertatzen zaizkigunik”.
Bestalde, etxeko jabeen eta langileen artean botere harremanak sortzen dira, “ez baita laneko harreman bat, bata bestearen gainetik baitago”, Diazen hitzetan. Hala, adibidez, askotan ez dute betetzen kaleratzeari buruzko araudia, eta ez diete aurretik esaten kaleratuko dituztenik, ezta kalte ordainik ematen ere.
Desoreka horren eraginez, maiz erasoak izaten dira: sexu jazarpena eta indarkeria fisikoa gutxiagotan gertatzen dira; berriz, ahozko indarkeria eta ekonomikoa ohikoak dira. Jerezek eta Nenuk ez dute erasorik pairatu, baina ezagutzen dituzte halakoak bizi izan dituzten kideak. Jerezen iritziz, erasoak botere desorekaren ondorio argiak dira: “Enplegatzaileek badakite langileek ezin dutela alde egin, eta esaten diete baldintza hobeak nahi badituzte joan daitezkeela. Asko etsita daude, baina ezin dira joan, ez dutelako beste aukerarik”.
Enplegatzaileekin gatazkak izatea are gogorragoa da haiekin bizi direnean, eta egoera latzak izaten dira. Nenuk sexu abusuen kasuak ezagutzen ditu: “Lagun baten nagusiak masturbatzera behartzen zuen. Kaleratzearekin mehatxatzen zuen, eta emakumea ezin zen joan, ez zuelako deus”. Gainera, familiarekin etxean egun osoz izaten direnak migratzaileak dira kasu gehienetan, eta, egoera delikatuagoetan egoten direnez, erasoak daudenean “are zaurgarriagoak” dira.
Harremana “formalizatzeko”, langileek batzuetan kooperatibak sortzen dituzte, hartu-emana ez dadin izan bi norbanakoren artekoa. Diazen iritziz, aukera egokia izan daiteke, baina beste batzuk badirela azaldu du: “2011ko araudiak dio enplegu zerbitzu publikoak harremanean parte har dezakeela; horrek kontrol handiagoa ekar lezake”. Halere, harremana izatez konplexua dela ohartarazi du. “Administrazioek esku hartu beharko lukete”.
Politikarien “hipokrisia”
Jerezek eta Nanuk ekimen gutxi ikusten dute instituzioen eta alderdi politikoen aldetik; hitzak bai, baina erabakirik ez. Politikarien “hipokrisia” kritikatu dute biek ala biek: “Hauteskundeak iristen direnean, orduan bai, denak oroitzen dira gutaz; gero, inor ez”. Horren aurka, langile guztiak batu eta borrokarekin konprometitu beharko liratekeela uste dute: “Asko gara, eta, gauden egoeran egonda, greba handi bat egin beharko genuke”.
Baina ulertzen dute ez dela erraza. “Lanean gaude, eta baita gure etxea aurrera ateratzen ere. Egunero. Eta leher eginda bukatzen dugu, indarrik gabe”, aitortu du Jerezek. Nenuk erantsi du egoera larrienean daudenek beldurra ere badutela: “Zaila da aurpegia ematea ezer ez duzunean”.
Bi dira instituzioei egiten dizkieten eskaera nagusiak: batetik, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena berrestea. Hitzarmen horrek etxeko langileen sektorerako oinarrizko eskubide batzuk ezartzen ditu; 2011n onartu zuten, eta Espainiako Gobernuak zenbaitetan esan du berretsiko duela, baina oraindik ez du egin; duela aste batzuk esan zuenez, “tramiteak hasi” ditu. Bestetik, Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean sartzea galdegiten dute. Gainerako langileak bezalakoak izateko. Haiek ere langileak direlako.
Argazkia: Ane Eslava.