Amets Aranguren Arrieta
Aitak beti esan izan digu gauzak ez direla, gauzak daudela. Ez direla horrela, baizik eta horrela daudela. Horrez gain, bere beste esaldi izar horietako bat da egiten denak balio du. Txikitan ulertzen ez banituen ere, gaur egun oso presente ditut bi esaldi horiek. Aitak gauza batzuetan asmatzen du eta, ausartuko nintzateke esatera, bi horietan egiten duela.
Azkenaldian asko entzun ditudan lerro hauekin lotzen ditut bi esaldiok. Jarrera baten definizioa egitera mugatzen direnak. Jarrera honena, hain zuzen ere:
Erosotasuna iltze bat da
pixkanaka urratzen dizu azala, giharra, pixkanaka zulatzen urdaila
min handiegirik sentitu gabe as ti ro.
Azaleko zauria iltzea barruan utzita osatzen den arte.
Ostera begi bistako orbanik ez,
baina hori mina pixka bat mugitzean…
Erosotasuna iltze bat da.
Erosotasuna h i l t z e a d a
Hau dena kontatzen digu idazle eta ilustratzaileez osaturiko Hatzamarka kolektiboak atera duen liburuko Gurutziltzatua poemak. Erosotasuna iltze bat da. Erosotasuna hiltzea da. Nago aita honetaz mintzo dela hasierako bi esaldiak defenditzen dituelarik. Erosotasunaren iltze horrek barruak mintzen ditu, urratzen ditu, eta, imajinatzen dut, herdoiltzera ere helduko dela iltzea bera. Herdoil horretatik hitz egitea arriskutsua izan daiteke, barruak usteldurik izateak ez baitu lagunduko agian.
Zalaparta sortu du aurten (enegarren aldiz) Hatortxu Rock (Hatortxu Pop blablabla) jaialdiaren kartelak. Sarrerak salgai jarri eta ordu eta erdira zabaldu zuten komunikazio arduradunek Sold out kartela sareetan, festibalak musika taldeak iragarri gabe bazituen ere. Hamar egun beranduago atera dira kartela osatzen duten hamazazpi taldeen izenak eta sareetan kexak, mespretxua, burlak… Sareetan geratzen diren esaldi horiek, badakizue. Bertatik aterako balira sikiera… Bada jaialdia zertarako den beste behin azpimarratu duenik ere, ez gutxi. Eta taldeak gustatu zaizkion beste jende saldo bat ere bai (edo, besterik gabe, berdin zaizkionik). Espero ez banuen ere, argi geratu da Hatzamarkako lagunek aipatzen duten iltzea oso barruan duen bat baino gehiago dagoela oraindik herri honetan eta oraingoan ez dakit “iltze batek beste bat ateratzen du” dioen horrek balio duen. Baina ziur nago badela iltzea ateratzeko modurik. (Sareetan pare bat esaldi bota eta heldu den urteko kartelari itxoiteak uste dut ez duela funtzionatzen). Alternatiba proposamenik gabeko kritiken aurrean, entzungor.
Gauzak ez dira horrela, gauzak horrela daude, lagunok. Eta, noski, laguntza eskaini eta alternatiba erreal bat planteatzeko prest dagoena (eta, esan gabe doa, hori aurrera eramateko egin beharreko guztia egiteko prest dagoena) beso zabalik hartuko du hilabeteak lanean ematen dituen lantaldeak. Etor dadila iltzea kanpoan eta barrenak garbi, faborez.
Egiten denak balio du.
Argazkia: iaz internet bidez egindako Hatortxu Rock jaialdiko une bat.