Txertoak gripeari aurre egiteko

Txertoak gripeari aurre egiteko

Nafarroako Gobernuak gaitz horren kontrako kanpaina abiatu du. 70 urte baino gehiago duten herritarrek COVID-19aren aurkako bertze dosi bat hartuko dute.

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuak hasi du gripearen aurka txertatzeko aurtengo kanpaina; Osasun Departamentuak helburu hartu du, datorren abenduaren 2ra bitarte, 125.000 pertsona txertatzea. Asmoa da gaitz horri aurre egitea, eta, gainera, COVID-19aren aurkako bertze dosi bat ematea 70 urte baino gehiago duten herritarrei eta arrisku talderen batekoak direnei.

“Hagitz garrantzitsua da herritarrek txertoa hartzea; gaitzaren aurka egiteko dugun tresna bakarra da”. Bortzirietako osasun etxeko buru Ruth Gonzalez medikuarenak dira hitzak. Nabarmendu du gripea hilgarria izan daitekeela —zaharrentzat eta patologia larri edo kronikoren bat dutenentzat—, eta, ondorioz, inportantea dela gaitzari aurrea hartzen ahalegintzea.

Urtarrilean eta otsailean jo ohi du gripeak goia. Halere, Gonzalezek erran du zaila dela gaitzaren garapena nolakoa izanen den zehaztea. Iazko egoerarekin bada aldea, gainera. “Iaz, koronabirusak ez zuen bertze birusentzat tokirik utzi, eta ez genuen griperik izan; aurten, baina, koronabirusak behera egin du, eta hasi gara jada bertzelako birusen eragina sumatzen”. Osasun etxeetan sumatu dute joera hori, hain zuzen ere: “Ohiko gaitzek jotako haurrak artatzen hasi gara”, erran du Bortzirietako medikuak.

Ez dago garbi iaz griperik ez izateak eragin ote dezakeen aurten etor daitekeen epidemia larriagoa izatea. “Ezin dugu jakin”, zehaztu du Gonzalezek. Azaldu du gripearen aurkako txertoa egokitu egiten dutela urtetik urtera, andui berriei aurre egiteko. Hau da, kanpaina bakoitzeko, txerto ahalik eta eraginkorrena bilatzen dute adituek.

Oinarrizko arreta sendotu

Gripearen aurka txertatzeko kanpainaren bidez, osasun sistemak gainezka ez egitea ere badu helburu Nafarroako Gobernuak. Izan ere, gripearen eta koronabirusaren sintomak antzekoak izan daitezke, eta, ondorioz, kutsatzeek gora egiten badute, gerta daiteke osasun etxeak betetzea. Bortzirietako osasun etxeko buruak nabarmendu du “funtsezkoa” dela oinarrizko arreta sendotzea. “Guk gure esku dagoena egiten dugu, baina baliabideak behar ditugu eraginkor izateko”.

Herritarrei ere eskaera zehatza egin die medikuak: “Zentzuz joka dezatela; maskara erabil dezatela toki itxietan, sintomarik sumatzen badute, edo arrisku talde bateko norbaitekin daudenean. Eskuak garbitzea ere garrantzitsua da. Urrats horiek barneratu behar ditugu, denen hobe beharrez”.

Gripearen aurkako txertoarekin batera, COVID-19aren aurkako bertze dosi bat hartuko dute behar duten herritarrek, abenduaren 2ra bitarte. “Hirugarren dosia jarriko diegu 70 urte baino gehiagokoei eta zenbait arrisku taldetako herritarrei, minbizia dutenei edo transplante bat jaso dutenei, adibidez; Janssen txertoaren dosi bakarra jaso zutenei ere bigarren bat jarriko diegu, ikerketek agerian utzi baitute babesak behera egiten duela”, azaldu du Gonzalezek.

Herritarrak txertoa hartzera deitu ditu medikuak. Osasun etxeetan lan eta lan ari dira jada, gripeari aurrea hartzeko asmo bakarrarekin.