Iritzia: ‘The Entire History of You’

Iritzia: ‘The Entire History of You’

Lur Albizu Etxetxipia

Duela dagoeneko aste batzuk, bi lagunekin egon nintzen bazkaltzen eta geroko hitz aspertuan. Ez dakit boladan dagoen edo gero eta gehiago agertzen den gure elkarrizketetan, baina etorkizuna trending topic bilakatu zaigula iruditzen zait: etorkizuna, ala, hobeki esanda, etorkizunik eza. No future. Ez dakit krisia bera ote den edo dagoeneko ezertan ez sinestera kondenatu nahi gaituzten.

Eta badator telesailen bonbardaketa iraunkor eta geldigaitz hori: ez dago etorkizunik. Guk erakutsiko dizuegu zer izanen den etorkizuna, distopien garaia da. Distopia edo guri distopia iruditzen zaizkigunak, auskalo zer daukagun zain.

Esaten nien oso zaila egiten zitzaidala imajinatzea nola biziko garen, eta kontu batzuk onartzea zailegia egiten zitzaidala. Ez nuela pentsatu ere egin nahi txipak gorputzean sartuko dituzten pertsonez (edo dagoeneko horretan ari direnez). Ez nuela onartuko, gure aurreko belaunaldiek beste kontu batzuk ulertzen ez dituzten moduan. Krak eginen zidala gorputzak, buruak eta bihotzak.

Haietako batek erantzun zidan ez zitzaiola hainbesterako iruditzen, beharbada jadanik gaur egun sakelako bat dugulako itsatsita soinean: poltsikoan, eskuan, sare sozialetan iltzaturik. Gure gorputzaren luzapen bilakatu zaigu.

Egia esan, mutu geratu nintzen. Nik banekien zeintzuk ziren nire mugak; eta horrelaxe esan zidan: bada, bueno, pentsa ezazu agian dagoeneko gaur bertan egiten ari garena ez dela hain diferentea. Zeharka sumatu nuen beste esaldi bat, oihartzun gisa: “Ez zara hain berezia, gauzak aldatuko dira, baina ja ez dira hain diferenteak”.

Eta duela egun batzuk Black Mirror telesaileko kapitulu bat ikusi genuen lagun batzuek elkarrekin. Txipak buru barruetan, irudiak etengabe: hartu oroitzapen hau, egin atzera, aurrera, begiratu berriz, ikusi zer esan duen ondokoak, nork begiratu duen nor eta nola. Ikusi eszena bera behin eta berriz, obsesiona zaitez, behar zenuen informazio gehigarria hartu (irudia hamaika aldiz ikusita, erotu arte), erabil ezazu hori guztia ondokoaren kontra, hark zure kontra erabili aurretik. Deskubritu itzazu gezur berriak, egia zaharrak. Senti ezazu dena ezabatzeko desira: kendu ezazu txipa. Edo ez: borratu oroitzapen hauek, ezabatu zure bizitza osoa. Umiliatu ezazu ondoan duzuna.

Gaixotu zaitez. Eta segi bueltaka: informazio guztia duzu buruan. Ez interpretatu, ez gogoratu: ez dago informazioa besterik. Jeloskor jarri zaitez eta indartu ezazu sentimendua: izorra itzazu besteak, izorra zaitez zu.

Ikusi eta berrikusi, jo sentimendu horretara behin eta berriz, ezer ez sentitu arte. Bildu argazkiak, eta berrikusi itzazu behin eta berriz: hilda zaudela ohartu arte.

Ez dakit txipak buruetan ezagutuko ditudan, ez dakit nola biziko garen eta nola bizi nahiko dugun: memoriarako, fantasiarako, akatsak egiteko eta asmatzeko tartea ez diezagutela kendu, bederen.

Argazkia: Black Mirror telesaileko The Entire History of You ataleko irudi bat.