Prekaritatea arrisku nagusi

Prekaritatea arrisku nagusi

Hobetzeko anitz bada Nafarroan lan osasunaren esparruan, administrazioak eta sindikatuek nabarmendu dutenez. Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak onartu du «aldaketa sakona» behar dela lan arriskuen prebentzioan. Istripuak %30 gehitu dira, 2012tik.

Edurne Elizondo

Atarrabiako bizilaguna zen, eta 61 urte zituen. Agoizko lantegi batean aritu zen gizona gauez lanean, eta, etxera itzultzeko, autoa hartu zuen. Ez zen ailegatu, baina. Bidean gelditu zen: autoarekin erreka batera erori, eta hil egin zen. Azaroaren 4an gertatu zen ezbeharra. Ez da bakarra: hamabost pertsona zendu dira herrialdean, lan istripu baten ondorioz, urtea hasi zenetik.

ELA sindikatuak emandako datua da hori. Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuaren arabera, berriz, hamar dira aurten lan istripuetan hildako langileak herrialdean, eta haietako bost zendu dira lanera bidean edo lanetik bueltan izandako auto ezbeharretan.

Datuak ez dira onak; ez sindikatuentzat, ezta administrazioarentzat ere. Adar anitz dituen auzia da lan osasunarena, baina batzuek eta bertzeak —sindikatuek eta administrazioak— zenbait auzi jarri nahi izan dituzte erdigunean; batetik, lan baldintzek lotura estua dutela lan osasunarekin, eta, ondorioz, prekaritatea dela arrisku nagusietako bat; bertzetik, prekaritateari bidea eman diotela 2010ean eta 2012an Espainian egindako lan erreformek; hirugarrenik, baliabideak behar direla prebentzioaren arloan eragin ahal izateko.

Aldatzeko beharra

“Aldaketa sakona behar da”. Horixe nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Lan Osasuneko Zerbitzuko buru Estrella Extramianak. Aldaketa, prebentzioaren esparruan, bai eta lan baldintzetan ere. 2017-2020rako lan osasunerako ekintza planaren emaitzak aurkeztu berri ditu Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak, Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluaren aurrean, eta hasi da hurrengo plana prestatzen.

Egitasmo horretan indarra jarri nahi dute, bertzeak bertze, arrisku psikosozialetan, laneko minbizian, lan istripuetan, eta muskuluetako eta hezurretako lesioetan. Lan esparruan ari diren eragile guztiak inplikatzeko beharra nabarmendu du Extramianak, gainera, enpresek duten erantzukizun nagusia ahaztu gabe. Extramianak garbi erran du administrazioak “kontrolatu” behar duela enpresek ardura hori betetzen duten.

Otsailean lan istripu bat gertatu zen Soraurengo Manipulados Ulzama enpresan. Langile bat hil zen. HITZA.

Horretarako, baina, baliabideak behar dira. Eta arlo horretan huts nabarmen bat dago. Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak onartu du, adibidez, 2017-2020ko plana garatzeko baliabide nahikorik ez duela izan. Sindikatuek ere hori salatu dute. “Enpresei doan ateratzen zaie prebentzioaren arloan egin beharrekoa ez egitea”, erran du LABeko lan osasuneko arduradun Ibon Zubielak. “Baliabiderik gabe, planak eta asmoak paper hutsa dira”, erantsi du ELAko Nafarroako lan osasunaren arloko kide Andoni Larraldek. Oroitu du lan istripuak %30 gehitu direla 2012. urtetik.

Lan gaixotasunak

Zubielak garbi du “paradigma bera” dela aldatu beharrekoa. Egungo sisteman, enpresek etekina dute lehentasun, eta horrek ekartzen du langileen baldintzek okerrera egitea. Lan harremanetan “oreka handiagoa” behar dela uste du Larraldek ere, eta irabazien gainetik langileen osasuna erdigunean jarri.

Heriotza eragiten duten istripuak dira lan osasunaren auziaren alderik gordinena. “Lanak hiltzen du”, erran du Zubielak. “Baina bai eta gaixotu ere”, erantsi duenez. Lanarekin lotutako gaixotasunen auzian ere anitz bada hobetzeko, sindikatuek nabarmendu dutenez.

Extramianak ere onartu du urratsak egiteko beharra, eta datu bat aipatu du egoeraren adierazgarri. “Institutuan ikerketa bat egin genuen lanaren ondoriozko minbiziari buruz, 2008tik 2012ra; denbora tarte horretan 800 kasu atzeman genituen. Erregistro ofizialetan, baina, zazpi baino ez zituzten onartu”.

Lan istriputan hildako langileen omenezko monumentua, Atarrabian. IÑIGO URIZ / FOKU

“Lan gaixotasunak ez dira aitortzen”, berretsi du Larraldek. Eta gaineratu du enpresek arlo pribatura jotzeko joera izateak ez duela laguntzen. Administrazioak zabaldutako bertze datu bat gogoratu du ELAko kideak. “Gaixotasun arruntengatik ematen dituzten gaixo agirien %45 lotuta daude lan baldintza kaskarrekin”. Salatu du pribatizazioaren eraginez enpresek langileen gaixoaldiak “kontrolatzen” dituztela. “Volkswagenek, adibidez, erabaki du bere ia 5.000 langileen kotizazioa mutualitate batera bideratzea”.

Egoera are okerragoa da buruko osasunaren esparruan. “Lan osasuna da lan harremanen esparruko ahatetxo itsusia, eta buruko osasuna, berriz, lan osasunaren esparrukoa”, aipatu du Zubielak. Nafarroako CCOOko ekintza sindikaleko eta lan osasuneko idazkari Alfredo Sanzek ere funtsezkotzat jo du lan gaixotasunen auzia, eta nabarmendu du pandemiak agerian utzi duela esku hartzeko beharra. “Lan baldintzarik okerrenak dituzten langileek dute istripu bat izateko edo gaixotzeko arriskurik handiena, eta emakumeek eta gazteek dituzte lan baldintzarik okerrenak”, kontatu du. Estrella Extramianak erantsi du Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak ere ikasi duela leziorik oraingo pandemia garaian: “Agerian gelditu da pandemiak berez prekarioak diren lan esparruak kolpatu dituela gogorren: zaintzena, aldi baterako enpresena, sasoiko langileena… Egoera aldatzeko beharra dugu”. Lan esparru horietan ari diren langileetako anitz migratzaileak ere badira.

Politika publikoen beharra

Langileen osasuna zaintzea enpresaren ardura da; administrazioak eta gainerako eragileek ere badute zer erran. Andoni Larraldek aipatu du agerikoa dela langileak antolatuta dauden eremuetan baldintzak hobeak direla, eta, ondorioz, langileen osasuna ere bai. Garbi erran du, halaber, administrazioak ere baduela eragiteko ahalmena, politika publikoen bidez.

Kritiko agertu da, ordea, jada Nafarroako Parlamentuaren esku diren 2022rako aurrekontu orokorren inguruan. “Agerian utzi dute administrazioak oraindik ez dituela bideratzen behar diren baliabideak lan osasunaren esparrura”, salatu du. Larraldek datu bat azpimarratu du: lan osasunaren arloko politika publikoek —amiantoa kentzeko plana, lan osasuneko ekintza plana, eta lan baldintzak hobetzeko diru laguntzak— 400.000 euroko saila dutela aurrekontuetan. “Prebentziorako lurralde ordezkariaren figura berreskuratzeko zehaztu duten kopuru bera, alegia. Figura hori, baina, ez da eraginkorra”.

CCOOko kide Alfredo Sanz ez da iritzi berekoa. “Zerbait egitea deus ez egitea baino eraginkorragoa da”. Larraldek berretsi du aldaketak eragiteko gaitasuna duten arloetara bideratu behar direla baliabideak. Are gehiago, baliabide horiek mugatuak badira. Lan baldintzetan eragin behar dela erran du, argi eta garbi.

Prekaritateari aurre egin behar zaio. Sindikatuek bat egin dute horretan. Bai eta Estrella Extramianak ere. Prekaritatea baita langileen osasunerako arrisku nagusia.

 

Datuak

1.600

ZENBAT ENPRESA BISITA TU DITUEN INSTITUTUAK Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Insti-tutuko teknikariek 1.600 enpresa bisitatu dituzte, 2017tik 2019ra bitarte, lan osasuneko planaren barruan; 550 obratan izan dira, gainera, eta eraikuntzako 300 lantegitan.

15

ZENBAT LAN IKUSKATZAILE DAUDEN NAFARROAN Espainiako Gobernuaren esku da lan ikuskaritzaren eskumena. Nafarroan hamabost ikuskatzaile daude; 285.000 lagun ari dira lanean, 35.000 enpresa edo lan zentrotan.

%90

ZENBAT KONTRATU DIREN ALDI BATERAKO Kontratazio berrien %90 baino gehiago aldi baterako dira, ELAren datuen arabera. 3.600 langilek hamabost kontratu baino gehiago dituzte urtean.

5.305

ZENBAT LAN ISTRIPU IZAN DIREN 2021EAN
Urteko lehen seihilekoan 5.305 lan istripu gertatu dira Nafarroan, haietako 36 larriak. Datu ofizialen arabera, hamar langile hil dira.

600

ZENBAT ORDEZKARI TREBATU DIREN 2017TIK Lan osasuneko ekintza planak 600 langile baino gehiago tre-batu ditu 2017tik, prebentziorako ordezkari izateko.