Udalak “euskara baztertu” duela salatu dute Barañainen

Udalak “euskara baztertu” duela salatu dute Barañainen

Udalak hizkuntza eskakizuna kendu die herriko hamahiru lanposturi. Zenbait herritar eta eragilek atzera egiteko eskatu diote.

Edurne Elizondo

Barañaingo zenbait herritarrek eta eragilek bat egin dute, eta herriko udalari eskatu diote atzera egin dezala “euskara baztertzeko” hartutako erabakian. Zehazki, Barañaingo Udalak 2021eko Lantalde Organikoa onartu du, eta hizkuntza eskakizuna kendu du hamahiru lanpostutan, Navarra Sumaren —alkatetza du— eta PSNren aldeko botoekin.

Apirilaren 29ko osoko bilkuran hartu zuen udalak neurri hori. Orain, herriko zenbait bizilagunek eta eragilek antolatzea erabaki dute, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. “Larritzat” jo dute euskara lanpostu publiko horietako eskakizunetatik kendu izana. “Herritarron eskubide bat da administrazioak gu euskaraz artatzea”, nabarmendu du Mintxo Astiz Barañaingo bizilagunak. Ezagutarazi du helegitea aurkeztu dutela udalaren erabakiaren aurka, Administrazio Gaietarako Auzitegian, eta erantzunaren zain daudela.

Lehen hitza, euskaraz

Barañaingo Udalaren jarrera salatu duten herritarrek agerraldi bat egin zuten jendaurrean, duela astebete. Udaleko talde politikoekin bilerak egiten ari dira, eta kanpaina bat hasi dute, gainera, ikus dadin prest direla euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko: Barañainen euskaraz bizi nahi dut leloa idatzita duten banderak jarri dituzte herriko balkoietan, eta herriko euskaldun guztiei eskatu diete lehenengo hitza euskaraz egin dezatela udal zerbitzuetan eta gainerako esparruetan.

Hain zuzen ere, Astizek gogoratu du Barañaingo 38 entitatek Bai Euskarari Ziurtagiria jaso dutela aurten. “Udalak sustatzen du egitasmo hori, baina, aldi berean, euskaldunon eskubideak urratzen ditu”.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku