CNTk Mari Luz Lozano liburutegi anarkista sortu du, Iruñeko Hilarion Eslava kaleko bere egoitzan. 1913an jaio zen Lozano, eta sindikatu horretako kide izan zen. 2003an hil zen.
Edurne Elizondo
Denborak ohartu gabe egiten dio aurrera Mariela Diaz Tapiari, institutu bateko bi gazteren aurrean anarkismoaren inguruko azalpenak ematen dituen bitartean. Lan baterako laguntza bila joan zaizkio ikasleak, eta Iruñeko CNTk Hilarion Eslava karrikako bere egoitzan ireki berri duen liburutegian hartu ditu.
“Toki bizi bat izatea nahi dugu; CNTren aspaldiko asmoa zen liburutegi anarkista bat sortzea, eta, azkenean, lortu dugu”. Poza sumatzen zaio Diaz Tapiari hitzetan. Urriaren 30ean aurkeztu zuten proiektu berria jendaurrean, eta geroztik martxan dira. Astearte eta ostegun arratsaldez da liburutegia zabalik —18:00etatik 20:00etara—, eta larunbat goizetan. 2.000 liburu inguru jaso dituzte Iruñeko Alde Zaharreko egoitzako apalategietan. Mari Luz Lozano anarkistaren izena jarri diote, emakume horren borroka oroitzeko eta omentzeko.
Borroka eta bide ezezaguna izan da Lozanorena orain arte, hein handi batean. Izan ere, 1936ko gerra bukatu eta diktadura ezarri zutenean, bere iraganari buruzko arrasto oro isilpean gorde zuen Lozanok —semeari izena eta abizena aldatu zizkion, bertzeak bertze—, errepresio gehiagoren beldur, eta haren familiak Lozano hil eta gero baino ez du jakin CNT sindikatuko kide eta ekintzaile anarkista eta antifaxista bat izan zela urte luzez sukaldari lanetan aritu zen emakumea.
Familia anarkista
1913. urtean sortu zen Mari Luz Lozano, Zangozan. “Familia anarkista batean hazi zen; aita, Martin Lozano, Zangozako anarkista ezagun bat zen; familiako bertze kide anitz ere ziren CNTko kide”, erran du Diaz Tapiak. 1936an, altxamendu militarra gertatu zenean, Mari Luz Lozanoren aita Martin atxilotu egin zuten; urte bereko abenduaren 3an fusilatu omen zuten, Zaragozako (Espainia) Torreroko espetxean. “Garai hartan, 25 kide inguru zituen CNTk Zangozan; haietako hemezortzi fusilatu zituzten. Haietako seiri buruz ez da inolako arrastorik; ezta agiri bakar bat ere haien heriotzari buruz; existitu izan ez balira bezala”, kontatu du CNTkoak, saminez.
Mari Luz Lozanoren gisako emakumeek egindako bideari buruzko argibideak aurkitzea ere ez da lan erraza. “Ezkutuan gelditu zaizkigu. Oraindik ere, frankismoaren egunerokoan emakumeek egindako lanari buruz deus gutxi dakigu. Gizonak fusilatu zituzten, baina emakumeok etxean gelditu ziren, familiaren zama haien bizkar”.
Mari Luz Lozanok Jose Ojer zuen bikotekide; Santiago Ojer izeneko semea izan zuten. Ojer 1936an fusilatu zuten, eta Lozano bakarrik gelditu zen semearekin. “Gerrako urteetan egin zuenaz informaziorik ez dugu”, azaldu du Mariela Diaz Tapiak. Haurra Ojerren familiarekin utzi zuen. “Zaragozan eta Bartzelonan izan zen, eta muga ere zeharkatu zuen; baliteke gerran parte hartu izana”. Gerra amaituta, Nafarroara itzuli, eta Iruñean gelditu zen.
Herentzia baten bidez
“Beti aritu zen lanean. Semea auto istripu batean hil zitzaion, eta haren hiru alabak zaintzen lagundu zion haurren amari; etxean hartu zituen denak”. Lozanoren bilobek duela bost urte jakin zuten CNTko kidearen iraganaren berri. “Jose Ojerrek haur bat izan zuen bertze emakume batekin, Mari Luz ezagutu baino lehen; haren aldetik herentzia baten berri emateko deitu zietenean hasi ziren iragana ikertzen senideak”, kontatu du Diaz Tapiak.
Lozanok inoiz ez zuen deus erran. “Emakume langilea izan zen, eta independentea. Ez zuen bete bere garaian emakumeei egokitutako rola”. Gerrak utzitako beldurra, baina, ez zuen inoiz galdu. 2003an zendu zen. “CNTko kide izan zeneko garaiko argazkiak zituen etxean gordeta”.
Diaz Tapia erabat murgildu da Mari Luz Lozanoren bidea argitzeko lan horretan. “Gisa horretako erreferentziak behar ditugu”. Horretan lagundu nahi du Mari Luz Lozano liburutegi anarkistak, Iruñeko Hilarion Eslava karrikako 11. zenbakitik.