Uraren kudeaketarena «gatazkaz» betetako historia bat da Nafarroan, auzi horri buruz Iruñean egindako mahai inguru batean zenbait adituk nabarmendu dutenez. Itoitz-Nafarroako ubidea binomioa jo dute «gutxi batzuen mesederako» sustatutako politika publikoen eredu nagusitzat.
Edurne Elizondo
Amarru hutsa”. Horixe dira Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea, Urbiziko kide eta uraren arloko aditu Charo Brinquisen hitzetan. Noaingo batailaren 500. urteurrena oroitzeko bat egin duten kolektiboek Iruñean antolatutako mahai inguru batean parte hartu du, Urbiziko Belen Ausejorekin eta Iruñerriko Mankomunitateko presidente David Campionekin batera. Uraren kudeaketaz aritu dira, eta Brinquisek garbi erran du “interes orokorraren izenean, gutxi batzuen mesederako politika publikoak” daudela Nafarroan.
Itoizko urtegia eta urtegiko ura garraiatzeko eraikitako Nafarroako ubidea dira herrialdean azken hamarkadetan garatutako uraren inguruko politika publiko horien “eredu nagusia”. “Gezurretan ari ziren Itoitz behar genuela erraten zigutenean, eta gezur hori agerian gelditu da”, berretsi du Brinquisek.
Urbiziko kideak oroitu du Espainiako eta Nafarroako gobernuek behin eta berriz adierazi zutela Itoitz “behar” zela Iruñean txorrotako ura bermatzeko. Egun, Iruñerriko Mankomunitateak gastatzen duen uraren %10 baino ez da Itoizkoa. Udan hartzen du, Artetako uraren mailak behera egiten duenean. “Nekazari gutxi batzuen esku dauden arto transgenikoa eta alpapa ureztatzeko erabiltzen ari dira Itoizko ura; animaliei jaten emateko ekoizten dute arto eta alpapa hori”, zehaztu du Brinquisek.
Nafarroako Gobernuak “ezinbertzean” herrialdearen garapenarekin lotu zuen proiektuak, beraz, ez die mesederik egin herritarrei. “Alderantziz; proiektuak eragindako zorra ordaintzen ari gara oraindik”, erantsi du Brinquisek. Ez hori bakarrik: “Nafarroako Gobernuak segitzen du Itoitz eta Nafarroako ubidea herrialdea garatzeko eta antolatzeko ezinbertzeko azpiegitura gisa saltzen”.
Ubidearen zorra
Nafarroako ubidearen lehendabiziko fasea amaitu eta gero, fase hori zabaltzeari ekin zion Nafarroako Gobernuak, hain zuzen, eta bigarrena egiteko konpromisoa ere berretsi du. Uxue Barkosen aurreko legegintzaldiko gobernuak bigarren fase horren proiektua moldatu zuen, baina ez zuen bazter utzi, eta Maria Txibite egungo Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere hitzeman du aurrera segituko duela
Espainiako eta Nafarroako gobernuek Canasa enpresa publikoa sortu zuten Nafarroako ubidea eraikitzeko eta kudeatzeko. “Zorrez betetako enpresa bat da; urtero, milioiak eta milioiak ematen dizkio administrazioak, hondoratu ez dadin”, nabarmendu du Urbiziko kideak.
Nafarroako ubideak ura eramaten du Itoiztik nekazariek beren lursailak dituzten eremuetara; ura hegoalderantz garraiatzeko hodi nagusia da, nolabait erranda. Ur horrek, baina, lursailetara ailegatu behar du, eta, horretarako, lurzatiak bildu behar dira, behar den azpiegitura eraiki, eta kontsumitzen den ura neurtzeko gailuak jarri. “Lan hori enpresa pribatuen esku gelditu zen, kontzesio bidez”, kontatu du Brinquisek.
Lehen zatiko lan horien ardura nagusia Aguas de Barcelona enpresak hartu zuen. 30 urterako kontzesioa lortu zuen. “Nafarroako Gobernuak itzalpeko ordainsariaren sistema ezarri zuen, eta, ondorioz, urtero, enpresa pribatu horiek nekazariei ematen dieten ur litro bakoitzeko kanon bat ordaintzen du. Horrek ekarri du nekazaritzarako aurrekontuen zati handi bat enpresa horientzat bideratzea urtero”.
Urbiziko kideak aipatu du Aguas de Barcelonak putre funts baten esku utzi duela Nafarroako ubidearen lehen zati horretan zuen parte hartzea, eta lehen zatia handitzeko eremuan ere Australiako funts batek kudeatzen duela %65.
“Itoitzekin eta Nafarroako ubidearekin, ureztatzeko sistema tradizionalak suntsitu dituzte; nekazari handien esku gelditu da lurra, eta ibaiak ia hil arte esplotatu dituzte”, erran du Brinquisek uraren arloko Nafarroako politikei buruz.
Esako urtegia eta bertze
Itoitz da politika publiko “suntsitzaileen” eredu nagusia; baina ez da bakarra. Horixe gogoratu du Brinquisek. Esako urtegia handitzeko lanak gogor salatu ditu, eta salatu du, halaber, “natura neurririk gabe ustiatzeko politikek” ekosistemak hondatu eta ura eta lurra kutsatu dituztela. Caparrosokoaren gisako haztegi handiek —7.000 behi baino gehiago esplotatzeko baimena du— arazo hori “larriagotu” dutela erantsi du.
Urbiziko Belen Ausejok bat egin du Brinquis kidearekin, eta erdigunean jarri nahi izan ditu, gainera, Nafarroan uraren arloan egondako gatazkek kalte egindako herritarrak; uraren inguruko politikek ondorio sozialak ere izan baitituzte. Itoizko urtegiak azpian hartutako herriak gogoratu dituzte mahai inguruan, bertzeak bertze. “Uraren kudeaketarena gatazkez betetako historia bat da Nafarroan; herritarrok administrazioa izan dugu aurrean gatazka horietan, denon hobe beharrez jokatu beharrean, gutxi batzuen interesen alde egin duelako”, erran du Ausejok.
Urbiziko kideek argi dute uraren arloko politikak aldatzeko ordua dela, are gehiago egungo klima aldaketako jokalekuan. Iruñerriko Mankomunitateko presidente David Campionek ere onartu du erakunde horrek baduela egungo jokalekura moldatzeko beharra.
Gaur egun, Iruñeko ur hornidurak “hiru oin” dituela azaldu du mankomunitateko buruak: Arteta, Eugi eta Itoitz. Hiriak 1890eko hamarkadatik jasotzen du Artetako ura. Eugiko urtegia, berriz, 1970ean egin zuten, udan zeuden arazoei aurre egiteko, batez ere.
Egun, Artetakoa da, oraindik, iturri nagusia. “Handik hartzen dugu kontsumitzen dugun uraren %60; Eugitik, berriz, %40”. Kopuru hori aldatu egiten da uda garaian. Orduan, Artetako uraren mailak behera egiten ohi du, eta Iruñerriko Mankomunitateak Itoizko ura baliatzen du. “Kontsumitzen den ur guztiaren %10 inguru da urtegi horretakoa”
Iruñerriko Mankomunitateari, halere, ez zaio merke ateratzen Itoizko ura. Izan ere, ur hori hartzeko eskubidea izateko milioi bat euroko kanona ordaintzen du urtero; horretaz gain, kontsumitzen duen ura ordaintzen du. “50.000 euro inguru”, azaldu du David Campionek.
Hondakinen auzia
Uraren arloko politikek ur ekosistemetan kutsadura eragin dutela ere nabarmendu dute Iruñean egindako mahai inguruan. Ubideak ekarri dituen laborantza mota “teknifikatuek” eragin dute kutsadura handitzea, Charo Brinquisek salatu duenez. Ubideak sustatutako laborantza mota horrek lotura zuzena du haztegi handiekin, Urbiziko kideak erantsi duenez.
Caparrosokoan arazoa are larriagoa da; izan ere, haztegiak inguruko akuifero eta ibaietan kutsadura eragiten du, eta, horrez gain, azpiegitura horretan kanpotik eramaten dituzten hondakinak hartzen dituen biometanizazio planta bat ere badute.
Planta horretara eramaten dituzte Iruñerriko Mankomunitateko hondakin organikoak, bertzeak bertze. Mahai inguruan entzule moduan parte hartu duten herritarrek horren inguruko kezka agertu diote erakundeko presidente David Campioni. Bertzeak bertze, gogoratu diote enpresak hamaika salaketa jaso dituela eragiten duen kutsaduragatik eta baimendutakoa baino hondakin gehiago jasotzeagatik. Campionek erantzun du zabor organikoa Caparrosora —eta Artaxoako bertze planta batera— eraman “bertze erremediorik ez” dutela, hondakin horiek kudeatzeko azpiegiturarik ez dutelako.
Iruñerriko Mankomunitateak hondakinak kudeatzeko duen moduak askotariko iritziak eragin ditu solasaldiko entzuleen artean. Tartean izan da Sustrai Erakuntza fundazioko Pablo Lorente, eta gogor kritikatu du mankomunitateak zaborra hartzeko planta handi bat eraikitzeko duen proiektua. Imarkoainen eginen lukete. Campionek azaldu du Iruñearen gisako hiri batean “ezinezkoa” dela zabor hori planta txikien bidez kudeatzea. “50 beharko genituzke, eta inork ez du nahi horrelako bat bere herrian”.
Campionek onartu du, halere, zehaztu gabeko auzi anitz badirela Iruñerriko Mankomunitateko hondakinen arloan. Agerian gelditu da mankomunitateak ez dakiela zer egin zaborrarekin, neurri handi batean.
Sustrai Erakuntza fundaziokoek salatu dute uraren arloan bezala hondakinen alorrean ere pribatizazioaren mehatxuak ekartzen duela herritarren mesederako egin beharreko politikak gutxi batzuen interesen aldeko neurri bilakatzea.
Ura herritar guztientzako baliabide bat baino gehiago dela oroitu eta nabarmendu dute Urbiziko kideek, eta “ezinbertzekoa” dela izaki bizidunek irauteko. Ideia hori ardatz duten politikak eskatu dizkiote administrazioari, gatazken ordez.
Goiko argazkia: Jagoba Manterola / Foku