Olatz Azpirotz Larzabal
Artile, galtzetin luze eta bota artean gabiltza jada. Tenperatura jaisten dabil. Beste urte bat. Beste zenbait hilabete. Fularra lepoan. Pasatuko da. Asteotan arroparen loditasuna eta testura orokortu dira. Guztiok daukagu hotza kalean. Ordea, etxeko espazio murriztu eta intimitatean, egoera ezberdina da; ez daukagu hotza edo epeltasuna igarotzea erabakitzeko askatasunik. Batzuetan etxeko hotza jasangarria egiten zaigu. Kaleko galtzetinak kendu eta lodiago batzuk jarri. Etzan edo eseri eta espazioa berotuko ez duen energia botatzeari ekiten diogu; gizakiok, gorputzeko energia, besteak beste, berotasunaren formarekin botatzen dugu. Etxean etzanda gaudelarik gutxi gorabehera 83W botatzen ditugu. Baina hori ez da aski. Galtzetinak igo eta kamiseta praka barrutik sartu.
Tenperatura ezberdinak jasatera ohitu eta behartu gaituzte. Tenperaturaren morroi gara. Jasangarritasun joera berbera ikusi dut harremanetan. Harreman bakoitzak kolore eta izaera bat duen gisara, berezko tenperatura ere dauka. Harremanak osatzen dituzten pertsonen arteko lotura lodia izanda ere, berotasunaren edo hoztasunaren errefortzua du. Lotura bermatzeko balio du. Lotura astun bihurtzen du. Ezin daiteke saltorik, txiri-bueltarik eta ihes egin azala izoztuta edo erreta daukazunean. Gorputzaren gihar egiturak ahalbidetzen dizkigun mugimendu moten katalogoa murrizten zaigu eta askotan, geldi egotea da guretzat erosoena.
Halere, erosotasun momentuak ditugun beharren eta nahien araberakoa da. Horregatik askotan, erosotasun horrek iraungipen-data du. Beranduegi denean, akaso, hasten gara tenperatura horiek ekiditeko saiakeretan. Errazena, baina, era berean, neketsuak diren mugimendu fisikoekin. Hoztasunetik eta berotasunetik aldentzeak epe motzeko efektu plazeboa du gurean.
Urruntzen gara, baina izotzak bertan jarraitzen du. Urruntzen gara, baina beroak hor jarraitzen du. Hortaz, sentsazioak neutraltzeko partaide diren bi pertsonen urrunketa beharrezkoa izaten da, eta hori zaila da. Suak bere bidea erabakitzen du, eta bideetako askok daramate bestearengana, hain zuzen.
Harremanak mantentzeko, lotura berriak asmatzeko, eraikitzeko eta sortzeko sasoia dugu. Sasoia da beroak sutea sortzea ekiditeko. Sasoia da izozteak dakarren mugimendurik ezari planto egiteko. Zaila da. Ordea, izozteak sortzen duen ur bera erabili dezakegu sua apaldu eta itzaltzeko, eta, era berean, sua izotza urtzeko. Oreka kontua omen da, eta nahiz oreka lortzea zaila izan, bete daitekeen helburu bat da. Horregatik, oreka lortu eta gure arteko espazioa suntsitzen duen horri amaiera eman diezaiogun, zorua errekuperatu eta belarra has dadin. Gure harremanek, udaberria aurreratuz, urtaroen erritmotik ihes egin dezaten.
Bitarterako, oraingo honetan, armairuko tiraderetan ditugun artilezko galtzetinak eta berokiak erabili ditzakegu.