Euskaltzaindiak XXVI. Jagon jardunaldia egin du Iruñean, euskarak hezkuntzan duen egoera ardatz hartuta. Eleaniztasuna kudeatzeko bideak landu dituzte, besteak beste.
Edurne Elizondo
Erdigunean”. Halaxe egon behar du euskarak hezkuntzan, D ereduaren bidez, ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko. Hori nabarmendu dute Lizarra ikastolako hizkuntza proiektuko arduradun Maider Etxanizek, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Ataleko kide Marisa Zubirik eta Maite Gorospek. Euskaltzaindiak Iruñeko Kondestablearen jauregian egindako XXVI. Jagon jardunaldian parte hartu dute, ikastetxeetan eleaniztasuna nola kudeatzen ari diren azaltzeko.
Jardunaldiak jorratu nahi izan du euskara zer egoeratan dagoen Nafarroako hezkuntzan, bai eta zer-nolako erronkari aurre egin behar dion ere. Eleaniztasunarena da erronka horietako bat. Lizarrako ikastolak bere esperientzia zabaldu du, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kideek sare publikoan egiten ari diren urratsen berri eman dute.
Anitz dira Etxanizek, Zubirik eta Gorospek nabarmendutako elementu komunak; nagusia, euskara jarri dutela erdigunean, xede baitute “euskaran ardaztutako hiztun eleaniztunak” heztea. Horretarako, Lizarrako ikastolako Maider Etxanizek garbi erran du “funtsezkoa” dela kontuan hartzea xede nagusia dela euskararen normalizazioa lortzea, oraindik ere.
Diagnostikoa
Lizarra ikastolak 2002an egin zuen bat Euskal Herriko ikastolek bultzatutako hizkuntza proiektuarekin, baina ordurako zenbait urrats eginak zituztela oroitu du Etxanizek: “1990ean, ikastolak hogei urteko bidea egina zuenean, ingelesa sartu genuen laugarren mailatik aurrera; 2002an, berriz, frantsesa derrigorrezko laugarren hizkuntza bilakatu genuen DBHn”.
2002an, gainera, hizkuntza proiektua garatzeko bidean, hausnarketa prozesu bat egin zuten, eta diagnostiko bat osatu zuten, paperak jasoko zuen hizkuntza proiekturako ahulguneak eta indarguneak zehazteko asmoz. Ardatz nagusietako batzuk izan dira nabarmentzea hizkuntza proiektuak eskola osoari eragiten diola, eta, ondorioz, eskola osoaren inplikazioa behar duela; arlo guztietako irakasle guztiak direla hizkuntza irakasle; eta hizkuntza guztiek osatzen dutela hizkuntza proiektua, euskarak duen nagusitasuna eta “funtsezko” rola ahaztu gabe.
Etxanizek azaldu du hizkuntza proiektua garatzeko bidean “zailtasunak” aurkitu dituztela, eta nagusietako bat dela arlo guztietako irakasleek “sinestea” hizkuntza irakasleak direla. Erantsi du, halere, “hizkuntzari buruzko ikuspuntu bateratua” lortu dutela. “Ez da erraza, baina ari gara”.
Ikastetxeak lagundu
D ereduko ikastetxe publikoen arloan ere ari dira urratsak egiten. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Ataleko adituak ari dira ikastetxeekin hizkuntza proiektua prestatzen. Oinarria “euskara indartzea” dela garbi du Zubirik; “eta, batez ere, euskararen erabilera sendotu behar dugu. Eta, hori bermatuta, beste hizkuntzak menperatzeko tresnak garatu”.
Berretsi du euskarari eman behar zaiola lehentasuna ikastetxean eta komunitatean. “Hizkuntza gutxituari”, alegia. “Hori behar da eleaniztasun positibo eta aberasgarri bat lortzeko”, erantsi du Zubirik.
Hizkuntzen arteko koordinazioa “funtsezkotzat” jo dute Hezkuntza Departamentuko adituek ere, eta esan dute bide horretan pausoak eman nahi dituela ikastetxez ikastetxe zentro bakoitzeko hizkuntza proiektuak. 2018-2019ko ikasturtean hasi ziren lanean, prozesu osoa arautzen duen 2019ko dekretuari jarraituz. Gobernuak, bertzeak bertze, formakuntza eskaintzen die ikastetxeetako arduradunei.
Zailtasunak zailtasun, erronkek “aukerak” ere ekartzen dituztela azaldu du Maite Gorospek, eta bat nabarmendu du guztien artean: “Ikasle migratzaileak D eredura erakartzea”. Gorospek oroitu du Soziolinguistika Klusterrak Migrazioa eta harrera linguistikoa izeneko jardunaldia antolatu zuela duela hiru aste. Jardunaldi horretan, Huheziko irakasle Amelia Barquinek zenbait galdera bota zituen, eta bere egin ditu Gorospek ere: “Nola egin familia horiena ez den hizkuntza batean eta hegemonikoa ez den hizkuntza batean haurrak eskolatzeko? Zer harrera linguistiko egiten zaie familia horiei? Zer mezu bidaltzen diegu? Guk ere kezka hori dugu: nola erakarri euskarara kanpotik datozen familiak eta haurrak”.