Iritzia: Oroimenaren lapikoa

Iritzia: Oroimenaren lapikoa

Lohizune Amatria

Oroimenaren lapikoa, tantaz tanta, muxu pilaz zein mila minez betetzen da bihotzean. Dani Martirena eta Ana Ibañez, 2020.

Karmen kalean bizi zen nire aitonetako bat. Hark esana dakit Mola familia ere Alde Zaharreko kale horietan bizi zela, hitzen bat gurutzatu zuela herriaren aurka altxatu zen jeneralaren semearekin. Hark errana dakit zenbaterainokoa zen gerraosteko gosea, nola banandu zituen kolpeak familiak, zer diren anaien arteko benetako liskarrak.

Gogoan dut aitona, haren besaulki etzangarrian, niri begira, baina begirada iraganean galduta. Tarteka pozik, negarrez bestetan. Askatasuna institutuko Batxilergoko lehen mailako Mikel Ozkoidi historia irakasleak bidali ninduen aitonarenera. Ikasteko tresnarik baliagarrienetako bat ikusarazi zidan: dakitenek esateko dutena entzutea, ezagutu nahi dugunari buruz galdetzea. Gurasoek horretarako propio erositako lehen grabagailuarekin joan nintzen aitonaren etxera, urduri, oroitzapenak lapurtzera joan izan banintz bezala.

“Sekretuak ezin direla lau haizetara hedatu”, idatzi dute Dani Martirenak eta Ana Ibañezek Amonarenean kea (Liburu Iletsuak, 2020) album ilustratu ederrean. Baina “sekretuak ezin direla betiko ezkutatu”, kontatu daitezkeela, baldintza batekin: “Sekretuaren jabeak baimena ematen badu”. Aitonak baimena eman zidan; itzuli nintzen harenera sekretu bila. Sekretu denak, baina, ez dira era berean begiztatzen ahal. Aitonak min sakonik sentitu gabe hitz egiten ikasi zuen. Badira hutsune zenbait norbere buruari ere baimenik ematen ez diotenak horretarako.

Amak esana dakit ez duela ongi gogoan nolakoa izan zen haren anaia Mikel Zabalzaren hileta, auto eta traktore ilara luzea pasatu omen zela etxe ataritik; baina anai-arrebek esana dakiela. Amak esana dakit horrek sortzen diola minik sakonena. Dolua, denbora, mamuak. Hutsuneak. Bihotzeko minak oroitzapenak ezabatu zizkion, gaur 36 urte.

Oroitzapenen lapikoa diraki egunotan, Orbaizetako Olan. Igandean da oroimen ekitaldia, eta ezagutzen ez dudan osaba izanen da gure pentsamenduen artean. Galdera gutxi izanen dira segur aski, baina, elkarren artekoak, bihotza norbere eta besteen minez betetzen zaigunean, zaila baita sekretuez aritzea. Galderak egitea. Hitz eginaraztea. Are gehiago erantzunak falta direnean, mina erabat ulertzeko.

Gogoan dut ama galderak erantzuteko gogoz; eta, bien artean, ni urdurien, haren minean arakatzera nindoalako. Oraindik ez nuen erabat barneratuta antza irakaslearen lezioa, eta Miguel Angel Llamas Pitu eta Amaia Merino Non dago Mikel? dokumentalaren egileek bultzatu ninduten horretara. Arte adierazpideak memoria egiteko (ere) baliagarriak direla irakatsi didate, eta pozarren naiz zutabean aipaturiko bi lanak Memoriadun Eskolak hezkuntza-programaren parte (izan) direlako. Egungo ikasleek lehenago, sakonago eta bareago eginen dute memoria.