30 langile daude lantaldean. Greba hasi zuten azaroaren 4an, baina enpresak ixtea erabaki zuen berehala. Cirmautoko agintariek prozesuan izandako jarrera salatu du ELAk.
Edurne Elizondo
Cirmauto enpresak berretsi egin ditu urrian ezagutarazi zituen asmoak, eta langileei jakinarazi die ateak itxi eginen dituela. Zehazki, azaroaren 23an, enpresak ELAko ordezkariei azaldu zien abenduaren 11 eta 15a bitartean ia lantalde osoa kaleratuko duela. 30 lagun ari dira Cordovillako auto kontzesionarioan; 25 hil honetan kaleratuko dituzte, eta gainerako bostak urtarrilaren 31ra bitarte geldituko dira, enpresa behin betiko ixteko behar diren lanak bukatzen.
“Langileei, zuzenean, oraindik ez diete deus erran”, azaldu zuen ELAko kide Carlos Sarasak, joan den ostiralean. Sarasak gogor salatu du Cirmautoko agintarien jarrera, eta “tamalgarritzat” jo du orain arteko prozesua. Izan ere, urriaren amaieran enpresak ixteko asmoa zuela jakin eta gero, langileek greba mugagabea hasi zuten, azaroaren 4an. “Bi egun baino ez zuen iraun, ordea, enpresak ixtea erabaki baitzuen”. “Nafarroako Gobernuari dagokio zehaztea ugazaben itxiera legezkoa ote den, eta erantzun baten zain gaude oraindik”.
Enpresaren erabakiak urratu egin du langileen grebarako eskubidea, Sarasaren ustez, ELAko kideak garbi baitu Cirmauton ugazaben itxiera ezartzeko “arrazoirik ez” zela. Gainera, hark salatu du enpresak kontzesionarioko tailerra ireki zuela, azaroaren 19an, eta, gero, berriz itxi zuela, biharamunean, azaroaren 20an. “Kontzesionarioa husteko ireki zuten, berriz ere”, erran du. Erantsi du enpresak ez ziela horren berri eman langileei.
Sektorea, gatazkan
Cirmautoko agintariek “arrazoi ekonomikoak” aipatu dituzte enpresa ixtea erabakitzeko. Sarasak garbi du “aitzakia hutsa” direla arrazoi horiek. “Urtean zortzi milioi euro inguru irabazi izan ditu enpresak”. Pandemiarekin, behera egin zuten 2020ko irabaziek. Sarasak onartu du egoerak autoen salmentei eragin diela, baina ez tailerrari.
Autoak konpontzeko tailerretan 3.000 langile inguru ari dira Nafarroan, eta Cirmautokoa ez da izan aurtengo lan gatazka bakarra. Ekainean, bost eguneko greba egin zuten, “lan hitzarmen duin baten alde”. Sarasak gogoratu du sektore horretako langileak “hitzarmenik gabe” egon direla zenbait urtez. 2016an berritzea lortu zuten, baina 2018ra arte bakarrik. “Geroztik, hitzarmenik gabe gaude; zenbait bilera egin ditugu patronalarekin, baina ez dugu deus lortu”, azaldu du ELA sindikatuko kideak. Azkena, hain zuzen, asteartean egin zuten, baina ez dute lortu aurrera egitea.