Bidasoko Ospitaleko ebakuntza gelak hemezortzi hilabetez itxiko dituzte berritzeko. Han artatzen dituzte Bortzirietako herritarrak, eta haserrea eragin die erabakiak.
Ainhoa Larretxea Agirre
Eztabaida piztu du Hondarribiko (Gipuzkoa) Bidasoko Ospitaleko ebakuntza gelak berritzeko proiektuak. Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) biztanleak artatzeko guneaz gain, Bortzirietako herritarren erreferentziazko gune ere bada Bidasoko Ospitalea; denera, 90.000 biztanleko eremua hartzen du.
Egun dauden ebakuntza gelak zaharkituta daude, eta berritzeko lanak hasiko dituzte martxoan. Berritu bitartean, ordea, jarduera kirurgiko guztia bertatik Donostiara lekualdatuko dute: aitzinetik programatutako ebakuntzak Donostiako Onkologikora eta premiazko ebakuntzak Donostia Ospitalera. Datorren urteko martxoan hasi, eta hemezortzi hilabetez izanen dira lanak; denbora tarte horretan, beraz, ez da jarduera kirurgikorik izanen Hondarribian, eta Bortzirietako herritarrek Donostiara joan beharko dute, ebakuntzarik bada.
Herritarren eta langileen kexak piztu ditu Osakidetzak harturiko erabakiak. Ez ebakuntza gelak moldatzeko erabakiak; bai, ordea, hori egiteko erabilitako moduak. Langileek salatu dute ez dutela beren iritzia kontuan hartu plana egiteko orduan, eta informazioa falta zaiela. Ainara Amoros Bidasoko Ospitaleko kirurgia unitateko erizainak kontatu duenez, uda bukaeran jaso zuten berria: “Ofizialki, abuztu bukaeran zuzendaritzak mezu bat bidali zigun obrak egin behar zirela erranez, martxoan hasiko zirela, eta, berriztapen lanak egin bitartean, hemezortzi hilabetez aktibitate kirurgiko guztia Onkologikora lekualdatuko zela. Hori da orain arte jaso dugun informazioa”. Horren gibelean inolako planik ez dagoela nabarmendu du Amorosek: “Onkologikoan ez dakigu operatzeko zer tarte izango dugun, Donostia Ospitalera bidali beharko ditugun pazienteak… Hori dena airean dago. Ez daukagu inolako informaziorik”.
Onkologikora lekualdatuko dute jarduna, baina egun ospitale horrek ebakuntzak egiteko gutxieneko baldintzak ez dituela betetzen salatu du Amorosek: “Han obra bat egin behar dute erreanimazio unitate bat egiteko, orain ez dagoelako. Laborategirik ere ez dago, esterilizazio zerbitzurik ere ez, eta ez da izanen. Hori erran digute. Material dena Irunera ekarri beharko litzateke, eta, kirurgiaren arabera, berriz ere Donostiara eraman. Operazio batean ezusteko aunitz izaten ahal dira, materialaren esterilizaziorik ez izatea, adibidez, gaizki pasatzeko moduko gauza bat izaten ahal da”, nabarmendu du.
Onkologikoa prestatua ez egoteaz gain, aldaketak pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen ahal duela uste du Amorosek: “Pazienteak Irundik anbulantziaz eraman beharko dira; hori pazienteentzat arriskutsua izan daiteke, eta, gainera, anbulantziak ezin dira taxi gisa erabili. Pazienteei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea aldatuko da eta segurtasunean ere eragina izanen luke”, salatu du.
Aitor Elexpuru Berako alkateak harriduraz jaso du Osakidetzak harturiko erabakia, eta onartu du erabat “jokoz kanpo” harrapatu dituela. Kexu da Osakidetzak ez dielako lan horien berri eman, eta kanpotik enteratu direlako: “Niri Irungo herritar batzuek erran zidaten, erabakiaren kontrako plataforma bat sortzekotan zirela eta ea guk ere bat egingo genuen beraiekin. Ofizialki, inork ez digu deus ere esan”, adierazi du. Erabakiak herritarrengan izan ditzakeen ondorioek kezkatzen dute Elexpuru: “Jendearen bizitza arriskuan egon daiteke; ez da gauza bera larrialdi batean Irunera edo Donostiara joatea. Irunen artatua izan, eta gero handik Donostiara joan behar izatea”.
Handitzeko beharra
Egun lau ebakuntza gela daude, eta, lanen bidez, oraingoak berritu eta bertze bi egitea da asmoa, sei denera. Baina Amorosek uste du horrek ez duela ospitaleko arazoa konponduko, ospitalea txiki gelditzen ari delako: “Eraikin bat aparte egitea eskatzen dugu, eta, obrak egiten ari diren bitartean, guk operatzen jarraitzea gaur egungo kalitate eta segurtasun berarekin”. Jaso duten erantzuna, ordea, ezezkoa da: “Erantzuna da hori garestiegia dela, eta ezin dela. Baina ez digute aurrekonturik eman, ez dugu ikusi”.
Lanak bukatzean, gainera, Oiartzungo, Lezoko eta Errenteriako (Gipuzkoa) biztanleak ere artatu beharko dituzte, eta leku aldetik eskas ibiliko direla uste du erizainak: “Ez dugu horrelako obra bat nahi gero segidan txikia geratuko den gauza bat egiteko. Jende gehiago artatu beharko dugu, eta ez dago lekurik”.
Iritzi berekoa da Elexpuru: “Ezin da onartu planteatzen dutena bertako langileen iritzia kontuan hartu gabe. Egokiena litzateke ospitalea bera handitzea. Biztanle gehiago artatu behar badituzte inbertsio integral bat egin beharko litzateke handitzeko. Hori litzateke epe luzerako ikuspegi batekin egitea”.
Osakidetzaren erabakiaren kontra karrikara aterako dira larunbatean. Hainbat herritarrek —tartean Bortzirietako jendea— Osasun Bidasoa izeneko plataforma sortu dute, eta biharko manifestaziora deitu dute Irungo San Juan plazan, 18:00etan, SOS Kirofanoak, handitu, berritu, hobetu lelopean.
Manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute Amorosek eta Elexpuruk. “Herritarrak protestara deitu nahi ditugu; guk bakarrik protesta egiten badugu ematen du gure eskubideen alde ari garela, eta nik uste dut hagitz inportantea dela ikustea ezetz. Orain pazienteen eskubideen eta segurtasunaren alde ari gara”, nabarmendu du Bidasoko Ospitaleko erizain Amorosek.