Elbarrientzako BSR Navarra saskibaloi taldea sortu dute

Elbarrientzako BSR Navarra saskibaloi taldea sortu dute

Kluba legez eratu eta gero, kanpaina hasi dute parte hartu nahi dutenek izena eman dezaten. Laguntza bila ari dira, otsailean lanean hasteko.

Edurne Elizondo

Elbarrientzako BSR Navarra saskibaloi kluba sortu dute herrialdean, desgaitasun fisikoren bat dutenei kirola egiteko aukera eskaintzeko asmoz. Alberto Zudaire da sustatzaileetako bat. Saskibaloi entrenatzailea da, bai eta terapeuta okupazionala ere. Murtzian (Espainia) aritu da azken bi urteotan lanean; Iruñera itzuli da orain, dagoen “hutsunea” betetzeko ahalegina egiteko asmoz.

“Kluba eratu berri dugu, legez. Orain, martxan jarri ahal izateko behar dugun laguntzaren bila hasi gara”, azaldu du Zudairek. Entrenatzaileak uste du badela harrobia. “Iruñean elbarrientzat sortzen den lehen kirol taldea da gurea; badakigu bazela jendea Gasteizera joaten zena saskibaloian aritzera, baina utzi egin zuten, haraino ez mugitzeagatik. Hemen aritzeko aukera izanen dute orain”.

Kirolariak behar ditu taldeak, bai eta diru laguntzak ere. Izan ere, kantxan aritzeko aulkiak ez dira merkeak —2.500 eurotik gora balio dute—, eta zenbait erosi behar dituzte, klubarekin bat eginen dutenek erabili ahal izateko.

Erakunde publikoekin ere jarri nahi dute harremanetan, entrenatzeko toki bat behar dutelako. “Gaur egun, legez, egokituta egon behar dute kiroldegiek. Hori behar dugu guk, bai eta aulkiak gordetzeko biltegiren bat ere”, erran du Zudairek.

Bigarren Mailan

Taldearen sustatzaileen asmoa da otsailetik aurrera entrenatzen hastea, eta jende nahikoa badute, hurrengo denboralditik aurrera Espainiako Bigarren Mailan parte hartzeko aukera ez dute baztertzen. Saskibaloiarekin hasi du BSR Navarra taldeak bidea, baina bertze kirolen bat lantzeko atea ez dute itxi nahi. “Desgaitasun fisikoa dutenek kirola egiteko eskubidea dutela bermatu nahi dugu, beren autonomia sustatzeko”, nabarmendu du Zudairek.

BSR Navarra taldearekin bat egin nahi dutenek 607-729 077 edo 610-699 079 telefono zenbakietara deitzen ahal dute; edo mezu elektroniko bat bidali navarrabsr@gmail.com helbidera.