Uxue Rey Gorraiz
Ohartzerako, hondarrean da 2021a. Hala, haren bukaerarekin batera, Eguberriak direla eta ez direla, ailegatuko da familiarekin edo hurbilekoekin elkartzeko ordua. Zorionez beteriko garaia da hainbat herritarrentzat. Kontrara, zenbaitetan, momentu horiek are ageriago uzten dituzte gauza batzuk: hildakoek utzitako hutsuneak eta bakardadea, besteak beste. Hain justu, bi alderdi horiei aurre egiteko laguntza eskaintzen die Lucia Villar psikologoak (Paris, 1972) herritarrei. Itxaropenaren Telefonoan dihardu, boluntario. Zerbitzuak 50 urte egin ditu aurten.
Zertan oinarritzen da zure lana?
Ziur nago Itxaropenaren Telefonoaren ardatzen artean telefono deien bidezko arreta dela jendeak gehien ezagutzen duena. Horretan, herritarrek gugana jotzen dute laguntza eske, arrazoia zernahi izanik ere entzunak izateko premia dutenetan. Hala eta guztiz ere, Itxaropenaren Telefonoaren zerbitzua ez da hori bakarrik, inondik ere. Ikastaroak daude, eta tailerrak, eta baita bestelako arreta psikologikoa ere. Hor nago ni: pertsona bakoitzaren beharrei begiratu, eta lagundu egiten diegu. Gainera, espresuki doluari dagokion tailer bat gidatuko dut, urtarriletik.
Zer helburu du tailerrak?
Oro har, heriotza baten ondoko dolu batek ez du zertan izan bereziki konplikatua. Hau da, min ematen du, baina badago aparteko oztoporik gabe bizitzerik. Ordea, batzuek zailtasun gehiago izaten dituzte, eta, gainera, askotan, inguruan ez da izaten heriotza batek utzitako minak aditzeko inor. Entzuna izaten ari zarela sentitze hutsa aski aringarri da, baina, zoritxarrez, askotan ingurua ez da agertzen horretarako prest. Horrelakoetan, beharrezkoa da profesionalek esku hartzea.
Zer egin ohi dute ingurukoek?
Norbait hiltzen denean, ohikoa da mundu guztia gainera etortzea. Orduan, dolu prozesuan sartu berria dena durduza betean izaten da, shock egoeran, eta hain justu orduantxe izaten du ingurukoen babesik handiena. Gero, hurbilekoen laguntza hori lausotu egiten da pixkanaka, apurka-apurka. Azkar desagertzen da guztiz. Hor dago arazoa: izan ere, orduantxe behar izaten du doluan denak babestua sentitu, hil denaren falta sentitzen hastean. Kontrakoa egiten dugu, hasten gatzaizkielako: “Oraindik horrela?”. Are gehiago, aurpegiratzeak ere izaten dira: “Gaizki egonda, besteei sufriarazten diezu”.
Presa arazo bat da, beraz.
Bai, eta uste dugu doluek iraupen jakin batekoak izan behar dutela. Adibidez, urtebetekoak. Gero, urtebete igaro, eta bi gauza elkartzen zaizkigu. Batetik, ohar gaitezke ez gaudela uste bezain ongi, eta, bestetik, konturatzen gara ingurukoak ditugula galdezka ea ez ote genukeen hobe egon beharko.
Epe luzera, zer arazo ekar lezake gaizki sendatutako dolu batek?
Problema asko eragin ditzake. Adibidez, badago jendea heriotza batetik hamar bat urte igarotzean hasten dena mina sumatzen. Hori gerta liteke heriotza gertatu zenean ez zelako jarri behar adinako arreta horretan, ez zitzaiolako lekurik eman minari, edo, besterik gabe, sentimenduak ukatu eta deus gertatu ez balitz bezala egin zelako aurrera. Kontua da min hori agertu agertuko dela noizbait. Ez dut uste doluak sendatu behar direnik; zaindu, ordea, bai.
Eguberriak hurbil dira. Egun horiek zer neurritan dira erronka doluan sartuak direnentzat?
Urteurrenetan, egun berezietan, normala da jende baten hutsa nabarmenago sentitzea. Hori kontuan izanik, hainbat modutan joka dezakegu, eta bi bide nahiko ohikoak izaten dira. Batzuek nahiago izaten dute ihes egin. Hutsuneak ahazte aldera eta konturatuta Eguberriak ez direla ohi bezalakoak izanen, nahiago izaten dute, adibidez, oporretan joan, urrundu. Bestalde, badago deus gertatu izan ez balitz bezala jokatzen duenik. Jokaera batean eta bestean, minari lekua ukatzen ari gara. Hori ez da bidea: hildakoak presente izan behar ditugu.
Heriotzari buruz hitz egitean, aski ohikoa da eufemismoak erabiltzea. Kaltegarriak dira?
Maiz gertatzen da: hil dela esan beharrean, pertsona hori joan egin dela esaten dugu, edo jadanik ez dagoela. Tira, iruditzen zait gauzei beren izenez deitu behar diegula: heriotzari, heriotza. Hitzek ez gaituzte zertan beldurtu, ezta haurrekin ari garenean ere.
Nola jokatu behar da umeekin?
Heriotza bat jakinarazteko, haiek ulertzeko gai izanen diren modu bat aurkitu beharko dugu, jakina, baina ezin zaie esan hildakoa itzuliko denik. Aditu izan ditut halakoak, eta haurren fantasia elikatzeko baizik ez du balio.
Adinean gora egin ahala, aldatzen dira dolu prozesuak?
Adinekoen artean, hainbat faktorek bat egiten dute. Batetik, egia da zaharrek askoz esperientzia handiagoa dutela heriotzari dagokionez. Ezinbestean, jende gazteagoari baino gehiagotan egokitu zaielako ondokoren bat hiltzea. Horregatik, baliteke gaitasun handiagoa edukitzea egoera horietara egokitzeko. Bestetik, baina, denborak gero eta bakartuago uzten ditu adinekoak. Urteek aurrera egin ahala, abiada gero eta azkarragoan murrizten zaie inguru soziala, eta nabarmenagoa da itxaropen eta motibaziorik eza. Harri gero eta higatuagoak dira. Bakardadearen kontra, denek egin beharko genuke ahalegina, gogorra baita bakarrik sentitzea.