Iritzia: Objektibotasunaz eta neutraltasunaz

Iritzia: Objektibotasunaz eta neutraltasunaz

Lur Albizu Etxetxipia

Ez dakit noiz eta ez dakit non, baina noizbait ikasi nuen (uste dudalako nire aurreiritzi eta usteak bestelakoak zirela) objektibotasuna, maiz, justifikatu nahi diren ideiak ezartzeko erabiltzen den mozorroa dela (“hau hala da, hala delako; objektiboa da, nik esaten dudalako”). Ideia bat izan daiteke objektiboa, noski: informazioa objektiboa den moduan. Nonbait, behin baino gehiagotan irakurri dut: kazetariaren lana —adibidez— ez da euria egiten duela esaten dutenen eta eguzkitsu dagoela esaten dutenen hitzak hartzea: haren lana da leihoa ireki eta zein eguraldi egiten duen ikustea, eta hori kontatzea. Printzipio gisa, edonork edozer pentsa eta esan dezakeen garai hauetan, egia hain mespretxatua den garai hauetan, garrantzitsua iruditzen zait.

Baina gauza bat da, errealitatea oinarri, objektibotasunerantz gerturatu nahi duen profesionala izatea —esate baterako—, eta beste bat (orain ere boladan dagoen) neutraltasunaren presuntzio hori. Eta, iritziak emateko garaian, pentsatzen duguna esateko garaian, manifestu bat idazteko garaian, lagunekin trago bat hartzen dugunean edo ondokoekin eztabaidatzen dugunean, ez gara neutralak: inor ez da neutrala, eta egiten duguna ere ez da neutrala. Ekintzak ez dira berez neutroak, eta nor garen ere ez da neutroa. Nondik idazten dudan ere ez da neutrala, nire iritziak nonbaitetik edaten du, nire egunerokoaren parte da; ardurak mugimendu batean izateak ez nau ondokoa baino ez-neutralago egiten, falazia batean oinarritzen delako: badirela iritzi “markatuak” eta ez markatuak. Askotan egiten dugun zerbait da, ia autoritatea kentzeko besteari; sarriegi okertzen garelakoan nago.

Nondik hitz egin, idatzi, tragoak hartu, erosi (ez erosi), esan (ez esan). Inportantea da zein leku eman diguten eta zein leku hartu dugun guk geuk, zeren bila eta nola. Zein leku eman diguten eta zein leku utzi. Nondik hartzen dugun arnasa, nondik heltzen diogun egunerokoari eta zein begiradatatik. Zein gorputzetatik, zein gorpuzkeratatik, zein aurpegi jarrita. Zer esaten dugun, esan nahi duguna esaten dugunean. Neutraltasunaren suposi zio horretatik atera eta beste zerbait esatea gauzak aldatzea da, gehiago Nafarroa pixka bat triste, pixka bat tradizional, pixka bat puru honetan: zenbat lezio eman zenizkigun igandean, Saioa, eta zein eskertuta gauden guztiagatik!

Penaz, baina plaza honetan idazten dudan azken aldia da. Mila esker hasierako mezua bidali zidan Iker Tubiari, nitaz akordatzeagatik eta gerora ere hain fin ibiltzeagatik; mila esker Naiara Elolari eta Ion Orzaizi, lehen hilabeteetan hemen izateagatik. Orrialdeak astero konpartitu ditugun kolaboratzaileei. Eta, nola ez, Edurne Elizondori: Nafarroako Hitza ezin da zu gabe ulertu; mila esker ondoan izateagatik, ulerkorra izateagatik desastre bakoitzean, pazientziagatik, gogorarazpen mezuengatik eta kariño guztiagatik. Zaila da halako pertsona zoragarriak topatzea, Edurne. Mila esker guztiagatik denoi: noizbait zutabe hauek irakurtzeagatik, batzuetan kaxkarrak, beste batzuetan hobeak. Plazera izan da hemen idaztea, topatuko dugu elkar bidean!