Bi pertsona hil dira uholdeetan

Bi pertsona hil dira uholdeetan

[URTEKARIA, 2021] Azken hogei urteotako larrienak izan dira azken asteko uholdeak. Arga, Ultzama, Arakil, Bidasoa eta Ebro ibaiek gainezka egin dute; azpian hartu dituzte zenbait herritako karrikak. Kalte anitz eragin dute.

Edurne Elizondo

Uholdeek izua eragin dute Nafarroan, azken astean. Azken hogei urteotako larrienak izan dira. Ibaiek erregistro historikoak utzi dituzte zenbait eskualdetan, eta bi pertsona hil dira, ondorioz. Sunbillan, emakume bat hil zen ostiral eguerdian, luizi batek azpian harrapatuta. Baserri baten ondoan izan zen luizia, estalpe batean. Emakumeak han gordetzen zuen autoa. Bizilagun batek ohartarazi zituen larrialdi zerbitzuak. Foruzaingoa iritsi zenean, emakumea autoaren barruan aurkitu zuten, hilda.

Lesakan, Bidasoa ibaian agertu zen larunbatean ostiraletik desagertuta zegoen Elizondoko bizilagunaren gorpu hila. Lesakan egiten zuen lan, eta lanera joateko atera zen ostiralean, autoz, etxetik. Suhiltzaileek larunbatean aurkitu zuten ibilgailua ibaian, baina igandera arte ezin izan zuten gidariaren gorpua autotik atera.

Hondamendi eremu

Uholdeek herrialde osoa jo dute; gainezka egin dute Ebro, Arga, Bidasoa, Arakil, Ultzama eta bertze zenbait ibaik, eta azpian hartu dituzte Iruñerriko, Erriberako, Sakanako, Malerrekako eta Bortzirietako hamaika herritako karrikak eta lurrak. Kalte material eta ekonomiko anitz eragin ditu urak, eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek eskatu du uholdeek gogorren jo dituenak hondamendi naturala jasan duten eremutzat jo ditzatela. Espainiako Gobernuko Barne ministro Fernando Grande-Marlaska Nafarroan izan da uholdeek kalte egindako herriak bisitatzen, eta nabarmendu du “lanean” ari direla “egoera lehengoratzeko”.

Erregistro historikoak

Azken asteotan ia gelditu gabe egin du euria; elurra ere bai, mendietan. Hotz handirik ez du egin, ordea, eta horrek eragin du euriarekin batera elurraren urtzeak ibaien emaria are gehiago handitzea. Abenduaren 9an piztu ziren lehendabiziko alarmak herrialdeko zenbait herritan, eta abenduaren 10eko goizaldean gainezka egin zuten ibaiek.

Herritarrak karrikak garbitzen, Sunbillan.

Ibaiek erregistro historikoak utzi dituzte azken uholdeotan. Arga segundoko 608 metro kubikoko jarioa izatera heldu zen Iruñean —Handiena 2000. urtetik, hots, isuria neurtzen denetik —, eta 4,8 metroraino egin zuen gora.

Uharten, Martiket, Zokoa eta Ibaialde eremuek gainezka egin zuten. Atarrabian eta Burlatan kalte handiak izan ziren garajeetan eta etxabeetan, eta argindarra moztu zen. Ultzama eta Arga ibaiek Martiketen egiten dute bat, Uharteren eta Atarrabiaren lurretan, eta hor zegoen egoerarik larriena, hain zuzen ere. Iruñean ere ibaiaren arroaren inguruko auzoetan —Txantrean, Arrotxapean eta Sanduzelain— gora egin zuen urak, eta hamasei kale eta errepide moztu zituen.

Urak hondatutako gauzak Atarrabiako karriketan.

Iruñerrian ez ezik, Sakanan, Leitza aldean, Bortzirietan eta Malerrekan ere gainezka egin zuen urak hainbat lekutan, eta luiziak eragin zituen. Argindarrik gabe gelditu ziren, gainera, herritar anitz.

Nafarroa hegoaldera asteburuan ailegatu ziren uholdeak. Igandean bere bidetik atera zen Ebro, eta kalte handiak eragin zituen Castejon, Tutera, San Adrian eta Milagro udalerrietan. Tutera parean, ibaiak igande arratsaldean, ordu biak inguruan, izan zuen emari handiena. Zenbait herritar etxetik atera behar izan zituzten suhiltzaileek. Astelehenean, oraindik ere, alerta piztua zuten zenbait udalerritan; batez ere, Castejon parean. Astelehen goizean, segundoko 1.610 metro kubo zeramatzan Ebro ibaiak eremu horretan, eta 6,65 metroko altuera harrapatu zuen, hain zuzen.

Kalteak zenbatu

Ibaiak beren bidera itzuli ahala, urak eragindako kalteak zenbatzeko lanari ekin diote herriz herri. Astelehenean, uholdeek kalte egindako 74 udalerrietako agintariekin bilera egin zuen Nafarroako lehendakari Txibitek. “Kalte handiak” izan direla nabarmendu zuen Txibitek bilera horretan, eta uholdeak izan dituzten eremuak hondamendi eremutzat jotzeko eskaera egiteko konpromisoa berretsi zuen.

Ura herritarren etxeetan eta sotoetan sartu da, bai eta herri anitzetako osasun etxe, eskola eta gisako eraikin publikotan ere. Uholdeek, gainera, nekazariei egin diete kalte, azpian hartu baitituzte haien lurrak. EHNE sindikatuak nabarmendu du neguko barazkiek jaso dutela kalterik handiena, brokoliak, azaloreak eta karduak, hain zuzen. Erantsi du, gainera, urak hondatu dituela nekazariek erabiltzen dituzten bide eta ubide anitz. Sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio tramiteak erraz ditzala uholdeetan kaltea jaso dutenek laguntzak jaso ahal izateko “ahalik eta azkarrena”.

suhiltzaileak herritarrak laguntzen, Tuteran.

UAGN sindikatuak ere laguntzak eskatu ditu, eta nabarmendu du 15.000 hektarea laborantza lur hartu dituela urak azpian. Sindikatuok ez dute informaziorik zabaldu gizakiz bertzeko animaliak esplotatzen dituzten haztegietan gertatu denari buruz. Buñuelen, behintzat, ardiak, zerriak eta zaldiak dituen etxalde batean animaliak atera ahal izan zituzten, urak gainezka egin baino lehen.

Sindikatuek ez ezik, Nafarroako Parlamentuak ere eskatu ditu laguntzak, uholdeek eragindako kalteak arintzeko. Bozeramaileen Batzarrak adierazpen bat onartu zuen astelehenean, aho batez, eta laguntzak eskatzeaz gain, eskertu nahi izan zuten herritarrak laguntzen aritu diren suhiltzaileen eta boluntarioen lana, bertzeak bertze.

Herriz herri, hain zuzen ere, herritarrak auzolanean aritu dira karrikak garbitzen. Lesakako Udalak ere jendaurrean eskertu nahi izan du herriko biztanleek eta suhiltzaile boluntarioek herria garbitzeko eta kalteak arintzeko egindako lana.

Denbora beharko da uholdeek eragindako kalte guztiak zenbatzeko, hain zuzen ere. Gertatutakoa ere ez dute erraz ahaztuko herritarrek. Azken hogei urteotako uholderik larrienak izan dira oraingoak, eta toki anitzetan, aurretik inoiz ikusi ez zuten indarrarekin jo ditu urak Nafarroako herriak.