Herritarrek sare bat sortu dute parke fotovoltaiko eta eoliko handien aurka

Herritarrek sare bat sortu dute parke fotovoltaiko eta eoliko handien aurka

[URTEKARIA, 2021]. Hamaika proiektu daude herrialdean. Talde ekologistek AHTaren lanak eta Caparrosoko haztegiak eragindako kutsadura ere salatu dituzte.

Edurne Elizondo

Zaharrak berri ingurumenaren esparruan. Azken urteotako gatazkak konpondu gabe daude oraindik ere Nafarroan. Energiaren arloan, herriz herri parke eoliko eta fotovoltaiko handiak egiteko hamaika proiektu aurkeztu dituzte, eta haiei aurre egiteko sare bat osatu dute egitasmo horiek kalte egindako herritarrek.

Erreniega inguruan eremu horretan egin nahi dituzten eguzki parke handien aurka egin dute bat; Iruñerrian, gainera, Haize Berriak koordinakundea sortu dute, Sacyr enpresak eskualde horretako iparraldean eraiki nahi dituen bost parke eolikoen kontra. Lezaungo, Gesalazko eta Deierriko udalek, berriz, Aldane proiektu eolikoa daukate jomugan. Elkarlanean aritu dira eragileok guztiok, Sustrai Erakuntza fundazioaren babesarekin.

Mezu nagusi bera jarri nahi izan dute saretutako herritarrok erdigunean: energia berriztagarrien alde direla, baina ez enpresa handiak garatzen ari diren eredu “suntsitzailearen” alde. “Ingurumena mehatxatzen duten azpiegitura handien aurka” egin dute bat.

Azpiegitura “handi, xahutzaile eta suntsitzailea” da abiadura handiko trena ere, egitasmo horren kontra ari diren eragileen hitzetan. Nafarroako Gobernuak AHTaren aldeko bere apustua berretsi du azken hilabeteotan, eta egindako urratsek proiektuaren aurkakoen protestak eragin dituzte. Joan den larunbatean egin zuten azkena Orain Ardura manifestuaren sinatzaileek: kalejiran atera ziren Iruñeko karriketan, AHTa salatu, eta “tren sozial eta publikoaren alde egiteko”.

Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltokia Etxabakoitz auzoan eraikitzeko “behin betiko erabakia” hartu dute aurten Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Sustapen Ministerioak. Irailean jakinarazi zuten, Madrilen bilera egin eta gero. AHTaren kontrako ekintzaileek salatu dute 145 milioi euro gastatu nahi dituztela Nafarroako korridorean, Europako Next Generation funtsetatik, 2026ra bitarte.

Akuiferoak, arriskuan

Zenbait talde ekologistak, herritarrek eta eragilek bat egin dute Caparroson behiak esplotatzen dituen makroetxaldearen aurka. Haztegiak ingurumenari eragiten dion kaltea salatu dute, zehazki, eta nabarmendu dute, batez ere, inguruko akuiferoak eta errekak kutsatzen ari direla.

Hain zuzen, Europako behitegirik handiena da Caparrosokoa; Alesbes eta Martzilla ondoan dago, eta Valle de Odieta enpresak kudeatzen du. 5.200 behi inguru esplotatzen ditu egun, eta 2023rako 7.200 izateko baimena eman diote.

Baztan aldean Aroztegia proiektuak eragin du gatazka. Ez da berria, baina aurten urrats bat egin du aurrera. Bertze gatazka anitzetan bezala, baina, enpresak herritarrak izan ditu aurrean: apirilean, proiektuaren aurkako ekintzaileek kanpaldia egin zuten, eta lortu zuten martxan jarritako lanak geldiaraztea.

Apirilaren 8an hasi ziren lanetan Palacio de Aroztegia SM enpresak aginduta. Luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta bederatzi zuloko golf zelai bat eraiki nahi dituzte han, hirurehun biztanle inguruko Lekaroz herriaren lurretan. Makinen hotsa aditzearekin batera, herritar talde bat joan zen lanak gelditzera.

11 egun iraun zuen kanpaldiak. Apirilaren 23an herritik alde egin zuten langileek, eta bost egun beranduago desmuntatu zituzten kanpadendak. Lekarozko protestek izan zuten ondoriorik: 25 ekintzaileri isunak jarri dizkiete, eta hamar pertsona, gainera, auzipetu egin dituzte. Prozesuak zer bide eginen duen zain dira auzipetutako gazteak, gatazka ez baita oraindik itxi.