Santos Indurain: “Egoerak estresa eragiten dio sistemari, batez ere oinarrizko arretari”

Santos Indurain: “Egoerak estresa eragiten dio sistemari, batez ere oinarrizko arretari”

[URTEKARIA, 2021]. Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek aitortu du Eguberriek kezkatu egiten dutela. Prebentzioaren garrantzia berretsi du, positiboen gorakada ikusita, eta esan du txertoak balio izan duela gaitzaren larritasunari aurre egiteko.

Edurne Elizondo

Argazkia egiteko ere ez du maskara kendu. Prebentziorako neurrien garrantzia nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek (Uztarroze, 1959), behin eta berriz, solasaldian. COVID ziurtagiriak epaileen bermea jaso berritan mintzatu zen Indurain Nafarroako Hitza-rekin, joan den azaroaren 25ean, pandemiaz, oinarrizko arretaz eta buruko osasunaz, bertzeak bertze.

Zertarako balio du COVID ziurtagiriak?

Balio du, batez ere, txertoa oraindik hartu ez dutenak txertatzeko, eta txertoaren bidez gaixotasunaren larritasunari aurre egiteko. Eta zenbait tokitan, gainera, ekar dezake segurtasunak gora egitea. Prebentzio neurriei eustea zailagoa da tabernetan eta jatetxeetan, eta halakoetan ziurtagiria berme bat izan daiteke. Zentzuz jokatzen jarraitu behar dugu, noski.

Espazio itxietan ez da beti gertatzen?

Uste dut prebentzio neurriak pixka bat ahaztu ditugula tabernetan eta jatetxeetan. Herritarrak txertatzeko prozesuak hagitz bide ona egin du, eta iruditzen zait izan dugula segurtasun sentsazio bat, eta, ondorioz, prebentziorako neurri batzuk ahaztu ditugu. Prebentzioaren garrantzia berretsi bertzerik ezin dugu egin, eta gogoratu txertoak ez direla %100 eraginkorrak. Txertoak ekarri du heriotzek, ospitaleratzeek eta gaixotasunaren larritasunak behera egitea, nabarmen, baina ez du dena konpondu.

Azken asteotako kasu goraldiak haurrei eragin die bereziki.

Bai, 0-14 urte bitartekoei, bereziki. 12 urte baino gutxiagokoek ez dute txertoa hartu, orain arte. Agerraldiak familia giroan eta eskolan gertatzen ari dira, eta gazteenei eragin die. Haurrek, oro har, ez dute sintoma larririk izaten. Arriskua da inguruko helduak edo zaharrak kutsatzen ahal dituztela, eta horregatik da hain garrantzitsua prebentzioari eustea.

Eguberriek kezkatzen zaituzte?

Bai. Kezkatzen nau hilabete osoak, Eguberriek ere bai. Egia da ospitaleetan egoera ez dela, inondik inora, iazkoa, baina kutsatzea gorako bidean da, eta kezkagarria da. Osasun sistemari estresa eragiten dio egoerak, batez ere oinarrizko arretari. Orain, bosgarren olatuan bezala, gaixoen %93 oinarrizko arretan artatzen dituzte. Oinarrizko arretan COVID-19a dute, baina badute txertoa ere, badute gripea, badituzte COVID-19aren gisako sintomatologia duten bertze birusak… Horrek kezkatzen nau.

Oinarrizko arreta sendotu beharra azpimarratu du Nafarroako Osasun Plataformak, bertzeak bertze. Zer asmo duzue?

Ditugun asmoak ez dira oraingoak. 2019ko maiatzean onartu genuen oinarrizko arretarako eta arreta komunitariorako estrategia, eta hor aipatzen da oinarrizko arretaren sistema moldatzeko beharra. Prebentzioari eta etxeko arretari eman nahi zaie garrantzia, bertzeak bertze. Pandemiak agerian utzi ditu oinarrizko arretan genituen egiturazko arazoak. Profesionalen falta da arazo horietako bat, eta egoerak okerrera egin du pandemiarekin.

Eta zer urrats egin duzue arazo horiei aurre egiteko?

Duela urtebete oinarrizko arreta osatzen duten eragile guztiekin jarri ginen harremanetan, zehaztu ahal izateko zer den urgentziazkoa, eta horren araberako ekintza plan bat osatzeko. Plan hori garatzen ari gara, oinarrizko arretarako sarbidea errazteko, antolakuntzan hobera egiteko, eta profesional gehiago kontratatzeko, bertzeak bertze.

Nafarroako Parlamentuan iragarri duzu 157 profesional gehituko dizkiozula lantaldeari.

Erizainekin indartuko dugu oinarrizko arreta, batez ere. 110 gehiago izanen ditugu. Erizainen gaitasunak garatzeko bidea eman beharko luke sistemak. Orain arte, botika emaile izan da sistema hori, baina autozaintzari eman nahi diogu garrantzia. Erizainekin sendotu nahi dugu zaintzaren, gaixo kronikoei eman beharreko arretaren eta etxeko arretaren esparrua.

Eta medikuak?

Familia mediku gehiago kontratatuko genuke, baina ez dago sendagilerik. Hori da kontua. Gure asmoa ez da hutsune hori erizainekin betetzea. Erizainek beren rola bete behar dute. Oinarrizko arreta sendotuko dugu, gainera, erizain laguntzaileekin, administrariekin eta gizarte langileekin. Pandemian lan polita egin dugu toki entitateekin eta oinarrizko zerbitzuetako langileekin.

Landa eremutik kritiko agertu dira zenbait udal agintari, oinarrizko arretan dituzten gabeziengatik. Urdazubin eta Zugarramurdin kexu agertu dira azken hilabeteotan medikurik ez dutelako. Zer asmo duzue arazo hori konpontzeko?

Izan ditugu medikuak ordezkatzeko arazoak. Hagitz zaila da ordezkapen horiek egiteko medikuak lortzea. Toki entitateekin ari gara lanean hori konpontzeko. Lan Eskaintza Publikoa egin dugu; lehentasuna eman diegu familia medikuei eta pediatrei. Azterketak egin ditugu, baina urtarril-otsailera arte ez dituzte beren lanpostuak hartuko. Nahiko genuke landa eremuan hainbertze ordezkapen egin behar ez izatea, baina ez da erraza.

Pandemiak dena hartzen du oraindik ere?

Pandemiari erantzuteaz gain, bertze gauza anitz egin dira. Egia da zenbait kontu atzeratu egin direla; hori onartu bertzerik ezin dugu egin, baina profesionalak ari dira ahalegina egiten egoerari buelta emateko. Edonola ere, larrialdiari erantzun beharra zegoen. Eta orain ere, kutsatzeek gora egiteak eragiten du arreta horretan jarri beharra. Hori egia da, eta kezkatzen nau.

Pandemiak eragin die, bertzeak bertze, itxaron zerrendei. Zein da egoera?

Kezkagarria. Herritarrek denbora gehiegi egon behar dute zain. Batetik, plan bat jarri dugu martxan ebakuntza geletako jarduera areagotzeko; bertzetik, garbi erran behar dugu zain diren guztien egoera ez dela berdina, eta, ondorioz, arreta azkarren behar dutenen kasuak lehenesten ari gara. Auzi hau garrantzitsua da guretzat, herritarrak daudelako zerrenden atzean. Gure lehentasunetako bat da itxaron zerrendena, pandemiaren kontrolarekin eta oinarrizko arretarekin batera.

Eta buruko osasuna? Pandemiak agerian utzi ditu lehendik zeuden gabeziak.

Egia da. Nik garbi dut buruko osasunari heldu behar diogula ikuspuntu integral batetik, eta prebentzioari arreta berezia eskaini behar diogula. Prebentzioa landu behar da oinarrizko arretan, baina baita bertze esparru anitzetan ere; eskoletan, bertzeak bertze.

Zer asmo duzue osasun mentala sendotzeko?

Asmoa da oinarrizko arretaren eta buruko osasunaren arloen arteko elkarlana sustatzea, behar den arreta integrala eskaintzeko. Helburua da psikologoekin sendotzea oinarrizko arretako lantaldeak; arazoak ez kronifikatzea, eta modu eraginkorrago batean heltzea auziari.

Sumatu duzue gora egin duela beharrak?

Oinarrizko arretan artatzen dituzten lau arazotik batek badu lotura osasun mentalarekin. Osasun etxeetan sumatu dute gora egin duela buruko osasunagatik joan direnen kopuruak, batez ere 15 eta 19 urte bitartekoen artean. Emakumeak dira gehienak, gainera. Sumatu da okerrera egin duela egoerak elikaduraren nahasmenduen esparruan. Azken bi urteotan gora egin dute kasuek.

Elikaduraren nahasmenduak artatzeko unitatea desagertu da.

Aldatu egin dugu prozesua. Arreta mailakatu egin dugu, eta lehen atea oinarrizko arretakoa da.

Nahikoa ez bada?

Eguneko ospitalea da bigarren maila. Kasurik larrienentzat, ospitaleratzea da bidea.

Arreta anbulatorioa ere desagertu da eguneko ospitalean.

Arreta mailakatua da, egoeraren araberako arreta eskaini ahal izateko.

Eguneko ospitalean, larritasuna pisuaren arabera ezartzen dute. Egoera larritzat jotzen ez bada, osasun etxera bideratzen dituzte herritarrak. Psikologoak bi hilabetean behin hartzea da bidea?

Oinarrizko arretaren eta osasun mentalaren arteko elkarlana sustatuz, hain zuzen, bertze modu batera heldu nahi diegu arazoei. Lehen maila da oinarrizko arreta. Hor ere jaso daiteke laguntza psikologikoa.

Psikologo gehiago kontratatuko dituzue?

Bai. 16-18 izanen dira, elkarlan horretan aritzeko. Inportantea da arreta integrala; hor funtsezkoa da prebentzioa, esparru guztietan, eta arreta mailakatzea. 2022ko lehen seihilekoan ezarri nahi dugu sistema.

Pandemia ez da amaitu. Egoerak okerrera egin dezakeela aurreikusi duzue?

Bigarren pandemia buruko gaitzena izanen dela aipatu izan da. Horregatik, ezarri nahi dugun arreta komunitario hori funtsezkoa da.

Eta osasun sistema publikoa sendotzea?

Lan egin behar dugu horretarako. Pandemiak erakutsi digu beharrezkoa dela sistema sendo bat izatea. Ahulguneak baditugu, baina gure apustua garbia da: sendotu egin behar dugu sistema publikoa antolakuntzaren arloan, bai eta profesional gehiagorekin ere.

Parlamentuak aurrekontuak aztertuko ditu datorren astean.

Osasun Departamentuaren sailak gora egin du.

Nahikoa izanen da?

Inoiz ez da nahikoa.

2022an, zer?

Garbi izan behar dugu pandemiak gurekin segitzen duela. Harremanak landu eta disfrutatu egin behar dugu, baina prebentzioa ahaztu gabe.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku