Txapela jaso aurretik txapeldun

Txapela jaso aurretik txapeldun

[URTEKARIA, 2021]. Saioa Alkaizaren urtea izan da 2021a: Iruñeko egile berriendako lehiaketako bi sari jaso zituen urtarrilean; urrian, Iruñeko Bertsopaper Lehiaketan nagusitu zen; azaroan, Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi berri du.

Edurne Elizondo

Euskara, klase borroka eta zisheteropatriarkatuak ezarritako arauei ihes egiten dieten nortasun eta gorputzak. Hori guztia jaso, jorratu eta erdigunean jarri zuen Saioa Alkaiza Guallarrek Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala irabazi eta gero bota zuen agur bertsoan. Azaroaren 28an egin zuten saio hori, Iruñeko Anaitasunan, eta Alkaiza Guallarrek bazterretara begira jarri zituen kiroldegian bat egindako guztiak.

Bukatzear den 2021. urte honetan, Alkaiza Guallarrena da nabarmendutako izenen artean nagusietako bat kulturaren esparruan, zalantzarik gabe. Izan ere, azaroan Nafarroako txapela jantzi aurretik, 2020ko Iruñeko egile berriendako lehiaketako bi sari jaso zituen urtarrilean —narrazioko lehen saria Ez dago hondoratzerik lanarekin, eta poesiako bigarrena Helduaroaren bezperan testuarekin—, eta urrian, berriz, Iruñeko Bertsopaper Lehiaketan nagusitu zen —iaz ere irabazi zuen—, C kategorian, Habitat obrarekin.

Nafarroako txapelak biribildu egin du Alkaiza Guallarren urte ona. Lehen aldiz aritu da aurten txapelketako finalean, eta lehendabizikoan lortu du irabaztea. “Ongi, kontent, ilusionatua, harritua”. Horrelaxe agertu zen bertsolaria irabazi berritan, egindakoa eta lortutakoa barneratzen.

“Nire bertso ibilbidean, beti sentitu izan dut inpostorearen sindromea: ‘Horretan ari naiz, eta igual deskubrituko dute ez dakidala’. Hori zaila da: beti zeure burua justifikatu behar duzu”, esan zuen azaroaren 30ean, BERRIAn egindako elkarrizketan. “Plaza publikoa hartzea ez da gauza bera zis gizonezko hetero baten tokitik edo beste edozein identitatetatik. Zehar lerroengatik eta, batek nola gorpuzten duen hori dena. Ez nuen ikusten nire antzeko inor Nafarroan. Emakumeak bai, baina igual hirikorik ez. Eredu gabe aritze hori. Bertsoa oso modu zurrunean hartu da garai batean, naturaltasunarekin oso lotuta. Zer da naturaltasuna? Noren begietatik? Zeinen ahotan? Gure euskara batua ez da naturala? Inperfekzio horretatik, batzuei gehiago kostatu zaigu geure tokia legitimatzea. Pausoz pauso egin behar izan dut bidea. ‘Bertsolaria naiz’ esan behar izan diot neure buruari, sinesteko”.

Alkaiza Guallarren txapelak astindu bat eman dio Nafarroako bertsolaritzari. Ekainean, berriz, Laba sareak eragin zuen eztanda hiriburuko kulturgintzan. “Euskararentzat eta euskal kulturarentzat topagune, gozagune eta sorgune” izateko sortu dute proiektu hori zenbait norbanakok, Iruñeko erdigunean: Gazteluko plazan ari dira egoitza atontzen, datorren urtarrilean zabaltzeko asmoz.

Labaren egitasmoa ekainean aurkeztu zuten. Finantzaketa kolektibo bat jarri zuten martxan, egoitzan behar zituzten lanak egiteko, eta proiektua abian jartzeko. 30.000 euro lortzea jarri zuten helburu, eta egin zuten. Udan, auzolanean aritu ziren Laba sarean bat egindako kideak, eta urriaren 9an, berriz, egitasmoa aurkezteko besta egin zuten, Iruñeko Alde Zaharrean. Euskara erdigunean jarri nahi du Laba sareak: bere jardueraren erdigunean, bai eta hiriarenean ere.

Lasa sarearen aurkezpen besta, urrian. Iñigo Uriz / Foku

 

Euskal kulturaren arloak pisu nabarmena izanen duela zalantzarik ez dute sareko kideek, eta euskaraz sortzen denaren erakusleiho ere bilakatu nahi dute. Labako kideen asmoak, halere, harago doaz, eta euskara ardatz hartzen duten ekonomiaren, elikaduraren edo dena delakoaren arloko egitasmoentzat ere izan nahi dute nolabaiteko helduleku.

Laba sarekoek garbi dute euskarak eta euskal kulturak behar duten “ikusgaitasuna” lortuko dutela Gazteluko plazako egoitzari esker. Asmoetako bat hori da. Plaza hori “toki sinboliko” bat da Iruñeko hirian, zalantzarik gabe, erdigunean baita, euskarak bete izan dituen “lubakietatik” urrun.

Landarte, bosgarrenez

Hiriburutik urrun, landa eremuari so egitea du xede Nafarroako Gobernuak sustatutako bertze proiektu batek: Landartek, alegia. Bukatu berri da aurtengo aldia, eta emaitzak “positibotzat” jo ditu Kultura Zuzendaritza Nagusiak. Egitasmoaren oinarria zera da: zenbait artista nafarrekin sormen garaikideko prozesuak bultzatzen dituzte despopulazio arriskuan diren Nafarroako herri eta ibarretan, horietan bizi direnen errealitate, interes eta beharrak aintzat hartuta. Aurten sei artista eta kolektibo aritu dira lanean: Protokolektibo taldeak Descamino proiektua garatu du Artzibarren; Katixa Goldarazenak gorputzak bizitzan duen tokiari buruzko gogoeta bultzatu du Zubietan; Taxio Ardanazek antzerki erreferentziak dituen proposamen zinematografiko bat egin du Aiesan, Cabalga cabalga izenburupean.

Conjunta kolektiboaren asmoa izan da Murietako biztanleek gogoeta kontzeptual bat egitea, Ezpeldoiako paraje zaharraren balioa handitzeko prozesu batean, tokia beste ikuspegi batzuetatik ikusteko eta haren erabilera potentzialak azaleratzeko. De Chopera a Chopera deitu diote proiektuari. Ana Maestrojuanek komunikazio proiektu bat garatu du Murillo el Fruton, Informazio kapsulak izenekoa. Azkenik, Arantza Santestebanek ikus-entzunezko pieza bat filmatu du Araitz ibarrean: Liluraren kontra.

Urteak eman du bertzerik: Editore Independenteen Nazioarteko Topaketa, eta Nafarroako Editoreen Azoka, adibidez, azaroan. Bertzalde, Hatortxu Rock bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, osasun egoeragatik.

 

Musikaren eta arte eszenikoen arloan elkarlanaren alde egin dute eragileek

E. Elizondo

“Batera, lehendabiziko aldiz”; horixe nabarmendu zuten Musikaren Nafarroako Elkartea sortu duten eragileek maiatzean, Iruñean, Nafarroako Parlamentuan egin zuten agerraldian. Musikariek, teknikariek, eta sektoreko enpresek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek egin dute bat elkarte horretan, helburu nagusi batekin: pandemiak eragindako etenaldia gainditzea eta lanean segitzea, alegia.

Horretarako, koronabirusaren pandemiak ekarri duen jokalekura egokitzeko urratsak egitea hartu dute lehentasun, batetik; eta, bertzetik, krisiak aldaketarako ematen duen aukera baliatuta, pandemiak eztanda egin aurretik zeuden oztopoak gainditu beharra jarri dute erdigunean, “sektorea duintzeko eta duen balioa aitortzeko”.

“Beharrak” bultzatuta sortu dute Musikaren Nafarroako Elkartea, neurri handi batean, bat egin duten eragileek aitortu dutenez. Baina bidea argitzeko gogoz dira, elkarlanerako prest, “indartzeko”. Musikaren hainbat sektore batzen ditu elkarteak; hau da, elkarteen elkarte bat da, eta barruan dira, oraingoz, Nafarroako Musikarien Elkartea, Nafarroako Ikuskizunetako Teknikarien Elkartea, Musikaren Industriaren Nafarroako Elkartea eta Nafarroako Musika Alorreko Jarduera Elkartuak plataforma.

Esna elkartea

Musikaren industrian ari diren eragileak ez dira bat egin duten bakarrak. Arte eszenikoetako zenbait taldek ere erabaki dute elkarrekin aritzea, eta Esna sortu dute. Elkartea, berez, 2019an jaio zen, baina orain hartu du indarra, sustatzaileek urrats bat egin baitute aurrera taldea aurkezteko, eta egungo krisiaren jokalekuan indarrak batzeko.

Ana Maestrojuan da Esna elkarteko lehendakaria. Garbi erran du 2021a 2020a baino “are zailagoa” izaten ari dela gauza batzuetarako: “Irudipena dut gehiago kostatzen dela gauzak aurrera ateratzea. Besteak beste, inbutu moduko bat sortu da sektorean; ulertzekoa ere bada. Azken batean, dena geldi-geldirik egon zen hilabete batzuez, eta orain, gauzak berriz martxan jarritakoan, gainezka dago guztia. Garai arraroa ari da izaten. Gure energiak ere ez dira berdinak; orokorrean diot. Astun gaude, eta dena geldoago da. Edonola ere, sumatzen dugu borondatea dagoela egiteko, ikusteko eta kontratatzeko”, nabarmendu du Maestrojuanek.