Urrezkoak, Tokiotik Goizuetara

Urrezkoak, Tokiotik Goizuetara

[URTEKARIA, 2021]. Olinpiar Jokoek markatu dute kirolarien urtea. Aimar Olaizola, Naiara Diez eta Ioseba Fernandezentzat, berriz, agurraren urtea izan da aurtengoa. Cesar Azpilikueta futbolaria eta Osasuna ere nabarmendu dira.

Iñaki Berastegi

Kirolari gehienentzat ez dago Olinpiar edo Paralinpiar Jokoen parekorik, kirolari gutxi batzuek baitute parte hartzeko pribilegioa. Aurten, hamalau nafarrek bete edo errepikatu dute Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzeko ametsa, eta hiru itzuli ziren dominaren batekin: Eduardo Gurbindo eskubaloi jokalaria brontzearekin, eta Jon Moncayola eta Mikel Merino futbolariak zilarrarekin, hirurak ere Espainiako selekzioarekin arituta.

Domina bat lortzea izugarria bada ere, Jokoetan egote hutsa arrakasta handia da. Irabazle sentitzeko ez dago zertan metal bat lepotik zintzilikatu. Bestela, galdetu diezaiotela Asier Martinez atletari. Inor gutxik espero zuenean, 110 metroko hesiduneko finalerako sailkatu zen bere lehendabiziko Jokoetan. “Neuk ere sinesten ez nuen lekuetara iristeko gaitasuna dut. Esan balidate, ez nuen sinetsiko”, aitortu zion BERRIAri atleta iruindarrak. Olinpiar diplomarekin itzuli zen, Alberto Munarriz, Izaskun Oses, Ivan Salgero eta Beatriz Zudaire bezalaxe.

Asier Martinez, Tokiora joan aurretik. Idoia Zabaleta / Foku.

Carlota Ziganda golflariak ezin izan zuen Tokion emaitza onik eskuratu, baina urtea sasoiko amaitu du, Espainiako Irekia irabazita. Solheim Cup torneoa ere irabazi du, eta 2022an LPGA zirkuituko txapelketa bat irabaztea du xede.

Fernandezen txapela

Bada Olinpiar Jokoetan inoiz parte hartu gabe ibilbide arrakastatsua osatu duenik ere. Esaterako, kolore guztietako dominak lortu ditu Ioseba Fernandez abiadura patinatzaile nafarrak: munduko txapelketetan bost aldiz irabazi du urrea. Azkena, azaroan, Kolonbian 100 metroko abiadura lasterketa irabazita. Garaipen horren ondoren, erretiroa hartu du, 32 urterekin.

Ez da, ordea, 2021ean erretreta hartzea erabaki duen goi mailako kirolari nafar bakarra. Aimar Olaizola pilotariak agur esan die pilotalekuei, 23 urteko ibilbidea osatu ostean. “Momentu polita da erretiroa hartzeko”, esan du goizuetarrak. 42 urterekin utzi du, lehen mailako hamalau txapel irabazita.

Bestelako egoera da Oinatz Bengoetxearena: leitzarrak datorren urtarrilean utziko du pilota, kontratua berritzeko eskaintzarik ez baitu jaso. Pilota aipatuta, baina, ezin ahaztu astez aste Jose Jabier Zabaletak emandako erakustaldiak. Aurten, gainera, Ados sortu dute, emakumeen lehendabiziko eskuzko pilotako klub profesionala.

Olaizolak eta Bengoetxeak hutsune handia utziko dute frontoietan; Naiara Diez saskibaloi jokalari eta Gernika taldeko kapitainak, berriz, kantxan.

Nafarroako Gobernuak Kirol Merituaren dominarekin saritu du Olaizola; Juan Carlos Unzue Osasunako jokalari ohia ere bai; alboko esklerosi amiotrofikoa du futbol atezain ohiak.

Osasunari saria gobernuak

Osasunari Nafarroako Urrezko Domina eman dio Nafarroako Gobernuak. Mendeurrenaren harira jaso du klubak gobernuaren saririk gorena, “gizartea errotzeko” duen gaitasunagatik. “Nafarroa iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera josten duten harietako bat da Osasuna”, nabarmendu zuen Luis Sabalza klubeko presidenteak.

Taxoaren hezitako Cesar Azpilikuetak ere urrezko hizkiekin idatzi du bere izena aurten: Chelsea taldeko kapitaina, Txapeldunen Ligako garaikurra jaso duen lehen kapitain nafarra izateaz gain, Urrezko Baloia irabazteko hautagaien artean egon den lehen nafarra ere izan da: 29. postuan amaitu du, Londresko taldean beste sasoi ona egin eta gero.

Dominekin edo gabe, urrezko kirolariak dira guztiak. Lana gogotik egin behar izaten duten “pribilegiatuak”, Juan Carlos Unzuek Osasunako jokalariei emandako hitzaldian nabarmendu zuen bezala. “Porrot bat datorrenean, egun txar bat duzuenean edo entrenamendu batean ezer ateratzen ez zaizunean, akordatu zaitezte nitaz. Ez zerbait triste gisa, baizik egiten duzuena eginez pribilegiatuak zaretela sentitzeko”.