Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadik 3 urte beteko ditu laster, eta espetxetik atera beharko du. Familiak jakin du Gutierrezi 3. gradua eman diotela, eta Lizarraga Euskal Herriratu egingo dutela.
Edurne Elizondo
Umeak egon behar du erdigunean”. Horixe nabarmendu du Itxaso Torregrosak, Maria Lizarraga (Burlata) eta Iñigo Gutierrez (Algorta, Bizkaia) euskal presoen alaba Izadiren auziari buruz. Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kidea da Torregrosa, eta Lizarragaren senide gisa parte hartuko du, bihar, Sarek euskal presoen eskubideen alde herriz herri antolatu dituen mobilizazioetan.
Urte amaiera eta hasiera gorabeheratsuak izan dira haurraren lagun eta senideentzat: espetxean jaio zenetik martxan den atzera kontaketa azken txanpan sartu da, hilaren 23an 3 urte beteko baititu Izadi Gutierrezek, eta, ondorioz, espetxetik atera eta gurasoengandik urrundu beharko du, neurririk hartzen ez bada.
Neurririk hartu da azken egunotan, hain zuzen ere: Lizarragaren eta Gutierrezen senideek jakin dute Euskal Herrira ekarriko dituztela, eta Gutierrezi, gainera, hirugarren gradua ezarriko diotela. “Haiek oraindik ez dute horren inguruko berririk izan. Urrats bat da, baina ez da nahikoa, Izadik gurasoekin egon behar duelako”, nabarmendu du Torregrosak.
Espetxetik atera gabe
Joan den abenduan, azkenean, kartzelatik atera ahal izan zuen Izadi Lizarragak, familiarekin zenbait egun egoteko. Izan ere, 2020ko martxoan eztanda egin zuen pandemiak bazter utzi zuen umea kanpoko egunerokora egokitzeko prozesua; ondorioz, ia bi urte egon da karrikara atera gabe.
Umearen behin-behineko irteerak “sentsazio gazi-gozoak” eragin ditu hurbilekoen artean. “Gurasoak pozik dira, umea kalera ateratzea eta familiarekin egotea nahi dutelako”, azaldu du Torregrosak. Baina kontatu du denborak aurrera egin ahala agurtzeko uneak “urduritasuna” eragiten diela. Egoerak okerrera egin du, gainera, azken astean. “Abenduaren 30ean eraman behar nuen Izadi espetxera bueltan, baina ez joateko esan zidaten azken unean, kartzelan zenbait pertsona bazirelako COVID-19ak jota”, erran du Torregrosak.
Oraingoz, Algortan gelditu da Izadi Gutierrez, familiarekin. “Ongi egokitu da, baina galdetzen du gurasoak non dauden, eta haiekin egon nahi duela esaten du. Ez da erraza azaltzea”. Torregrosak haren gurasoen “ezinegona” ere aipatu du: “Ez dakite haurrak 3 urte bete baino lehen berriz ikusteko aukera izanen ote duten”.
Espetxeak baldintzatu ditu Izadi Lizarragak lehen hiru urteak. 2019ko urtarrilaren 23an jaio zen, Valentziako (Herrialde Katalanak) Picassent herriko espetxean. 2008tik aurrera daude Lizarraga eta Gutierrez espetxean. 2020an, pandemiak eztanda egin eta gero, Madrilgo Aranjuezko espetxera mugitu zituzten hirurak.
Burlatako eta Algortako zenbait herritarrek Izadi Gurasoekin Etxera plataforma sortu zuten umea jaio eta handik gutxira. Hasieratik, xede hartu dute haurra ez dadila bilakatu ume motxiladun, ez dezatela gurasoengandik urrundu; ez ditzatela gurasoak haurrarengandik urrundu.
“Borondate kontua da, legeak bideak ematen baititu familia elkarrekin egoteko; Mariari [Lizarraga] ere ematen ahal diote hirugarren gradua, nahi izanez gero”, aipatu du Itxaso Torregrosak.
Plataforma sortu zutenetik, kideek hamaika egitasmo egin dituzte umea eta gurasoak ez banatzeko eskatzeko; Nafarroako eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako arartekoekin egon dira, adibidez, eta talde politikoekin hamaika bilera egin dute. Dokumental batean bildu dute Izadi Lizarragaren egoera, gainera, eta berriki, Afu taldeak umearentzat egindako Izadi txikiak kanta aurkeztu dute. “Hitz on asko jaso dugu; ekintzak falta dira”.
Argazkia: Idoia Zabaleta / Foku