Erakusketa batean jaso dute LGTBI kolektiboaren memoria

Erakusketa batean jaso dute LGTBI kolektiboaren memoria

‘Gu beti hemen, lehenengo lerroan’ lelopean antolatu dute; Fefa Vila Nuñez da komisarioa. Kondestablearen jauregian da, hilaren 30era arte.

Edurne Elizondo

“Sexu disidentzien azken aldiko historiaren kontakizun bat da”. Horixe erran du Fefa Vila Nuñez komisarioak, Iruñeko Kondestablearen jauregian ikus daitekeen Gu beti hemen, lehenengo lerroan izenburuko erakusketari buruz. LGTBI mugimenduaren memoria jaso du, hamaika argazki, fanzine, kartel, aldizkari, pankarta eta testuren bidez. Madrilgo Reina Sofia arte zentroak, Bartzelonako Ca la Dona dokumentazio zentroak, Maite Albiz emakumeen dokumentazio zentroak eta Nafarroako EHGAMek utzi dituzte jauregiko bigarren solairuan zintzilikatu dituzten materialak.

Erakusketak gorputz eta identitate disidenteak jarri nahi ditu erdigunean, eta zabaldu, aldi berean, LGTBI kolektiboaren borrokaren berri. 1977tik 2021era bitarteko epea jorratu du Fefa Vila Nuñez komisarioak, zehazki, eta 25 urtez LGTBI kolektiboak izan dituen kezka, arazo, borroka eta aldarrikapen nagusiak nabarmendu ditu.

Bost atal

Erakusketako komisarioak bost zatitan antolatu ditu jasotako materialak; batetik, Maitasuna ezagutu, ez legea izenburupeko atalean, mugimenduaren 1970eko hamarkadaren bukaerako eta 1980koaren hasierako argazkia osatu du; Plazerera lotutako gorputz intsumisoak atalean, berriz, LGTBI kolektiboak derrigorrezko soldaduskari emandako erantzuna aztertu du, bai eta feminismoaren barruan egindako bidea ere.

Bizirik segitzeko borroka da lehena izena du hirugarren atalak, eta, bertzeak bertze, hiesaren inguruko hausnarketa proposatzen du. Laugarrenak kolektiboaren aurkako gorroto diskurtsoak salatu nahi ditu, eta azkena, berriz, queer politiken ingurukoa da.

Komisarioak ikusleen parte hartzea eta gogoeta sustatu nahi izan ditu, eta Kondestablearen jauregiko erakusketan badira etxera eramateko testuak, bertzeak bertze. Hilaren 30era arte egonen da zabalik, goizez eta arratsaldez.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku