Gurpil zoroa

Gurpil zoroa

Lohizune Amatria

Zer gertatzen da euskara, genero berdintasuna eta Iruñeko Udala (UPN, PP eta Ciudadanos) elkartzen direnean? Spoiler-rik ez dizut eginen zutabearen sarreran, baina ziur naiz ez zabiltzala oker pentsatzen ari zaren horrekin. Ez da ezer berria. Ongi etorri gurpil zorora.

Azaroan, Iruñeko Udaleko Berdintasun Sailetik mahai inguru bat moderatzeko proposamena egin zidaten. Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunari lotuta, Julen Hernandezek zuzendutako Aurrera egin badugu dokumentala proiektatu nahi zuten, hilaren 30ean; eta, ondoren, solasaldia egin Jaizkibel Konpainiako bi kiderekin.

Baietz erantzun nuen; baina egun gutxi geratzen ziren jarduerarako, eta pentsatu nuen: “Ze arraroa, ez dut ezein agendatan ikusi ezer honi buruz”. Google: aurrera egin badugu, Iruñea. Ez. Iruña, badaezpada. Ezer ez. Ea, horrela: aurrera egin badugu, Pamplona. Orain bai, argitalpen bat dago udalaren kultur atarian. 18:30ean, ados, 30ean, baina ez du jartzen non den. Ohar bat dago, gaztelania batuan: “Iruñeko Udala ez da beste erakunde batzuei buruzko datuen erantzule”. “Zer? Udala da-eta arduraduna. Tira, denbora kontua izanen da, aurrerago jarriko dute zerbait”, pentsatu nuen.

Iritsi zen eguna, azaroaren 30a. Saioa baino ordubete lehenago elkartu ginen Caldereria aretoko langilea, Iruñeko Udaleko berdintasun teknikaria, Hondarribitik iritsi berri ziren Jaizkibel konpainiako bi kideak eta ni. Berdintasun teknikariak berehala ohartarazi zigun: “Izan liteke ez etortzea inor”. Ongi zekien zeri buruz ari zen. Ez zen inor agertu. Dokumentalaren proiekzioa audioaren kalitatea eta bolumena neurtzeko minutu bateko emanaldia izan zen; solasaldia, berriz, moderatzailerik gabeko elkarrizketa aberasgarri pribatu bat. “Barkatu, benetan”.

Amorraturik, etxerako bidean, sare sozialak zabaldu nituen. @Irunakulturada. Hara, Thelma eta Louise film klasikoa estreinatu zela 30 urte dira, Sanduzelaiko Civivoxen eman dute; eta Gaiarre antzokia Gazteluko plazan izan zen 1931ra arte. Caldereria gelakoaz, ordea, ezer ez. Ea, gaztelaniazko bertsioan? Deus ez. Primeran (nabari dadin sarkasmoa).

Arrakastarik gabe, txio bat jarri nuen egun hartan jendea anima zedin. “Agian lagunen bati faborea eskatu izan banio? Lohi, intrusismorik ez, erantzukizunean”. Horrelako jardueretara inor joaten ez dela esanen dute agintariek, ez diela herritarren nahiei erantzuten. Baina ez da ausazkoa izan euskaraz eta feminismoaz jarduten den ekintza batera inor joan ez izana. Nola joanen dira dagoenik ere ez badakite? Ez da ausazkoa izan gaiaz ia komunikaziorik ez egitea udalak.

Ez da ausazkoa izan, ezta harritzekoa ere. Hiriak azken sanferminetan eman duen irudiarekin kezkatuta agertu da udala, azkenaldian. Eraso sexisten salaketen berri ematerik ez dute nahi. Ezkutatzeak ez du, ordea, arazoa konponduko; larriagotuko baizik. Ikusezin egitea beste indarkeria mota bat da, eta euskara eta feminismoa horren biktima dira Iruñean. Ez gaitzatela engaina.