Artxila eskalada taldeak 2020ko abenduan ireki zuen rokodromoa, Beran. 60 bazkidek osatzen dute taldea, baina itxaron zerrenda dute sartzeko. Eskalada eskualdean zabaltzeko lanean ari dira.
Ainhoa Larretxea Agirre
Eskalatzeko, baina ez horretarako bakarrik: eskalada ezagutarazteko helburua ere badu Berako Artxila eskalada taldeak. 2020ko abenduan ireki zuten eskalada pareta Beran, eta, hasierako helburuak beteta, eskalada zabaltzeko lanean dihardute urtebeteren ondotik ere. Beran dago rokodromoa, baina erabiltzaile guztiak ez dira herrikoak, Bortzirietako bertze herrietako, Malerrekako eta Baztango jendea ere biltzen baitu elkarteak.
Herriko gazte talde batena izan zen ideia. Gaztetxean entrenatzen ziren ordura arte, eta gune hori utzi eta bertze bat bilatzeko erabakia hartu zuten. “Leku bat bilatzen hasi ginenean pentsatu genuen talde txiki bat izan beharrean inguruko herrietara ere zabaltzea, eta badirudi arrakasta izan duela”, kontatu du Mikel Aldazabal Artxila taldeko kideak. Erran eta egin. Eskalada pareta egiteko leku bat aurkitu, eta bilera bat egin zuten interesa zutenekin. “Hasieran, helburua zen hogei lagun biltzea lokalaren alokairua ordaindu ahal izateko. Eta hori segidan gainditu genuen, uste baino lehenago”, nabarmendu du Asier Calderon Artxilako partaideak.
Egun 60 kidek osatzen dute Artxila, eta elkarteko kide izateko itxaron zerrenda dago. “Hasieran, 50 ginen, edukieraren kontuagatik, erabaki genuelako gehienez ere hamar pertsona egon zitezkeela barrenean aldi berean, baina ikusi genuen denbora pasatu ahala ez zela horrenbertze betetzen, eta erabaki genuen kide kopurua 60 lagunera igotzea”, adierazi du Oihana Eltzaurdiak. Hein handi batean, auzolanean eraiki zuten Artxila, nahiz eta egitura orokorra inguruko enpresa batek egin, eta egun auzolanean kudeatzen dute oraindik. Elkarteko kideak arduratu dira egitura guztia egiteaz, eta haiek dute egitura eraldatu eta bide berriak egiteko ardura ere. Kideek hileroko kuota bat ordaintzen dute eskalada pareta erabiltzeko aukera izateko, eta, gainera, hainbat batzorde dituzte gunearen mantentzea eta funtzionamendua kudeatzeko.
Rokodromoaz harago
Rokodromoaz harago, eskalada bultzatzea da Artxilaren bertze helburuetako bat, eta horretan dihardute. Bihar Mendi Eguna eginen da Beran, eta, hortaz, haurrentzako eskalada ikastaro bat emanen dute; Agerra auzoko pareta batean eskaladako gune bat sortzeko lanetan ari dira. Gainera, arrokan eskalatzeko guneak prestatzeko asmoa ere badute.
Kideek nahi dute eskaladaren indarra ez dadila izan egun bakarreko kontua, eta Eltzaurdiak dio helburua elkargune izatea ere badela: “Eskalada modan paratu da azken urtean, eta ez genuke nahi moda hutsa izatea; jarraipen bat eman nahiko genioke. Aldi berean, hasieran sartu ginenontzat ez da entrenatzeko gune bat sortzea bakarrik. Ez dugu nahi rokodromo edo lokal huts bihurtu dadin”. Horregatik, garrantzi berezia eman diote dinamizazioari, eta, erraterako, iaz irteera batzuk egin zituzten kanpoan eskalatzeko. Horretan ari dira orain ere, ikusteko ea elkarteko kideek elkarrekin irteerak egin nahi dituzten, edo beren kontu ibiltzea nahiago ote duten.
Etorkizuna badu Berako proiektuak; horren erakusgarri, eskalada paretan entrenatzen diren gazteenek 14-15 urte dituzte. 14 urtetik gorakoak izan daitezke elkarteko kide, eta horiek baino gazteagoak, berriz, gonbidapen bidez sartu daitezke. Hori da Artxilaren bertze berezitasunetako bat. Elkarteko kide bakoitzak aukera du hilabetean behin pertsona bat taldera gonbidatzeko; gazteenak, berriz, nahi bertzetan joan daitezke. Maiztasun handiagoarekin joateko, ezinbertzekoa da taldeko kide izatea, baina bazkide kopurua betea dute, eta izena eman nahi dutenek, ondorioz, itxaron egin behar dute.
Eskalada paretak urtebete badu ere, aitzinetik egindako lan baten jarraipena da Artxila, Calderonek azpimarratu duenez: “Beran, eskalatzeko kultura egon da. Orain gu hemen bagaude, lehenago bertze batzuk egon direlako gaude, eta kristoren lana egiten dutelako”.
Izena ere aitzinekoei harturikoa da. Duela urte batzuk herriko hiltegi zaharrean zegoen eskalada paretak Artxila zuen izena, eta hartatik hartu dute izena, eta baita hainbat material ere. Hiru kideek gogoan izan dituzte hasiera horietan herriko hainbat eskalatzailek egindako lana eta izandako eragina.
Artxilako kideek urtebeteko bidea egin dute, eta hemendik aitzinera ere hori dute helburua: eskaladan bideak irekitzen jarraitzea.