‘Lorratzean’, ikusi eta ikasteko

‘Lorratzean’, ikusi eta ikasteko

Nor kolektiboak dokumental bat egin du animalien askapenerako mugimenduaren historiari buruz, Linas Korta zuzendariarekin batera. Iruñeko Katakraken emango dute bihar, 18:00etan.

Edurne Elizondo

Egindako bidea aztertu, egiteko dauden urratsak zehazteko. Nor kolektiboak helburu horrekin egin du Lorratzean dokumentala, Linas Korta zuzendariarekin batera. Lan horretan jaso du animalien askapenaren aldeko mugimenduaren historia, eta nabarmendu du, batez ere, Euskal Herriko egoera. Iruñeko Katakrak liburu dendan botako dute bihar, 18:00etan hasita.

2018an sortu zuten Nor kolektiboa, animalien askapenerako ekintzaileak saretzeko, eta mugimendua sendotzeko asmoz. Euskal Herriko hiltegien inguruko ikerketa batekin agertu ziren taldeko kideak jendaurrean, lehenengoz, urte hartan. Euskal Herriko zoologikoen eta akuarioen inguruko bertze ikerketa bat egin zuten 2020an, eta iaz, berriz, Lorratzean dokumentala estreinatu zuten, urrian. Gasteizen, Bilbon eta Donostian erakutsi eta gero, Iruñean aurkeztuko dute.

“Hiru urteko lanaren emaitza da”, azaldu du Nor taldeko bozeramaile Maialen Saguesek, lan horri buruz. Saguesekin batera, Euskal Herriko mugimendu antiespezistako hamaika ekintzailek hartu dute hitza dokumentalean, beren esperientziak eta hausnarketak partekatzeko. “Mugimendu gaztea da gurea, baina uste baino bide luzeagoa egina du jada; Euskal Herrian eragile askotarikoak badira, eta beren iritziak jaso nahi izan ditugu”, erantsi du Saguesek.

Europako testuinguruan

Linas Kortak Euskal Herritik kanpo kokatu du dokumentalaren hasiera, eta XX. mendearen bigarren erdian Europan gertatutakoa jorratu du, batez ere, hemengo mugimendu antiespezista dagokion testuinguruan jartzeko. Dokumentalak nabarmendu du, adibidez, 1960ko hamarkadan Ingalaterran Ehiza Sabotatzaileen Elkartea sortu zutela, eta, ehiztari burgesen aurkako lanaren bidez, animalien askapenerako borroka klase borrokarekin lotu zutela.

Ehiza sabotatzaile horien moldeak harago eramateko, hain zuzen, Band of Mercy sortu zuen Ronnie Leek, 1971n. Laborategi bati su ematea egotzi zioten; hiru urtez izan zen espetxean, eta, atera zenean, 1976an, Animalien Askapenerako Frontea jarri zuen martxan.

Euskal Herrian ere badago Animalien Askapenerako Frontea. Azken urteotan, hain zuzen, ehiza dorreen aurkako hamaika eraso egin ditu. “Europatik hasi, eta mugimendu antiespezista Euskal Herrian nola garatu den azaldu nahi izan dugu”, nabarmendu du Kortak.

1980ko eta 1990eko hamarkadetan Bilbon zuen mugimendu antiespezistak indarrik handiena, eta hiri hori kolpatu zuen Galiziako epaile batek martxan jarritako Igualdad Animal eta Equanimal taldeen aurkako operazioak, 2011. urtean. Hamabi ekintzaile atxilotu zituzten; haietako lau, Bilbon. Azkenean, auzia artxibatu egin zuten.

Operazio hura gertatu baino urtebete lehenago sortu zen Askekintza talde antiespezista, Donostian. 2010etik, garatuz joan da talde horren izaera, baina markatu du, neurri handi batean, azken urteotako mugimenduak egindako bidea. “Talde antiespezistak sortu dira hamaika herritan, nor bere inguruan eragiteko asmoz”, aipatu du Saguesek.

Nor kolektiboaren lanak talde horiek egungo mugimendu antiespezistari eman dioten izaera azaldu nahi izan du, eta erdigunean jarri “zapalkuntza ororen aurkako borroka” gisa ulertzen dutela antiespezismoa, eta gainerako gizarte mugimenduekin harremana sakontzea dutela helburu.

Elkarrizketen bidez josi du Kortak Lorratzean dokumentala, Euskal Herriko mugimendu antiespezistaren berri emateko modu “erraz eta atsegin” batean. Bihar, 18:000etan hasitan, Iruñeko Katakrak aretoan. Otsailetik aurrera, berriz, sarean izanen da.