Kattalin Barber Lakabekoa da, eta ibarreko ondarea biltzeko proiektu bat jarri du abian: Artzibarko herbarioa osatzen ari da. Loreak artelan bilakatu ditu, gainera; Artiumen erakutsi ditu, Maddi Barber eta Marina Lameiroren ‘Paraiso’ lanaren osagarri.
Edurne Elizondo
Inguruan zuenari so eginez. Horrelaxe piztu zitzaion Kattalin Barberri (Lakabe, 1990) orain esku artean duen proiektua martxan jartzeko gogoa: Artzibarko lore herbarioa osatzen ari da. “Konfinamendu gogorrenaren garaian, Zaragueta eta Iruñea artean ibiltzen nintzen. Zaraguetan, paseo luzeak eman nituen amarekin, eta orduan ohartu nintzen inguruan genituen lore guztiez”.
Lakaben jaio eta hazi zen Barber; landa eremura begira bizi izan da beti. Konfinamenduko irteerek, baina, aukera eman zioten ezaguna zuen horri bertze modu batera begiratzeko. Hasi zen sasoi bakoitzeko koloreez jabetzen, beti ikusitako loreen berezitasunez ohartzen; eta konturatu zen Artzibako loreak ibar horretako ondarearen parte ere badirela.
Barberrek iazko udaberrian eman zion bidea 2020ko paseo horiek piztutako grinari. “Artzibarko loreen herbarioa osatzea erabaki nuen; nire herbarioa”, zehaztu du. Lanean hasi zen. Ez da botanikaren esparruko profesionala, baina zaletasuna badu, eta zaletasun horri erantsi dio ibarrarekin duen loturak ematen dion begirada.
Izan ere, azken hamarkadetako historiak aldatu egin du Artzibarko egunerokoa; ibarra bera aldatu du, eta betiko lotu du Itoizko urtegiaren aurkako borrokarekin. Artzibarko herri ziren Muniain, Artzi eta Artozki, eta hirurak ur azpian dira urtegia bete zutenetik. Nagoreren erdia ere bai. Herrion galerak ibarrekoak jo zituen, bereziki. Galdutakoaren inguruko hausnarketa egin du Barberrek ere, eta balioa eman dio ondareari eusteko lanari.
Identifikatu eta sailkatu
Kuku-belarra, hiazintoak, udaberri-loreak eta bioletak: lore horiek dira Barberren kutunenetako batzuk, eta osatzen ari den herbarioaren parte. Loreak biltzeko, lehortzeko eta gordetzeko urratsekin batera, lore horiek identifikatzeko eta sailkatzeko lana ere egiten ari da Barber. “Loreen argazkiak baliatzen ditut identifikatzeko. INaturalist izeneko aplikazioa erabiltzen dut, besteak beste”. Loreak identifikatzeaz gain, jaso duen tokiari eta sasoiari buruzko informazioa ere gordetzen du, sailkapena ahalik eta osatuena izan dadin.
Oraingoz, 58 lore espezie identifikatu ditu Kattalin Barberrek. Bertze anitz jasoak ditu jada, eta horiek ere sailkatzeko bidean da. Udaberriarekin batera, berriz aterako da Artzibarko zelaietara. “Prozesu bat da hau, eta asko ikasten ari naiz”.
Ikasten, bertzeak bertze, loreen izenen inguruan: “Nik izen gutxi nekien, eta informazio asko jasotzen ari naiz identifikatzeko prozesuan. Izen zientifikoa dago, eta, horrekin batera, izen arrunta. Euskarazko izenak ere jasotzen ari naiz”.
Herbarioa osatzeko loreak prestatzeko prozesuari buruz ere anitz ikasi du Barberrek. Oroitu ditu jasotako lehendabiziko loreak lehortzeko Elhuyar entziklopedia erabili zuela, eta lore anitz hondatu zitzaiola. “Ur asko badute, loreak biltzeko papera aldatu egin behar da”, azaldu du, esperientziak irakatsitakoaren ildotik.
Entziklopediaren ordez, loreak lehortzeko prentsa erabiltzen du orain. Herbarioa osatzearekin batera, gainera, artelan bilakatu ditu jasotako loreak. Lagunentzako koadroak egiten hasi zen, baina erosi nahi dizkiotenen eskariak ere jasotzen ditu orain. Gasteizko Artium zentroan ere erakutsi ditu Artzibarko loreak, Maddi Barber bere ahizparen eta Marina Lameiroren Paraíso lanaren osagarri.
Lakabeko paradisua
Lakabeko Paraiso eremuko pinudiari buruzko dokumental bat da Barberren eta Lameiroren izen bereko lana. “Nafarroako Gobernuak jarri zituen pinuak, zura esplotatzeko asmoz. Baina proiektua hutsean gelditu zen, azkenean. Lakaben lanketa bat egin dute, eta erabaki dute lur hori erabiltzea. Pinuak kendu dituzte jada”.
Dokumentalak prozesu horren berri bildu du. Pinuak kendu baino lehen, hango loreak jasotzeko aukera proposatu zion Maddi Barberrek bere ahizpari, eta egin zuen. “Pinudia desagertu behar zen, eta betiko aldatuko zen. Pinuak kentzeak loreei ere eraginen ziela ikusita, han egon zen pinudi horretako loreak jasotzea erabaki nuen”, azaldu du Kattalin Barberrek. Toki jakin bateko herbarioaren bidez, toki horretako memoria jaso du, finean.
Barberrek eta Lameirok Gasteizko Artiumen aurkeztu zuten iazko udan dokumentala, eta zentroko gela batean Lakabeko pinudiko lore herbarioa erakutsi zuen Kattalin Barberrek. “Oso proiektu polita izan zen”, erran du.
Loreek mundu oso bat zabaldu diote, eta mundu hori jorratzen segitzeko gogoz da. Loreen memoria jasotzeko gogoz.
Argazkiak: Maddi Barber.