Bidatz Villanueva Etxague
Bizitzaren plow twistak: denboraldi labur batez lanean izan nintzen egunkariaren gehigarrian tarte bat izanen dut hemendik aurrera nire iritzia plazaratzeko. Errespetuz, eta pixka bat zalantzati nola ekin. Beraz, egunerokoan hausnarketa iturri dudan gaia ekarriko dut lehen papereratze honetara: komunikazio eraginkorra nola gauzatu euskararen sentsibilizazioan eta eskura dauden baliabideak.
Ez dut lan ibilbide luze egonkorrik, eskuliburuko Milenial belaunaldietako jada-ez-hain-gazte-on-bat naizenez gero, baina aprobetxatuko dut aitortzeko hedabide honetan egindako kazetari jardunak asko eman didala, historiako une garrantzitsuak bizitzeko aukera; hala nola, BERRIAren Iruñeko egoitzan praktiketan nintzela, euskaldunontzako mugarri izandako gertaera baten lekuko izan nintzen: Euskalerria irratiak emisiorako lizentzia lortu zuenekoa, hura aldarrikatzen 27 urte iragan eta gero. Euskararen normalizazioaren bidean egun gogoangarri bat izan zen.
Hedabide erreferenteak ditugu, kritikoak, kalitatezkoak eta independenteak, erranen nuke, masa komunikabideen botereari aurre egin behar dietenak. Gizarteen iritzi eta iruditegi sortzaile, eragile eta bozgorailu izaten jarraitzen dute. Pierre Bourdieu soziologoak irizten zuen bezala, kazetarien eremuan, batetik, establishmentean finkatutakoak daude, eta, bestetik, “euren gizarte-esparruan nagusi direnen aurka borrokatzen diren kritikari marjinatuak”. Euskal hiztunok kritikari horiek behar ditugu, hain zuzen.
Komunikazio instituzionalari dagokionez, administrazioan euskararen inguruan lan egiteak eskatzen duen zabalpen lana modu eraginkorrean gauzatzeaz kezkatzen naiz, dagokidan eskualdean, eskura ditugun baliabideekin, organismo publikoek horretarako profil bat ezartzen ez duten bitartean, behintzat. Horregatik eskertzekoa da euskararen aldeko ekimen eta proiektu handiek (Euskaraldia eta Korrika, adibidez) alor horri ematen dioten balio handia, bai mezuak helarazteko, bai marka bat sortzeko, komunikazioa ahalik eta eragingarriena izateko.
Alde batetik, ezin da ukatu egungo militantziaren zati handi bat sarean ematen dela. Helburu batzuk finkatu beharko lirateke horiek erabiltzeko, ahal izanez gero, edukia sortu eta elkarri eragin.
Biztanleriaren oso zati handi bat sare sozialetan gertatzen denari begira dago. Euskara diglosia egoeran egoteaz gain, Interneten algoritmoen munstroa du etsai, baina alde du aukera infinituen espazioa dela.
Guztioi dagokigu komunikatzea, bizitzako alor guztietan; modu askotan egin daiteke, baina iruditzen zait oraindik ez dela behar bezala balioesten hainbat lan esparrutan.
Norbanakoaren borondatearen araberakoa da komunikazioaren alorrari dagokion guztia. Kanpora begirako irudia eta zabalpena, informazio iturri dena bezain garrantzitsua dela erranen nuke.