Iritzia: Barkamin

Iritzia: Barkamin

Olatz Azpirotz Larzabal

Edozer gauza izendatzeko zentzumenetatik abiatutako ingurunearen informazioa beharrezkoa dugu; era berean, ordea, ingurunea identifikatzeko izen baten beharrean gaude etengabe. Gutako bakoitzak hainbat hitz ikasiak ditu, eta, halere, egoera askotan, mutu geratu eta gutxi direlakoaren sentsazioa izaten dugu.

Pertsonok hiztegi propio bat dugu, eta hiztegi horrek gure diskurtsoaren atzean dauden asmoak egituratzea ahalbidetzen du. Hiztegiarekiko harremana konplexua da, ordea; batzuek hizkuntza hiztegia bakarra eta kulturatik askea dela babestu izan dute. Ordea, hizkuntza eta kulturaren arteko lotura da, akaso, lotura sendo eta hilezkorrena; pertsonon artekoa baino iraunkorragoa, alegia.

Hiztegi horren sorkuntzan eta osaeran, inguruko pertsonek osatutako zirkulu hertsiak ezinbestekoak dira. Zirkunferentzia horren babes-eremuak diren ertzek hitzak irakatsi zizkiguten, eta, horrela, irakaspen horiengatik bihurtu zen gertuko zirkulua, oro har, erromantiko. Egia da erromantiko hitza ez dugula usu haurtzaroan ikasten; bai, ordea, maitasuna, eta hor sartzen dugu hanka eta izana. Bi terminoak sinonimotzat hartu izan ditugu maite gintuen zirkulu hori erromantizatzea erraztuz. Era horretara, askotan, erromantizismoak zuloak eta amuak mozorrotzen dizkigu, eta horrela mina narrasti bihurtzen da; eguzkitan geldo eta iluntasunean bizkor egoten den animalia. Erromantikotasunaren erruarekin eta sare biribila zurrundu eginen delaren ustearekin barkatzen diogu elkarri. Barkamen zerrenda horiek zerrenda diren heinean, barkamen eta onarpenekin mailakatze kontziente edo inkontziente bat egiten dugu. Hau da, batzuei barkatuko ez geniekeena besteei onartzen diegu. Batzuk lehenesten ditugu. Batzuek dena dela inguruan mantentzeko betikotasun txartela dute, eta hori ez da ez erromantikoa, ez maitasuna. Ordea, gure kulturak biak direla oihukatzen digu. Halere, hiztegia kulturatik askea ez delarik, kulturak hiztegia sortzen du, eta gu gara hori sostengatu eta bizi-itxaropena luzatzen diogunak. Guk kultura sortzen, osatzen eta garatzen dugun heinean, gu gara kultura alda dezakegunak, baina ez gara jakitun. Guk alda ditzakegu terminoak eta definizioak; konponbideari bidea topatu, erromantizismoa mugatu eta maitasuna loratu.

Agian, barkamenak onartu behar ez bagenituzke, guztia errazagoa edo behintzat eramangarriagoa izango litzateke. Agian, automatikoki, pentsatu eta hausnartu gabe pertsonak barkatzeari utziko bagenio, guztia errazagoa edo behintzat eramangarriagoa izango litzateke. Agian, maitasunaren eta erromantikoaren arteko banaketa ikasiz gero; agian, ingurukoak nahitaez maitatu behar ez ditugula ikusiz gero; akaso, kulturaren estrukturak antzeman, saihestu eta eraldatuko bagenitu, guztia errazagoa edo behintzat eramangarriagoa izango litzateke. Agian, gehiegi eta jakinduria gutxiegi. Barkatu.