Uholdeen ondorioz, Plaza Zaharraren azpiko ubidea buxatu zen, eta zulo handi bat agertu zen etxeen ondoan. Lorenzobaita da hutsik segitzen duen bakarra. Udalak bilera egin du auzokideekin.
Edurne Elizondo
“Oraindik lan handia dago egiteko”. Aitor Elexpuru Berako alkatearenak dira hitzak. Herriko Plaza Zaharreko bizilagunen aurrean erran zituen, joan den ostiralean. Urtarrilaren 10ean, zulo handi bat eragin zuten uholdeek plaza horretan, eta, horren ondorioz, 24 etxebizitza hustu behar izan zituzten.
Kalbarioko erreka plazaren azpian dagoen ubidetik pasatzen da, eta hor gertatu zen ezbeharra: Lorenzobaita etxearen eta Plaza Zaharreko 1.aren artean, zulo handi bat agertu zen. Urtarrilaren 14an, bizilagunak etxera itzuli ahal izan ziren; denak, Lorenzobaitakoak izan ezik. Etxe horren azpian sortutako buxadurak eragin zuen ezbeharra, eta konpontzen ari dira oraindik. Joan den asteko bileran, lanean ari diren teknikarien ahotik jasotako “lasaitasun mezua” helarazi nahi izan zien alkateak herritarrei, eta garbi utzi, aldi berean, “lanean segitzen” dutela.
Lehen zuloa, abenduan
Abenduko eta urtarrileko uholdeek gogor jo dute Berako herria. Abenduan, Zia errekak eta Bidasoa ibaiak egin zuten gainezka, bertzeak bertze. Kalbarioko errekaren emariak ere gora egin zuen abenduan, eta urak zulo bat eragin zuen erreka ubidean sartzen den tokian. Urtarrilaren 10eko euriteen ondorioz, okerrera baino ez zuen egin egoerak. Plaza Zaharrean agertutako zuloak horma bat bota zuen, eta Lorenzobaita etxeko sotoan gainezka egin zuen urak. “Azpitik pasatzen da ubidea”, zehaztu du Elexpuru alkateak. Buxatu eta gero, urak etxeko sototik bilatu zuen ateratzeko bidea; harriak eta lohia arrastatu zituen bide horretan.
“Sekulako sustoa hartu genuen”. Horixe nabarmendu zuten Berako Plaza Zaharreko bizilagunek, iragan astean Elexpuru alkatearekin egindako bileran. 1. zenbakian bizi direnek hartu zuten sustorik handiena, haien ondoan agertu baitzen ubideko buxadurak eragindako zuloa.
Hasieran, Nafarroako Gobernuko adituek erran zieten ezinen zirela bertze bizilagunekin batera itzuli etxera. Azkenean, eraikinaren egitura ongi dagoela ikusita, urtarrilaren 14an bueltatu ziren denak, Lorenzobaitako biak izan ezik. Etxe horretako sotoan lanak egin behar dituzte, uholdeek eragindako buxadura behar bezala konpondu ahal izateko.
“Herritarren ondoan”
Bizilagunek eskertu egin dute Berako Udalak emandako babesa, eta, alkatearekin egindako bileran, esker on hori erakutsi zioten Aitor Elexpururi. Udaletxetik hurbil da Plaza Zaharra, eta, ezbeharra gertatu zenetik, hamaika aldiz egin du alkateak herriko etxetik plazarako bidea. “Herritarren ondoan egon behar dugu; ezin ditugu bakarrik utzi, hori da gure ardura. Guk ere susto handia hartu genuen, eta herritarrekin egon behar dugu”.
Berako alkateak Iraola-Arteta enpresako kideen lana nabarmendu nahi izan du. Haiek ari dira buxadura konpontzeko lanetan. “Sekulako lana egiten ari dira; ubidean ari dira, eta ez da erraza. Lanak amaitu bitartean, kontuan izan behar dugu langileak hor daudela, lan zail bat egiten”, erran du Elexpuruk.
Uholdeek eragindako kalteak konpontzea da orain Berako Udalaren lehentasuna. Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibite herrian izan zen Plaza Zaharreko etxeak hustu behar izan zituzten aste berean, eta gobernuaren babesa eskaini zion udalari, egoerari aurre egin ahal izateko. Halere, oraindik ez da argi egin beharreko lanak azkenean nork ordainduko dituen. Elexpuruk oroitu du, halere, Txibitek hizpidera ekarri zuela Nafarroako Gobernuaren tokiko azpiegituren planaren bidez laguntzak jasotzeko aukera.
Joan den abenduko uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko, hain zuzen ere, Berako Udalak laguntza eskatua du jada. Berako agintariek Nafarroako Gobernuaren laguntzaren bila jo zuten 2021. urteko otsailean izan zen suteak eragindako kalteei aurre egiteko ere, baina oraindik ere ez dute deus jaso, Elexpuruk azaldu duenez. Iazko otsailaren 21ean piztutako sute horrek ia 2.000 hektarea erre zituen, denera; haietako 900, Nafarroako lurretan.