Ortiz etxeko zientzialaria

Ortiz etxeko zientzialaria

Izabako Udalak herriko alaba kutun izendatu du Maria Josefa Molera Mayo. Izaban sortu zen, 1921. urtean; Kimika ikasi, eta Madrilen egin zuen bere bidea. Zientzialari aparta izan zen, baina berandu jaso du aitortza, bertze emakume anitzek bezala. 2011n zendu zen.

Edurne Elizondo

Herrira etortzen zenean, Ortiz etxeko Maria Josefa zen”. Izabako Udaleko zinegotzi Aitor Perezenak dira hitzak. “Berandu” ailegatu direlako pena onartu bertzerik ezin izan du egin: “Ez genekien herrian nor genuen”. Kimikaren arloan bide nabarmena egin zuen zientzialari bat izan zen Izabako Ortiz etxeko Maria Josefa Molera Mayo, eta, iaztik, herri horretako alaba kutuna ere bada.

Izabako Udalak omenaldia egin zion zientzialari nafar horri, joan den abenduaren 18an. Izaban jaio zen Molera Mayo, 1921ean, eta 2011n zendu, Madrilen, 90 urterekin. Hil eta gero jaso du bere sorterriko udalaren eta Nafarroako Gobernuaren aitortza. Alfonso V. Carrascosak idatzitako María Josefa Molera Mayo. Una científica izabar liburua argitaratu berri du gobernuak.

Izabako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren omenaldia Maria Josefa Molera Mayo zientzialariari. Nafarroako Gobernua.

Zientzian bide bat egin nahi zuten emakumeek oztopoak baino aurkitzen ez zituzten garai batean sortu zen Molera Mayo. Baina aurkitu zuen, oztopo horien guztien artean, aurrera egiteko behar zuen zirrikitua: Kimikako bost urteko ikasketak hiru urtean burutu zituen, 1942. urtean; Kimikan doktore izendatu zuten 1948an, eta Ingalaterran eta Ameriketako Estatu Batuetan aritu zen lanean, bertzeak bertze.

Madril izan zuen egoitza nagusi, halere. CSICeko (Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia) Rocasolano institutuko laborategia izan zuen lantoki, hain zuzen. Gasen kromatografiaren esparruan nabarmendu zen, batez ere.

“Bide luzea egin zuen zientzian, mila oztopo gaindituta. Postu guztietatik pasatu zen. Hamazazpi doktoretza tesi zuzendu, eta 76 ikerketa lan argitaratu zituen. Hainbat sari jaso zituen egindako lanarengatik. Kimika sistema aurreratuak ezarri zituen Espainiako Estatuan, eta hari zor zaizkio egun ezagutzen diren ikerkuntza eta garapen sistemaren oinarri berriak”. Uxune Martinezek 2014. urtean idatzitakoak dira hitz horiek, Zientzia kaiera izenburuko blogeko Emakumeak zientzian atalean.

Ikasi ahal izateko, Madrilera

Emakume zientzialarien inguruko blog edo traolik gabeko garaia egokitu zitzaion Mari Josefa Molera Mayo kimikari nafarrari. Gurasoak alde izan zituen, baina. Molera Mayoren ama Onofra Mayo zen, Izabakoa; Julio Molera aita, berriz, militarra lanbidez, Huescako (Espainia) Chimillas herrikoa.

Molera Mayok 4 urte zituen familia Izabatik Donostiara mugitu zenean. Julio Moleraren lanak handik Bizkaira eraman zuen familia osoa, eta Euskal Herritik, gero, Santanderrera (Espainia).

Maria Josefa Molera Mayo zientzialari izabarra. CSIC.ES

36ko gerran hil zuten Molera Mayoren aita Julio. “Ama bakarrik gelditu zen bi seme-alabekin, baina, Izabara itzuli ordez, Madrilera joatea erabaki zuen. Maria Josefa Moleraren aitak beti sustatu zuen alabaren ikasteko grina, eta amak ere, aukera hori eskaintzeko, Madrilera joatea erabaki zuen”, kontatu du Izabako Udaleko zinegotzi Aitor Perezek.

Maria Josefa Molera Mayo zientzialari izabarraren seme Jose Maria Hernaez Molera, amari egindako omenaldian. Izabako Udala.

“Zientzialari aparta izan zen, baina lan handia egin behar izan zuen beti. Aita hil eta gero, familiaren ardura bere gain hartu zuen, neurri batean, eta eskolak ematen hasi zen behar zuten dirua irabazteko”. Nafar Ateneoko Zientzia saileko arduradun eta industria ingeniari Ines Castiella Imazenak dira hitzak; pasadizo hori oroitu, eta nabarmendu du Molera Mayok eta bertze andre zientzialari anitzek harriak izaten dituztela bidean,”emakume izateagatik”.

Nafarroako Gobernuak argitaratutako liburuan, hain zuzen, kimikari izabarrak errandakoa jaso du Alfonso V. Carrascosa egileak, oztopo eta zailtasun horien adibide: “Antonio Rius irakasleak galdetu zidan nire tesia berak zuzentzea nahi ote nuen, eta baietz erantzun nion, nazioartean zuen ospea eta denok genion miresmena aintzat hartuta; kontua zen horretarako Fisika eta Kimika Institutuko [Rocasolano institutua gerora] bekadun izan behar nuela, eta Casares irakasleak, garaiko zuzendariak, ez zituen onartzen emakumeak”, kontatu zuen kimikari izabarrak.

Garaiko akademiarena ez zen emakume zientzialariek jasan behar zuten presio bakarra. Maria Josefa Molera Mayo baino lehenago jaio zen Dorotea Barnes Gonzalez kimikari iruindarra, 1904. urtean. 2003an zendu zen, eta urtebete lehenago, elkarrizketa batean, etxekoen presioa nabarmendu zuen: “Senarrak urrundu ninduen zientziaren bidetik”, erran zuen zientzialariak.

Hitz horiek Molera Mayori buruzko liburuan jaso ditu Alfonso V. Carrascosa egileak. Erantsi du, Molera Mayok ez bezala, Barnes Gonzalezek ez zuela inoiz soldatarik izan zientziaren arloan egindako lanagatik.

Laborategia eta familia

Molera Mayok 1986. urtean hartu zuen erretiroa. “Lanean jarraitzeko moduan nago”, erran zuen orduan. Laborategikoa ez zen haren lan bakarra, hiru seme izan baitzituen; egunero eramaten zituen eskolara. Horrez gain, eskolatik jasotzen zituen, eta beti bazkaltzen zuen haiekin, zientzialariari buruzko liburuak jaso duenez. “Laborategian inoiz ez omen zuen familiari buruz hitz egiten; laborategia eta familia bereizitako bi arlo izan ziren Maria Josefa Molera Mayorentzat, baina bietan inplikatu zen”, idatzi du liburuaren egileak.

Maria Josefa Molera Mayo zientzialari izabarra. CSIC.ES

Etxeko eta etxetik kanpoko lanak uztartu behar izatea da emakume anitzek beren bidea egiteko orduan aurkitzen dituzten oztopoetako bat. Emakume zientzialarien errealitatea ez da bertzelakoa, eta, ondorio nagusia da, kasu anitzetan, egiten duten lan hori, etxekoa eta etxetik kanpokoa, ikusezin bilakatzen dela, hain zuzen.

Maria Josefa Molera Mayori dagokionez, “oso nabarmena” da ikusezintasun hori. “Euskal Herriko zientziaren esparruan erreferente nagusietako bat izan beharko luke”, aldarrikatu du Ines Castiella Imazek. Baina ez da hori gertatu. “Gizarte matxista batean bizi gara, eta gizonei ez zaie interesatzen emakumeek egiten dutenaren berri zabaltzea”.

Castiella Imazek baikor izan nahi du, halere, eta gauzak aldatzen ari direla uste du. “Egia da Informatikako ikasketetan, adibidez, hamar ikasletatik bat dela emakumea, baina egoera bestelakoa da beste esparru batzuetan; biomedikuntzan, adibidez, gero eta emakume gehiago dago, eta lan nabarmena egiten ari dira”.

“Arazoa ez da emakumerik ez dagoela zientziaren arloan; arazoa da ez dela zabaltzen emakume horiek egiten dutenaren berri, ez dakigu zer egiten duten”, erran du Castiellak. Gaineratu du zientzian ari diren emakume horiek erreferente eta eredu izan daitezkeela zientziaren arloan bide bat egin nahi dutenentzat. Horretarako, gainera, bertze batzuei egindako bide bat erakusteko, ez da beharrezkoa Marie Curie izatea. “Ia ezaguna den emakume zientzialari bakarra izan da orain arte; zorionez, gauzak aldatzen ari dira”.

Aitor Perez Izabako zinegotziak bat egin du ideia horrekin, eta erantsi du Izabaren pareko herri bateko neska gazteentzat ere “oso inportantea” izan daitekeela ohartzea emakume zientzialariak ez direla bakarrik hiri handietakoak. Molera Mayoren aurretik ere, izan ziren bertze zenbait. Concepcion Zuasti Fernandezek (Obanos, 1905-1955), adibidez, izabarrak eta Dorotea Barnes Gonzalez iruindarrak bezala, Kimikako ikasketak egin zituen. 1927an burutu zituen, Salamancako (Espainia) Unibertsitatean. Ez dira bakarrak. Badira gehiago. Behingoz argitara ateratzeko zain.

 

Emakume zientzialarien aldeko eguna

Nazio Batuen Erakundeak 2016. urtean izendatu zuen otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egun. Andreek zientziaren esparruan dituzten oztopoei aurre egitea da helburua, eta emakumeon lana erakustea, bertzeen eredu izan daitezen.

Nafar Ateneoko Zientzia sailak otsailaren 8an ospatuko du aurtengo Emakume eta Neska Zientzialarien Eguna, Iruñean: Gutik zura dokumentala emanen dute hiriburuko Kondestablearen jauregian. Jon Maiak zuzendutako lanak egurraren eta euskal gizartearen arteko harremana lantzen du. 2016. urtean estreinatu zuten.

Mari Jose Barriola nekazaritza ingeniariak sustatutako egitasmo bat da Gutik zura, eta, dokumentalaren emanaldia amaituta, hitzaldia emanen du Kondestablearen jauregian.

Errenteriako (Gipuzkoa) Tknika ikerketa zentroko kidea da Mari Jose Barriola, Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloko zuzendaria, hain zuzen ere.