Tudela Comparte fundazioak ia zortziehun pertsona artatu ditu iaz. Villa Javier jantoki soziala kudeatzen du, eta lana eta formakuntza sustatzeko proiektuak ditu.
Edurne Elizondo
Datozen bi urteak hagitz gogorrak izanen dira”. Tudela Comparte fundazioko David Crespok pandemiaren hasieran erran zituen hitz horiek. Errealitateak zuzen zela erakutsi dio: “Lehen gaizki zeudenak orain okerrago daude, eta amildegiaren ertzean zirenak, berriz, behera erori dira”, laburbildu du. Fundazioak ia zortziehun pertsona artatu ditu 2021ean.
Tudela Comparte fundazioak kudeatzen du Tuterako Villa Ja- vier izeneko jantoki soziala. 2016ko ekainean jarri zuten mar- txan, eta, geroztik, jantokiarekin batera, bertze hainbat proiektu ere sortu dituzte egoitza berean: El Capacico (kapazutxoa) ekonomatua; haurrentzako ludoteka; eta El Semillero (hazitegia) formakuntzarako espazioa, bertzeak bertze.
Egitasmo horien bidez, pobreziak edo bazterketak jotako herritarrei behar duten babesa eskaintzea du helburu Tudela Comparte fundazioak. Egoerak okerrera egin duela berretsi, eta erabiltzaileen soslaia ere aldatuz joan dela azaldu du Crespok. “Hasieran, Marokoko edo Aljeriako migratzaileak artatzen genituen, nagusiki; orain, Kolonbia edo Venezuelako erabiltzaileak ere baditugu, eta hemen jaiotakoak ere bai. Batzuk bakarrik heldu dira, eta bertze batzuk, familiarekin”.
Erabiltzaile guztiak behar bezala artatzeko boluntario talde zabala dute Villa Javier jantoki sozialean eta gainerako egitasmoetan. “Haiek ematen didate esperantza izaten segitzeko indarra”. Etorkizunari buruz ez da baikor Crespo. “Garbi dut egoerak okertzen jarraituko duela; enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak indarrean dira oraindik, baina zer gertatuko da desagertzen direnean? Horrek familia anitzen egoerari eraginen dio”.
Zortzi emakume lanean
Villa Javier jantokia 2016tik dago zabalik, baina pandemiak eztanda egin zuenetik, erabiltzaileek etxera eramaten dute jatekoa, segurtasunagatik. Egoitzaren ondoko ikastetxean prestatzen zituzten menuak hasieran, Ilundain fundazioak sukaldaritza eskola baitu han. Koronabirusaren krisiarekin ikastetxe hori itxi zuten, eta egoerak agerian utzi zuen sukalderik eza “arazo” bat zela Villa Javier jantokiko kideentzat. Arazo hori konpontzeko, eta, batez ere, fundazioko zenbait erabiltzaileri lan merkatuan sartzeko aukera eskaintzeko, Villa Javier lantegia sortu dute.
“Zortzi emakume ari dira lanean hor; Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera jarri dugu martxan proiektua”, azaldu du David Crespok. Zenbait teknikariren laguntzarekin, Villa Javier jantoki sozialerako menuak prestatzen dituzte lantegian ari diren emakumeok. Denda txiki bat ere badute, eta hor, erosi nahi duenarentzat prestatzen dituzte etxera eramateko menuak. “Langileen soldatak ordaintzen ditugu salmenta horien bidez”, erantsi du.
Lantegian ari direnak lan merkatura iristeko zailtasunak zituzten emakumeak dira. “Indarkeria matxista sufritu dutelako, lanik gabe denbora luzea eman dutelako, edo lehen enplegua izan ez duten emakume gazteak direlako”, kontatu du Tudela Comparte fundazioko kideak.
Elkarlanean
Boluntarioen inplikazioa “hagitz inportantea” da Tuterako Villa Javier jantoki sozialak eta gainerako proiektuek aurrera egiteko. Erriberako enpresa anitzek ematen dieten laguntza ere eskertu du Crespok. Erakunde publikoen babesari buruz, berriz, “ezinbertzekoa” dela erran du. “Elkarlanean ari garen ideia sustatu nahiko nuke nik, administrazioak baino azkarrago erantzuten ahal diegulako beharrei, malgutasun handiagoarekin. Gobernuak egin ditzala denen eskubideak bermatzeko behar diren urrats handiak, eta guk eginen dugu lan egunerokoan”, nabarmendu du. Eguneroko horretan, atseden hartzeko aukerarik ez da, “beharra handia” baita.
Datuak
507
EKONOMATUAN ARTATU DITUZTEN ERABILTZAILEAK Tudela Comparte fundazioak 507 pertsona artatu ditu El Capacico (kapazutxoa) ekonomatuan. Erabiltzaileek dituzten beharren arabera puntuak ematen dizkiete, eta puntu horiekin erosketa egin dezakete.
779
FORMAKUNTZA JASO DUTEN ERABILTZAILEAK
779 pertsona aritu dira El Semillero (hazitegian) proiektuan formakuntza jasotzen, 2021ean. Gaztelania ikastaroak, informatikan trebatzekoak eta baratze ekologiko bat sortzen laguntzeko saioak egin dituzte, adibidez.