Iritzia: Arrakala

Iritzia: Arrakala

Lohizune Amatria

Emakumeen egoera berdintasunezkoa dela uste duten gizon nafarren kopuruak gora egin du”. Foru prentsako titulu horrekin egin nuen topo aurreko egunean, sare sozialetan. Baieztapenak harritu ninduen, une batez. Gero eta ohikoagoa da genero ikuspegia txertatuta izatea ikerlan gehienek. Genero arrakala errealitate bat dela erakusten dute datuek. Norberak bere esperientzian ere bizitzen duela ziurtatzera ere ausartuko nintzateke. Beraz, nola da posible gero eta gehiagok muzin egitea objektiboa denari?

Jakin-minak klikatzera eraman ninduen. Tamalez, ez nuen informazio gehiagorik topatu, eta zuzenean iturrira jo nuen. Nafarroako Estatistika Institutuak gizarte eta bizi baldintzen gaineko inkesta egin berri du. Azkena 2016. urtean egin zuten. Lau urte geroago, pandemia betean, 2020ko azken hiruhilekoan, Nafarroako 1.529 pertsona galdekatu dituzte, eta datuak alderatzeko aukera dugu. Hau da tituluak ezkutatzen duen datua: 8,3 puntu igo da emakumeek gizonekiko erabateko berdintasun egoera dutela uste duten gizonen ehunekoa, egun %16 dira. Hamarretik, bat eta erdi baino gehiago. Gora egin du, halaber, hori uste duten emakumeen zenbatekoak, puntu bat.

Ehunekoak ez dira oso altuak, eta, baikorrenean jarrita, datuari itzulia eman diezaiokegu. Inoiz ez dago-eta aurpegi bakarra, ezta ikuspuntu bakarra ere. Horrela, baieztatu dezakegu Nafarroako biztanle gehienek uste dutela emakumeen egoera gizonena baino okerragoa dela. Baina, honetan ere, ezaugarri berarekin egin dute topo. Egoera okerragoa dela uste dutenen ehunekoa txikitu da; handitu, aldiz, hobeagoa dela uste dutenena.

Inork pentsa dezake, beraz, benetan gauzak aldatzen ari diren seinale izan daitekeela galdeketa horretatik eratorritakoa; eta, agian, arrazoia izanen du. Baina aurkitutako beste datu zenbaitek heldu beharrekoak jarri dituzte mahai gainean. Kontziliazioari dagokionez, esaterako, galdekatutakoen %64k uste dute emakumeen egoera okerragoa dela (duela lau urte gutxiago ziren hori ziotenak). Etxeko jarduera neketsuenak (arropaz arduratzea, janaria prestatzea eta etxea garbitzea), “beti” egiten dituztenen artean gehiago dira emakumeak. Etxetik kanpo lana dutelako adingabeak zaintzeko ahalegin handiagoa egin behar dute; hamarretik zazpi emakumek diote hori; aldiz, gizonen erdiek. Badira gehiago: aisialdirako denbora gutxiago du emakumeak. Lanegunetan, 43 minutu eguneko.

Argi erakusten dute datuek: erreprodukzio lanak eremu pribatuan daude oraindik, eta emakumeak dituzte erdigunean. Okerragoa da emakumeen egoera. Ez da aukera bat, ez da erabaki bat, eta ez da doakoa. Azken datu bat: hamarretik ia lau emakumek diote oso txarra, txarra edo hala moduzkoa dela bizi duten osasun egoera. Nola ez da bada halakoa izango. Superheroiaren iruzurra gainditu behar dugu, lotuta dago-eta dena. Gorputzaren barruraino zabaltzen da arrakala.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku