Manifestaziora deitu dute Barañainen, kamera gehiago jar ez dezaten

Manifestaziora deitu dute Barañainen, kamera gehiago jar ez dezaten

Udalak abenduaren 22an onartu zuen bertze hemeretzi kamera jartzeko kontratua. Plataforma bat osatu dute asmo horren aurka; protesta bat eginen dute hilaren 11n.

Edurne Elizondo

Manifestaziora deitu dute Barañainen, udalak zaintzarako hemeretzi kamera berri jarri nahi dituela salatzeko. Herritar talde batek asmo horren aurka osatu duen plataformak antolatu du protesta. Otsailaren 11n eginen dute manifestazioa, 19:00etan, Udaletxeko plazan hasita.

“Udalaren asmoak ez du bat egiten herriko errealitatearekin; kontrola da helburu bakarra”. Idauze Zaratiegi eta Iraitz Andiarena plataformako kidearenak dira hitzak. Are gehiago, Barañaingo udal agintariak “gazteak kriminalizatzen” ari direla salatu dute. “Egungo pandemiaren testuinguruan kokatu behar da udalaren asmoa; kontrol sozialak gora egin du”, nabarmendu du Zaratiegik; Andiarenak adibide bat erantsi du: “Lakuaren inguruan elkartzen dira gazteak azken garaian, batez ere; udalak garbi utzi du hor jarri nahi dituen kameren helburua dela kaleko zurrutari aurre egitea”.

Bi helburu

Navarra Sumak du agintea Barañaingo Udalean. Iazko abenduaren 22an, erakunde horretako Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki zuen herrian hemeretzi kamera jartzeko kontratua onartzea. Zehazki, kamera berriek bi helburu izanen dituzte; batetik, nagusiki herriko sarreretan jarriko dituztenen bidez “trafikoa kontrolatu” nahi du udalak; bertzetik, herriko zenbait karrika eta plazatan paratuko dituztenen asmoa da “delituei aurre egitea, saihestea edo errotik kentzea”.

Azken multzo horretako kamerek sortu dute Barañaingo herritarren kezka, batik bat. Urtarrilaren 24an, batzar ireki bat egin zuten herriko kultur etxean, “informazioa zabaltzeko” asmoz. Izan ere, herritarrek kritikatu dute udalak ez duela eztabaidarako aukerarik eman, eta “ezkutuan” onartu duela kamerak jartzeko kontratua. Lehendik ere bazeuden, baina hagitz toki jakinetan jarrita; udaletxearen eta udaltzainen egoitzaren inguruan, hain zuzen. Harago doa oraingo asmoa, eta “informaziorik eza” salatu dute plataformako kideek.

Bat egin duten herritarrek uste dute “gogoeta bultzatu” behar dela zaintza kameren erabilerari buruz, herriko agintarien erabakia irmoa izan arren. Herriko egoera kontuan hartuta, garbi dute udalaren asmoa “neurriz kanpokoa” dela.

Azaroan, krimen kopuruari buruzko datuak ezagutarazi zituen Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak. Nafarroan, 2021eko urtarrila eta iraila bitarte, 19.255 arau-hauste gertatu ziren: 38,5, 1.000 biztanleko. Barañainen, denera, 294 izan ziren —252, aurreko urteko epe berean—.

Plataformako kideek zalantzan jarri dute, bertzalde, kamera berriak jartzeko aurrekontua; Barañaingo Udalak ezagutarazi du 64.500 euroko gastua ekarriko duela gailu berri horiek jartzeak, BEZa kontuan hartu gabe. “Diru hori beste hamaika proiektutan erabil daiteke; osasunaren edo hezkuntzaren arloan, besteak beste”, erran du Zaratiegik. Andiarenak oroitu du, gainera, zaharrentzako egoitza bat eraikitzen ari direla Barañainen, eta udalaren asmoa dela enpresa pribatu baten esku uztea kudeaketa. “Udalak hobe luke gisa horretako proiektuetan gastatzea dirua”, adierazi du.

Otsailaren 11ko manifestaziora deitzeaz gain, Barañaingo herritarrak hasiak dira gisako bertze plataformekin lanean. Zizur Nagusikoarekin bat egin dute, adibidez. Izan ere, herri horretan ere zaintzarako kamerak jartzea erabaki du udalak; zehazki, 65 gailu. Zizur Nagusiko herritarrek herri galdeketa bat egin dezatela nahi dute.