Iritzia: Altus berria

Iritzia: Altus berria

 

Amets Aranguren Arrieta

Behin baino gehiagotan libratu nintzen Poliziaren eskuetatik pasatzeaz eta esanen nuke segur aski atorrez jantzita joaten zen bakarra nintzelako zela”, esan zidan behin tipo batek. Baliteke, modak bere bidea egiten segitzen duen honetan, gaur egun atorrez, txandalez edo ezkontza soinekoz jantzita joanda ere, berdin-berdin dela posible haien eskuetatik pasatzea. Ausartuko nintzateke esatera euskal kultura postmoderno, fluor eta pop jurruaren otaku bat ere ez litzatekeela libratuko.

“Pijoek ezdakitzer eta pijoek badakitzer” komentatzen pasatu genuen nerabezaroa (niretzat nerabezaroa = 13 eta 18 urte artean, bat gora bat behera). Askotan pijoak izaten ziren sinpleki los de castellano, irakurtzen ari zareten bezala, bai, los de castellano (los de castellano = A edo G ereduetakoak, gure jantziak ibiltzea edo gure giroetan murgiltzea zilegi ez zuten horiek). Eta lehenengo pertsona plural hori erabiltzen dudanean, genuen esaten dudanean esan nahi dut guk, normalok, edo pijoek mespretxuz jurru deitzen diguten horiek.

Ikasle berri bat institutura heldu, eta “ikusi duzue zein pija etorri den jantzita? Zer ari da takoiekin 16 urterekin eta institutuan!? Non uste du dagoela?”. Klaro, zeren eta Merrell edo Salomon bota parea gabe, nola ulertuko duzu present simple eta present continuous-en arteko desberdintasuna? Loreak Mendian jertse mitikoen kolore gama osoa osa genezake kuadrillakoen jertseak elkartzearekin bakarrik. Baita azken urteetan (ez naiz ausartzen hamarkada esatera) institutuko uniformearen parte izan den Altus motxilaren bariante guztiak ere.

Taldearen parte izateko beharretik dator dena, noski. “Ni zuetakoa naiz” esateko. Horregatik hasi zen Martin futbol taldeetako kamisetak eramateaz gain (batez ere), Euskal Selekzioarena eta Ternua markako kamisetak eramaten DBHra pasatu zen momentuan. Hori kontatu zidan larunbateko bazkalondoan, duela urte batzuk inolaz ere erabiliko ez lukeen lepokoa jantzita daramala. Musika talde baten kamiseta eramateko “behar bezain zalea” izan behar zuela sentitzen zuen Uxuek eta “behar bezain enteratua” egon mugimendu baten kamiseta baldin bazen. Behin taldean integratua zaudela hasten zara, gutxinaka (edo kolpean beste batzuk), gustuen arabera mugitzen.

Egia da tokian tokiko errealitate soziopolitikoak eragiten duela honetan guztian, noski. Logikoa den bezala, askoz behar handiagoa du Iruñean norbaitek janzkeraren erabilera hori egiteko (identitatearen aldarrikapenarekin loturikoa), Oñati batean baino. Zeren eta Oñatin pijoen estetikarekin bazoaz ere, ez zaituzte Cayetano edo Cayetana batekin nahastuko. Baina hemen ez gaude arrisku hori hartzeko prest. Normala.

Guri moda berdin zitzaigun, baina elkarrizketa eta elkarrizketa artean beti bazen denbora etxerako bidean Altus berriaren diseinua aurrekoarena baino itsusiagoa zela komentatzeko.