Nafarroan 30 pertsona daude transplantea egiteko organo baten zain

Nafarroan 30 pertsona daude transplantea egiteko organo baten zain

Nafarroako Gobernuak Transplanteak Koordinatzeko Erkidegoko Bulegoa inauguratu du. Jose Roldan medikua eta Sara Sanchez erizaina dira arduradunak.

Edurne Elizondo

Nafarroan 30 pertsona daude transplantea egiteko organo baten zain. Zehazki, 29k giltzurrun bat behar dute, eta zerrenda osatzen duen 30.ak, berriz, bihotz bat. Nafarroako Gobernuak inauguratu berri duen Transplanteak Koordinatzeko Erkidegoko Bulegoko arduradun Jose Roldanek eman ditu datuok, eta “ontzat” jo ditu. “Helburua beti izanen da zerrenda hori hutsean uztea, noski, baina lortu dugu arrastoan sartzea”, erran du.

Roldan 2019tik aurrera da Nafarroako transplanteen koordinatzailea. 2017tik 2019ra, Jose Elizalde aritu zen kargu horretan. “Istripu batean zendu zen. Lankidea eta laguna nuen. Elizalde hil eta gero, inork irakatsi gabe hartu behar izan nuen nik ardura”, azaldu du medikuak. Kargu berri horretan “bakarrik” sentitu izan dela onartu du, eta horregatik sustatu duela orain martxan jarri duten bulegoaren sorrera. “Balioa eman nahi izan diot lanari, eraginkor izateko asmoz”.

Ehun lagun inguruk parte hartzen dute hildako baten organoak transplante baterako erabili ahal izateko martxan jartzen den prozesuan. Profesional horien guztien jarduerak koordinatzea da Roldanen lana. Bulegoa zabaldu eta gero, medikuak Sara Sanchez erizaina du ardura horretan lagun. Espainiako Transplanteen Erakundean aritu da Sanchez, hamar urte luzez.

Organoak eta bertze

Transplanteak Koordinatzeko Erkidegoko Bulegoan “barrura begirako lana” egiten dute, batetik; hau da, transplante baten inguruko esparru guztien gaineko kontrola dute, eta parte hartzen duten eragile guztien arteko koordinazioa egiten dute. Bertzetik, “kanpora begira”, bulegoko arduradunek helburu hartu dute informazioa zabaltzea, bertzeak bertze, herritarrek beren organoak emateko urratsa egin dezaten.

Ez bakarrik organoak. “Ehunak, hezurretako muina eta odola ere eman daiteke, eta prozesu horiek guztiak sustatzeko ardura ere badugu”, aipatu du Jose Roldanek. Prozesuak sustatzeaz gain, “gardentasuna” ere bultzatu nahi du transplanteen koordinatzaileak. “Garrantzitsua da herritarrek ikustea organo bat behar duen herritar orok ahalik eta azkarrena jasoko duela, eta itxaron zerrendak osatzen direla modu garden, bidezko eta zuzen batean”, erran du.

Transplanteak Koordinatzeko Erkidegoko Bulegoko arduradunak eta organo hartzaileen elkarteetako ordezkariak.

Roldanek garbi du nafarrek “konfiantza” badutela. “Hagitz eskuzabalak dira; emaile kopurua handia da, eta horrek erakusten du herritarrek badakitela osasun sistemak ongi funtzionatzen duela”.

Datuak “ontzat” jo arren, Roldanek erantsi du administrazioaren lana dela herritarrei ulertaraztea “hagitz garrantzitsua” dela organoak ematea. “Ikastetxeetan, unibertsitateetan eta gisakoetan egotea eta horren berri ematea ere bada gure ardura”.

Organo baten edo hezurretako muinaren zain direnek ere nabarmendu dute emaile izateak duen garrantzia. Batzen dituzten elkarteetako ordezkariek parte hartu dute Transplanteak Koordinatzeko Erkidegoko Bulegoaren inaugurazioan, Osasun Departamentuko arduradunekin batera.

Familiek dute azken hitza organoak emateko prozesuan, eta senide bat galdu dutenen “eskuzabaltasuna” nabarmendu du Jose Roldanek, familiako kide horren organoak ematea erabakitzen dutenean. “Eskertu behar dugu erabaki hori, eta beren samina ulertu”.

 

DATUAK

97
ZENBAT TRANSPLANTE IAZ. 2021. urtean 97 gaixori egin zioten transplante bat hartzeko ebakuntza Nafarroan.

41

ZENBAT EMAILE. 41 emaileren organoak erabili zituzten 2021ean egindako 97 transplanteetan. Hiru haurrak ziren.

62,1

MILIOI BAT BIZTANLEKO. 2021ean, 62,1 organo emaile izan ziren Nafarroan, milioi bat biztanleko.

56
BATEZ BERTZEKO ADINA. 56 urtekoa izan zen 2021. urteko organo emaileen batez bertzeko adina.

 

Argazkiak: Nafarroako Gobernua.