AHTaren “gezurrak” agerian utzi nahi dituen jardunaldi bat, bihar

AHTaren “gezurrak” agerian utzi nahi dituen jardunaldi bat, bihar

Nafarroako AHT Gelditu taldeak antolatu du, eta Iruñeko Plazara gunean eginen dute. Ingurumenaren eta ekonomiaren arloko zenbait adituk parte hartuko dute. Goizez eta arratsaldez izanen da.

Edurne Elizondo

“Abiadura handiko trenari buruz esan dizkiguten gezurrak agerian gelditzen ari dira”. Horixe nabarmendu du AHT Gelditu taldeko kide Julio Villanuevak. “Gezur” horiek erdigunean jartzeko asmoz, hain zuzen, jardunaldi bat antolatu du talde horrek: bihar eginen dute, Iruñeko Alde Zaharreko Plazara gunean. Ingurumenaren eta ekonomiaren arloko zenbait adituk parte hartuko dute.

“Ekonomia suspertzeko balioko zuela; lurralde kohesioa sustatuko zuela; kamioiak errepideetatik aterako zituela; lanpostuak sortuko zituela; jasangarria izango zela. Hori guztia esan ziguten AHTari buruz”, azaldu du Villanuevak, eta erantsi du “errealitatea” errandako horren guztiaren “kontra” egiten ari dela. “AHTaren inguruko azken urratsek erakusten dute administrazioa erreskate bat egiten ari dela”.

Villanuevak horren adibidetzat aipatu du Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek iazko irailean iragarritako inbertsioa. Izan ere, trenaren inguruko jardunaldi batean, Txibitek ezagutarazi zuen Espainiako Estatuak Europako funtsetako 145,5 milioi euro inbertituko dituela abiadura handiko trenean. “Txibiteren hasierako proposamenetan ez zegoen diru sail bakar bat ere AHTarentzat; eskuinaren aurrean erakutsi nahi dute zerbait egiten ari direla, baina errealitatea da Nafarroako korridorea bazter gelditu dela”, salatu du Villanuevak.

“Estrategikoa”

Bertzelakoa da Nafarroako Gobernuaren iritzia. Txibitek bezala, abiadura handiko trenaren aldeko apustua berretsi bertzerik ez du egin Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizak. Iazko azaroan, adibidez, kontseilariak Nafarroako Parlamentuan azaldu zuen 2026. urterako abiadura handiko trenean egin ahal izanen dela Castejon eta Campanas arteko bidea.

AHTren aurkako protesta, Martzillan.

Gobernuak “aurrerapausotzat” aurkezten duen hori, baina “itxurakeria hutsa” da AHTaren kontrako ekintzaileentzat. “Lotsagarria da 60 kilometroko AHT bat egitea bi herri horien artean; gutaz trufa egiten dute”, erran du AHT Gelditu taldeko kideak.

Castejondik, bertzalde, AHTak bat eginen du Casetas-Bilbo linearekin, Nafarroako Gobernuak azaldutakoen arabera. Horretarako, lau kilometroko lotura egin beharko dute, eta, bertzeak bertze, Ebro gaineko zubibide bat eraikitzea da asmoa.

“Nafarroako ekonomia garatzeko azpiegitura estrategikoa da abiadura handiko trena, zalantzarik gabe”, berretsi du Bernardo Ziriza kontseilariak, behin baino gehiagotan.

Iruñeko geltoki berria da AHTaren bertze pieza nagusietako bat, eta Nafarroako eta Espainiako gobernuek iazko irailean adostu zuten eraikin hori Etxabakoitz auzoan eginen dutela. Hasierako asmoa moldatu behar izan dute, halere, eta geltoki berrirako proiektua bereizi auzo horretan 10.000 etxebizitza eraikitzeko zegoen egitasmotik. “Hasierako xedea zen etxebizitza horien bidez ordaintzea lanak; ohartu dira ezinezkoa dela, eta bi asmoak bereizi dituzte. Asmatu beharko dute dirua nondik atera; gure poltsikotik, segur aski”, erantsi du Villanuevak.

AHT Gelditu taldea ez da abiadura handiko trenari buruzko kezkak dituen bakarra. Tren sozialaren aldeko aldarriarekin bat egin duten zenbait talde sortu dira herrialdean azken urteotan. Villanuevak aipatu du “itxaropentsua” dela hori gertatu izana. Nafarroa Erdialdean mobilizatu dira herritarrak, batez ere, egungo zerbitzua indartu dezatela eskatzeko, eta salatzeko, aldi berean, AHTak “bazter” utziko dituela herriok eta herritarrok.

Europatik

Tren sozialaren aldeko taldeek Nafarroa Trenaren Alde plataforma osatu dute. Plataforma horrek ontzat jo zuen, joan den abenduan, Espainiako Kongresuak egungo tren azpiegitura hobetzeko diru sail bat onartu izana. Zehazki, 200.000 euro jarriko dituzte Burgosen (Espainia) hasi eta Araba eta Nafarroa zeharkatuta Zaragozaraino (Espainia) doan trenbide azpiegitura hobetzeko proiektuarentzat. Nafarroa Trenaren Alde plataformako kideek nabarmendu dute AHTaren gisa-ko trenbide linea berriak egin beharrean, daudenak egokitu eta hobetu behar direla.

Villanueva AHT Gelditu taldeko kideak garbi du Europak ere bide hori hartu duela. Izan ere, Europa Barneko Garraio Sareak txosten batean proposatu berri du Gasteizen eta Iruñearen artean abiadura handiko trenaren linea egin ordez oraingo ohiko trenak erabiltzea aurrerantzean ere. Nafarroako AHT Gelditu plataformak uste du “zartako” bat eman diotela azpiegitura horri.