Gazte eragozleen matxinada

Gazte eragozleen matxinada

Nafarroako Memoriaren Institutuak Pedro Oliver historialariaren ‘Ejerzitorik ez – No a los ejercitos’ argitaratu du. Egileak soldaduskaren aurkako borrokaren berri jaso du.

Edurne Elizondo

Hamabi atal eta gibel solas bat, derrigorrezko soldaduskaren aurka altxatu ziren kontzientzia eragozleen berri emateko: Ejerzitorik ez – No a los ejércitos. Objeción de conciencia y lucha antimili en Navarra (1974-1989) liburua argitaratu du Nafarroako Memoriaren Institutuak. Pedro Oliver historialariak idatzi du, mugimendu antimilitaristari buruzko ikerketa abiapuntu hartuta.

Nafarroako Memoriaren Institutuak zerbitzu militarraren aurkako kontzientzia eragozpeneko mugimenduaren funtsa osatzeko eta digitalizatzeko urratsa egin du azken urte hauetan, eta lan horretan murgildu da Oliver, bertze zenbait aditurekin batera. “Informazioa herritarren esku jartzea da helburua”, azaldu du historialariak.

Orain argitaratutako liburuarekin, harago joan nahi izan du egileak, eta informazio hori zabaltzeko pausoa eman du; hau da, asmoa da institutura jo dezaketen ikerlariek ez ezik herritar orok izan dezala aukera 1970eko eta 1980ko hamarkadetan sekulako arrakastarekin garatu zen mugimendu hori hobeki ezagutzeko.

Lehen taldea

“Soldaduskaren aurkako borrokarena izan zen sekulako fenomeno sozial, politiko eta kultural bat Espainiako Estatu osoan; are gehiago Nafarroan”, nabarmendu du Pedro Oliverrek. Batetik, herrialdean gazte anitzek bat egin zutelako borroka horrekin, eta, bertzetik, gazte nafarrek hasieratik erakutsi zutelako beren konpromisoa soldaduskaren kontrako kanpainarekin. “Estatuan kontzientzia eragozleek egindako lehendabiziko agerraldian, hain zuzen, hamar nafar izan ziren”, gogoratu du historialariak.

Oliverrek 1974. urtean zehaztu du Nafarroako kontzientzia eragozpeneko mugimenduaren hasiera bere liburuan, urte horretan sortu zelako mugimendu horren aldeko lehendabiziko taldea herrialdean. “Pepe Beunzak bultzatu zuen aurreneko talde horren sorrera, bertze talde anitzena bezala”, kontatu du Oliverrek.

Beunza izan zen arrazoi politikoak aldarrikatu zituen lehendabiziko kontzientzia eragozlea Espainiako Estatuan. Beunzaren ondotik, bertze gazte anitzek egin zuten soldaduskaren eta armaden aurkako urratsa. “Mugimenduak frankismoaren azken urteetan hasi zuen bidea, baina 1980ko hamarkadan egin zuen eztanda, batez ere”, zehaztu du Oliverrek.

Nabarmendu du Espainiako Estatu osoan garatu zela zerbitzu militarraren kontrako kanpaina, modu antolatu batean, baina tokian tokiko ezaugarriek eragin zutela toki bateko eta bertzeko taldeek beren bide propioa egitea, neurri batean.

Nafarroan, KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduarekin eta Kakitzat taldeekin batera, bertze zenbait sortu ziren orduan. “Mendialdeko zenbait herritan, adibidez, hainbat talde inportante sortu ziren: Lakaben eta Argiñaritzen, adibidez”, kontatu du liburuaren egileak.

Etenik gabeko bilakaera

Sakanan ere indar handia izan zuen kontzientzia eragozpenaren aldeko mugimenduak, eta, kanpainak intsumisioaren aldeko urratsa egin zuenean, indar horrek gora bertzerik ez zuen egin.

Intsumisioaren kanpaina 1989. urtean hasi zen, eta urte horretan jarri du Oliverrek bere lanaren muga. Garbi du, halere, mugimenduaren bilakaeran ez dagoela etenik; hau da, kontzientzia eragozpenaren aldeko borroka intsumisioaren aldeko kanpaina bilakatu zen berez, soldaduskaren aurka egin zuten gazteek hartutako konpromisoa lagun.

Hasieratik gizarteak emandako babesa ere nabarmendu nahi izan du. “Gazteek erabateko koherentzia erakutsi zuten helburuen eta bitartekoen artean, eta horrek ekarri zuen babes zabala jasotzea”.

Babes sare horretan kontzientzia eragozleen eta intsumisoen amek bete zuten rola erdigunean jarri du Oliverrek. Iruñeko espetxea intsumisoz betetzen hasi zenean, adibidez, elkarretaratzea egin zuten gazte horien amek, astean behin, eta haien borrokak zuen sostenguaren ikur bilakatu ziren. “Sekulako indarra erakutsi zuten, eta garaiezin bilakatu zuten mugimendua”, azaldu du historialariak.

Amek, senideek eta lagunek egindako lana; gazteek hartutako konpromiso sendoa; mugimenduak urtez urte izan zuen bilakaera. Hori guztia jorratu du Pedro Oliverrek bere liburuan, belaunaldi berrien esku jartzeko iragan hurbil horren memoria. “Hemen, mugimenduak indar handia izan zuen, eta, ondorioz, uste dut oroitzapenak baduela indarra, utzi duela arrastoa. Beharrezkoa zen, halere, memoria horri egitura bat ematea, eta informazioa herritarren esku jartzea”.

Horixe egin du Nafarroako Memoriaren Institutuak, hain zuzen ere, eta lan horren lagin bat jaso du Oliverren Ejerzitorik ez – No a los ejércitos lanak. Oliverren liburuaren kontakizuna 1989. urtean amaitzen da, eta intsumisioaren aldeko kanpaina urte horretatik aurrera garatu zen. Bada, beraz, zer oroitu eta zer kontatu.