Iritzia: ‘Feminismo’ baztertzailea

Iritzia: ‘Feminismo’ baztertzailea

Bidatz Villanueva Etxague

Zer sentitzen garen galdetzen digute, baina gakoa da nor garen”. Zizur Nagusian antolatutako Marikaroa jardunaldietan aktibista batek egindako ekarpenetako bat da hori, Mar Cambrolle trans ekintzailearen hitzaldiaren ondotik irekitako eztabaida tartean. Hau da, norbait ez da emakume sentitzen, emakumea da, izan trans edo zisgenero. Urtarrilean antolatutako hainbat ekintzaren artean bat izan zen hura, eta egun gizartean pil-pilean dauden eztabaidak ekarri zituzten erdigunera, tartean identitateena. Gogoratu behar da nondik abiatu zen dinamika hau guztia: iaz, Zizur Nagusian tentsioak eragin zituen intsumisio marikaz hitz egiteak udal taldeen artean, hitz hori erabiltzea zilegia zen edo, aldiz, irain bat.

Beraz, marika adieraz soilik ez, gizakiok egun zeharkatzen gaituzten bestelako adierazpenez hausnartzeko ere aprobetxatu da. Cambrolleren solasaldiari joz, bizipenetatik errepasatu zuen trans aktibista gisa egindako ibilbidea, bere militantzia orduko egoera sozialekin uztartuz, frankismotik honaino. Jipoiak, bazterkeria, prostituziora behartuak izatea, kartzela, pobrezia; baina, aldi berean, saretzea, borroka eta eskubideetan aurrera egitea.

Cambrolle, hasieran, ez zen trans terminoarekin identifikatzen, gay edo marika gisa baizik, eta geroko sailkapen horrek balio izan zion bere identitatean berresteko, kolektiboa batzeko eta ikusarazteko, nahiz eta trans hitzak hasiera batean esanahi ezkorra izan, patologizatzeko erabili baitziren transgenero edo transexual. Zehaztu zuen ez dituztela jipoitu ikusezinak zirelako; kontrara, ikusgai zirelako, oinarrizko eskubideak aldarrikatzen zituztelako. Nor bere genero identitatean adierazi ahal izateak, diskriminaziorik jasan gabe, oinarrizko eskubidea izan beharko luke. Ideologia askatzaileek beti dute aurkako mugimendu erreakzionarioa, eta, tamalez, egun, pertsona transak baztertzen dituen feminismoa oihartzuna izaten ari da, aludun emakumeen diskriminazioa sustatzen dutelakoan. Aldarrikatzen dute sexuari atxikitako genero rolak deuseztatzea dela feminismoaren xederik gorenena, emakumeenganako diskriminazioarekin amaitzeko, eta bai gizonak, bai emakumeak, aske izateko.

Hausnarketa hori oso azalekoa da, eta bestelako botere harremanak ukatzen ditu, hala nola klase edota jatorriagatikoak. Eta zeinek du legitimitatea genero rolak erreproduzitzeko? Pertsona transei leporatzen zaie diskriminazioa indartzen duten eta menderatzen gaituzten jokamoldeak euren identitateen berrespenerako bereganatzea, zis direnek eskubide gehiago balituzte bezala identifikatzen diren generoan adierazteko. Gizartearen eraikuntza bitarra kolokan jartzen du identitateen aniztasunak, aberasgarria bezain garrantzitsua, eta diskurtso biologiko eta esentzialistatik aldentzen da.

Transak baztertzen dituen feminismo hori, akaso sona handiagokoa sarean kalean baino, pribilegioz, transfobiaz eta menderakuntzaz mozorrotua dago. Arriskua ez dira pertsona transak, aliantzak behar dira, eta normatibitatean bizi ez diren horiek guztiek sufrimendurik gabe bizi ahal izateko eskubideak bermatzea. Aniztasuna onartzen ez duen mugimendu bati ezin zaio feminista deitu.