Desio zuen gereziondoa

Desio zuen gereziondoa

Baztango Udalak eta Erratzuko herriak Ricardo eta Javier Zabalza Elorga omenduko dituzte bihar, Erratzuko plazan. Han sortu ziren bi anaiak; frankistek torturatu eta fusilatu zituzten.

Edurne Elizondo

Heriotzako orduan, idatzi egin zuen: Ricardo Zabalza Elorgak hamaika gutun utzi zituen testamentu gisa, 1940ko otsailaren 24an fusilatuta hil baino lehen. Haietako batean jaso zuen desio zuela, lur hartzeko unean, sorterriko gereziondo baten azpian hartzea atseden. “Nire Baztango gereziondo baten azpian”. Baztango Udalak eta Erratzuko herriak emanen diote, azkenean, amestutako zuhaitza: Ricardo Zabalza Elorga eta haren anaia Javier omenduko dituzte bihar, Erratzu haien sorterrian, eta gereziondo bat landatuko dute frankistek fusilatutako anaiak oroitzeko. Odontologoa zen Javier; sindikalista, berriz, Ricardo: Lur Langileen Espainiako Federazioko idazkari nagusi izendatu zuten, 1934a.

“Zor genien omenaldi bat”, erran du Baztango alkate Joseba Otondok. Emilio Majuelok 2008. urtean idatzitako La generación del sacrificio. Ricardo Zabalza 1898-1940 liburuaren bidez jaso du Otondok Zabalza Elorgatarren berri, eta “hunkituta” gelditu da. Anaiek “justizia sozialaren alde” egindako lana eskertu du Baztango alkateak, eta herritarrak biharko ekitaldian parte hartzera deitu ditu.

Omenaldian parte hartuko dutenen artean Abel Zabalza Bermejo izanen da: Ricardo Zabalza Elorgaren semea. 85 urte ditu, eta ez zuen aita ezagutu. Urte eta erdi zuen fusilatu zutenean. Obdulia Bermejo amaren bidez, baina, aitaren memoria jaso du. Aitak hil aurretik idatzitako gutunen artean ere bazen bat semearentzat. “Ezagutu ez zuen arren, arrasto sakona utzi dio Abeli aitari egin ziotenak”, kontatu du Majuelo historialariak.

Abel Zabalza elkarrizketatu zuen Majuelok, 2008ko bere liburua osatzeko, eta gogoan du Ricardo Zabalzaren semea ez zela hitz egiteko gai ere. Emozioak hartu zuen betean, Majuelok aitaren berri galdetu zioenean. “Aulkitik altxatu, ondoko gortinari eutsi, eta ez zen hitzik ere esateko gai. Orduan ohartu nintzen ez zuela lortu gainditzea ezagutu ez zuen aitari gertatu zitzaiona”.

Ricardo Zabalzari buruz idatzitako liburuak eman dizkion gauza guztien artean, haren semea ezagutzeko aukera izan da preziatuenetako bat Majuelorentzat. “Familia horrekin lortu dudan laguntasuna da jaso nezakeen ordainik garrantzitsuena”. Historialariak azaldu du ez zuela asmo izan Zabalza Elorgari buruzko biografia politiko bat egitea, eta gehiago nabarmendu nahi zituela Baztangoak garatu zituen giza harremanak, nor izan zen ulertu ahal izateko.

Argentinan maisu

Hamaika elkarrizketa egin zituen Majuelok Zabalza Elorgaren berri emateko, hain zuzen, eta kontatu zioten guztia kontuan hartuta, UGTko kidearen “balio moralak” nabarmendu ditu historialariak. Idatzitako gutunekin batera, balio horien defentsa utzi zuen Zabalza Elorgak testamentu gisa. Horregatik garbi du Majuelok “oso garrantzitsua” dela baztandarrek bihar eginen dioten omenaldia. “Oso pozik nago merezi duen aitortza eginen diotelako, azkenean”. Abel Zabalza Bordele (Okzitania) ondoko Pessac herritik etorriko da omenaldian parte hartzera, eta horrek ere “hunkitu” egin du historialaria.

Ricardo Zabalzaren bidea Erratzun hasi zen. 15-16 urterekin, baina, Argentinara egin zuen salto. Baztandarrak maisu izateko ikasi zuen, eta maisu bilakatu zen Argentinan, hain zuzen ere. Landa eremuetan aritu zen, eta, maisu lanarekin batera, herri liburutegiak bultzatzeko ahaleginean ere murgildu zen, betean. Han eta hemen sortu zituen.

1930ean itzuli zen Euskal Herrira. Garai hartan, Zabalza Elorgaren gurasoak Burgin bizi ziren, aita herri hartako medikua zuelako; Javier eta Jose anaiak, berriz, Jacan (Espainia) ziren. Odontologoak ziren biak, eta klinika bat zuten herri hartan.

“Ricardo itzuli zenean, Espainia sutan zegoen; Jacako matxinada gertatu zen 1930eko abenduaren 12an; hiritarrak eta militarrak altxatu ziren”. Espainiako Errepublikaren aldeko saio horrek, baina, porrot egin zuen, eta altxatu zirenek errepresioa jasan zuten. “Ia mila pertsona epaitu zituzten; herritarren erdiak kartzelan ziren Ricardok anaiekin bat egin zuenean”, aipatu du Majuelok.

1932an ailegatu zen Zabalza Elorga Iruñera, Jacatik. Aragoiko herri horretan, halere, “arrasto sakona” utzi zuen. “Jacako Ateneoa bultzatu zuen, besteak beste”, Majuelok gogora ekarri duenez. Iruñean, berriz, langileen alde nabarmendu zen. Lur Langileen Federazioko idazkari nagusi izan zen Ricardo Zabalza Elorga, 1934tik hil zuten arte. Buruzagi nabarmen bat izan zen UGT sindikatuan, eta PSOE Nafarroan zabaltzeko bidean ere funtsezko urratsak egin zituen. “Julia Alvarez, Corpus Dorronsoro eta Tiburcio Osakarrekin batera, herriz herri aritu zen Zabalza. Lauren artean antolatu zituzten sozialisten elkarteak”.

Alakantetik Madrilera

1936ko gerra piztu zenean, familia gehiena Burgin zen. Javier Zabalza Elorga harat mugitu zen, Parisera bidea hartu baino lehen. Dominique Langloisekin ezkontzera joan behar zuen Parisera, baina bospasei egun lehenago harrapatu eta fusilatu zuten. Escon hil zuten, Nafarroa ondoko Aragoiko herrian.

Ricardo Zabalza Elorga, berriz, Madrilen harrapatu zuen estatu kolpeak. Frankistek, halere, Alacanten (Herrialde Katalanak) atxilotu zuten. Alacanteko portuan milaka pertsonak egin zuten bat, ihes egiteko aukera izanen zuten esperantzarekin. “15.000 lagun harrapatuta gelditu ziren”, erran du Majuelok. Historialariak erantsi du Zabalza Elorgak ihes egiteko aukera izan omen zuela, baina erabaki zuela ez joatea. Atxilotu egin zuten, eta epaitu eta gero, fusilatu. 1940ko otsailaren 24an hil zuten, Madrilgo Ekialdeko hilerriko paretan tiro eginez.

Atxilotu zutenean, Albaterako kontzentrazio esparrura (Alacant) eraman zuten, eta handik, berriz, Orihuelako espetxera (Alacant). 1939ko ekainaren 15ean, azkenik, Madrilgo Porlierreko kartzelara mugitu zuten. “Bidaian denetarik egin zioten”, salatu du Majuelok. Sufrimendu hori ez ahazteko beharra nabarmendu du Baztango alkate Joseba Otondok: “Memoria ariketa kolektibo bat merezi dute”. Memoria, eta gereziondo bat.