Iritzia: Zizare izan nahi ez dugunok

Iritzia: Zizare izan nahi ez dugunok

Olatz Azpirotz Larzabal

Bizitza neurtzeko adina edo urteak erabiltzearen metodoa zaharkituta geratu zitzaigun aspaldi, eta agian aspergarri. Biztanle, herritar eta euskaldun gisa geure burua ezaugarritzen dugunon denbora neurtzeko, jenerazioz jenerazio modu sistematikoan erabili izan dugu beste neurketa mota bat. Neurgailu horren funtsa konfrontazioak dira; hori gehiago disekzionatu nahi izanez gero, zerrenda bat sortzeko bezainbeste borroka ditugula antzeman dezakegu, bai gizaki gisa, baina baita, emakume, euskaldun, langile eta euskal herritar gisara ere. Borrokek betetzen dituzte egunen orduak, hilabeteak, bakoitzaren denbora ere bai. Bizitza betetzen dute.

Borrokei esker, aldarrikapenak egiteko hainbat modu ezagutzen ditugu. Ordea, hainbeste izateagatik normalizatzeko arriskua dute, eta, ondorioz, nahiz eta oraindik gure barrenak zurrunbilo bihurtzeko gaitasuna izan, gutxik lortzen dute gu hunkitzea.

Konstantzia, hunkidura eta sentipen nahasketa horiei esker lortu dugu era batera zein bestera eta beti baldintzapean, gure lurrari eta zeruari bizi-itxaropena luzatzea. Luzatzea baita, etorkizuna ezezaguna den honetan, irabaz genezakeen onena.

Borrokak neketsuak suerta daitezkeen arren, lurretik abiatuta hura eraldatu eta gure zerua suntsitzea ekiditeko bide bakarra dira askotan. Horretarako eseri ziren hainbat nafar, lore eta sasitza artean. Lur-eremuaren ezaugarriak ez ditut hura erromantizatzeko helburuarekin eman, nahiz badakidan hiritar askok borroka hori erromantikotzat hartu zutela. Hor dago baimen ezin dezakegun banaketa, hirietan aurrera eramaten diren borroken indarra azpimarratzekoa eta landa-eremuko borrokak erromantizatzekoa. Bi eremuek dute bietatik, are gehiago adreiluz, zementuz eta garabiez bazterrak betetzen dabiltzan honetan.

Lore, sastraka eta haritz artean egindako aldarriak bi gauza garrantzitsu erakutsi zizkion gure herriari. Batetik, hirian eta herrietan aurrera eramaten ari diren aldaketek ez dutela distantziaren, biztanleriaren edo erliebearen arteko banaketarik egiten, eta, bestetik, gu zizare bihurtu eta gure lurraren gainean euren zerua eraiki nahi dutenen jarrera eta metodoak nolakoak diren agerian utzi zuen.

Lur azpian bizirauteko kondena ekiditeko eta lur gaineko bizitza babesteko hainbat modu daude. Lur azpian bizi, eta heriotza laster izango duten arren, lurzorura ateratzen diren zizareen gisara ez dugula bizi nahi adierazteko mila modu daude. Gure lurra jasaten ari den eraldaketa behartua salatzeko mila modu daude, eta lurraren eta zeruaren artean zutik bizi nahi dugula beste behin erakusteko mila modu daude. Baina Lekarozkoak birrindu zituen Nafarroa zatitua mantentzeko hormak. Lekarozko eserialdiak, nafarrok gurea den lur eta zeru propioa ditugula, eta zutik mantenduz ger, hodeiak hatzekin uki ditzakegula oroitarazi zigun. Zizare izatea sistematikoki aplikatu nahi diguten kondena dela oroitarazi zigun.