Arantzako Udalak proiektu bat jarri du abian, herriko gaztaina barietateak ez galtzeko. Zuhaitzak identifikatu, eta haien analisi genetikoa egin dute, Nafarroako Gobernuko teknikarien laguntzarekin, barietate tradizionalei eusteko asmoz. Eskolako haurrek gaztainondoak landatu dituzte.
Edurne Elizondo
Aitzur eta zuhaitz bana hartu, eta lanari ekin diote. Arantzako eskolako haurrek herriko Argatasoro inguruan eman dute goiza, gaztainondoak landatzen. “Bertze bat har dezaket?”, galdetu dio Oinatz Mariezkurrenak Efren Martini, lehendabiziko gaztainondoa zuloan sartu eta gero. Haurrak kontent hartu du bigarren arbola, eta pozik hartu du Martinek ere Arantzako ikasleen lanerako grina.
Martinek mintegi bat dauka, eta barietate tradizionaletan aditua da. Arantzako Udala laguntzen ari da, herri horretako gaztainondo barietate tradizionalak lehengoratzeko martxan jarri duten proiektuan. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Basoak Kudeatzeko Zerbitzuak ere egin du bat egitasmo horrekin. Denen artean, orain arte galdu ez diren herriko gaztainei eutsi nahi diete, eta balioa eman fruitu horri lotutako ondareari.
Mikel Diaz Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Basoak Kudeatzeko Zerbitzuko teknikariak zubi lana egin du Efren Martinen eta Arantzako Udalaren artean. Extremadurakoa (Espainia) da Martin, baina Arabatik ailegatu da Arantzara. Bortzirietan martxan jarri dutenaren antzeko proiektua dute Arabako Apilaiz herrian, eta aholkulari lanetan aritu da Efren Martin.
Arantzan ere bai. Proiektuan murgildu da, gainera, herritarrei gaztainak nola txertatu irakasteko. 2020ko urrian hasi ziren lan hori jorratzeko saioekin, eta joan den larunbatean egin zuten orain arteko laugarrena. “Herritarren parte hartzea funtsezkoa da gisa honetako proiektu batek aurrera egin dezan”, nabarmendu du Martinek.
“Bada merkatu bat”
Arantzako herritarren erantzunarekin “kontent” dira herriko udaleko arduradunak, hain zuzen. Hasieratik, haien asmoa izan da tokikoari balioa ematea. Galdu badute ere, gaztainek pisu nabarmena izan zuten Arantzako baserrien ekonomian, garai batean, eta egun ere, ekonomia sustatzeko edo laguntzeko “aukera bat” izan daiteke fruitu hori: “Merkatu bat omen du gaztainak, eta merkatu bat omen dute gaztainekin egin daitezkeen irinek eta garagardoek ere, adibidez”, aipatu du Arantzako alkate David Iturriak.
Martinek berretsi du Iturriak errandakoa, eta horren adibide jarri du gaztainen ekoizpenak Iberiar penintsulako zenbait tokitan duen garrantzia: “Portugalen, Extremaduran, Galizian eta Andaluzian, adibidez. Penintsulan, eskaera eskaintza baino handiagoa da. Despopulazioa arazo bat den eskualde askotan, jendea herrietan gelditzeko eta aurrera egiteko baliabide nagusi bilakatu dira gaztainak”, azaldu du Martinek.
Gehiago erran du Ingurumen Departamentuko teknikari Mikel Diazek: onura ekonomikoa direla. “Ekoizleak bi euro inguru jasotzen ari dira gaztaina kilo bakoitzeko, eta zuhaitz bakar batek 60-70 kilo eman ditzake. Herritarren ekonomia lagun dezakete gaztainek”. Diazek datu bat erantsi du, halere, Nafarroan gaztainak saltzeko ohitura galdu izana azaltzeko: “Galizian edo Extremaduran ez bezala, hemengo herriek industria zuten, eta ez zuten hangoek zeukaten beharra”.
Ekonomiaren esparruaz harago, baina, gaztainondoen inguruko ezagutza nabarmendu nahi dute Arantzako Udaleko arduradunek. “Herritarrei esker ailegatu zaizkigu egun ditugun barietateak, eta haien laguntzari esker murgildu ahal izan dugu orain esku artean dugun proiektuan ere”, kontatu du Imanol Lukanbio zinegotziak.
Izan ere, herritarrek lagundu dute herriko barietate horiek identifikatzen, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutzari esker. Gaztainak biltzeko eta gordetzeko tresnekin lotutako ezagutza ere gorde dute herritar horiek, eta horren berri ere eman nahi du Arantzako Udalak, herriko ondarearen zati bat delakoan. Arantzan, zuhaitzen ondoan gordetzen zitutzen gaztainak, morkotsetik atera gabe, harriz egindako itxituretan; izkina erraten zieten. Iratzeekin tapatzen zituzten. “Baserrien ondoan, lurrean edo lurrean egindako zulo batean uzten zituzten, morkotsetik atera gabe”, erantsi du Diazek.
1988an, hamabi barietate
Ez da gauza bera gertatzen herri guztietan. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko teknikariak herrialde osoko gaztainondoak aztertzen ari dira, barietate tradizionalei eusteko asmoz, eta zenbait herritan ezin izan dituzte barietate horiek identifikatu, haien berri gorde duen jenderik ez dagoelako. “Ezagutzaren transmisioa eten da, eta galdu egin da”. Hori gertatu zaie, adibidez, Beran, Etxalarren eta Lesakan: informazioa zuen herritarrik ez dute aurkitu.
Arantzan, aldiz, katea ez da eten; ez erabat, behintzat. Lukanbiok gogoratu du, halere, 1988. urtean egindako ikerketa lan batean hamabi barietate identifikatu zituztela Arantzan, eta, orain, berriz, zazpi.
Lukanbioren zerrenda murriztu du Mikel Diazek: herritarrek zazpi barietate aipatu arren, Nafarroako Gobernuko teknikariek egindako analisien bidez bost barietate baino ez dituzte identifikatu. Denera, 38 lagin hartu zituzten Arantzan analisi genetikoa egiteko, eta lagin horietako hemezortzi ziren behin, gutxienez, errepikatutakoak. “Hau da, klonak ziren. Lagin bat barietate zehatz batekoa dela esateko, lagin horren berdina den beste bat behar dugu, gutxienez, horrek esan nahiko duelako zuhaitz bat kimatu eta txertatu egin dela, eta genetikoki berdina den beste bat badagoela”, azaldu du Ingurumen Departamentuko kideak.
Tintari aurre egiteko
Gaztainondoek bi gaitz nagusi dituzte, eta gaitz horien eragina nabarmena izan zen Arantzako eta bertze herri askotakoko arbolak desagertzeko: txankroak eta, batez ere, tintak jota hil ziren. “Txinatik etorri zen tinta, XIX. mende bukaeran: Euskal Herritik Galiziaraino, 500 metrotik behera ziren gaztainondo gehienak hondatu zituen”, azaldu du Diaz teknikariak.
Tinta zainetatik sartzen da zuhaitzetan; gaitzak jotako eremu osoa hondatzen da, gainera: hau da, tinta sartu bada, zuhaitzak landatzen direnean, gaitzak har ditzake. Horregatik, Arantzan egin dituzten landaketek aurrera egin dezaten, tintarekin hondatzen ez diren gaztainondoen oinak erabili dituzte: hemengo gaztainondoaren (castanea sativa) eta Japoniakoaren (castanea crenata) artean sortutako barietatearen oinak landatu dituzte, zehazki, eta haren gainean txertatuko dituzte, urtebete barru, herriko barietate tradizionalak. Bi gaztainondo mota horien arteko klonen erregistroa egin zuten 1980ko hamarkadan, eta, bertzeak bertze, Baztanen landatu zituzten. Handik hartu dituzte orain Arantzako proiekturako behar zituztenak.
Eskolako haurrek egindako landaketa ez da bakarra; inguruko bertze zuhaitz batzuk txertatu dituzte jada herriko barietateekin. Helburua bera da guztietan: mendietan sakabanatutako barietate tradizional horiek inguru zehatzetan kokatzea, ez galtzeko, eta herritarren esku jartzeko.
Eskolako haurrek beren izena duen etiketa jarri dute landatutako zuhaitzen ondoan. Bakoitzak aukera izanen du, beraz, bere gaztainondoaren garapena jarraitzeko. Ikasleak, irakasleak, gurasoak…, herri osoarekin egin nahi du Arantzako Udalak tokiko gaztainak ez galtzeko bidea.