Astelehenean zabalduko dute 3 urteko umeek eskolan izena emateko epea

Nafarroako Gobernuak ‘Ni publikokoa naiz’ kanpaina hasi du, sare publikoaren alde. NIZE elkarteak, Sortzen-ek eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak D eredua lehenetsi dute.

Edurne Elizondo

Astelehenean zabalduko dute Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan izena emateko epea Nafarroako ikastetxeetan. Gurasoek ostiralera arte izanen dute izen emateak egiteko aukera, zehazki: martxoaren 7tik 11ra. Hezkuntzako arduradunek sare publikoaren aldeko kanpaina bat abiatu dute, Ni publikokoa naiz lelopean. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok nabarmendu du “ikastetxeen arteko oreka” lortzea dutela helburu aurten ere.

Gimenok zehaztu du ikastetxeek martxoaren 31n argitaratuko dituztela onartutako 3 urteko haurren behin-behineko zerrendak. Apirilaren 1etik 5era, berriz, aukera izanen da erreklamazioak egiteko. Prozesu hori amaituta, apirilaren 8an argitaratuko dituzte behin betiko zerrendak.

D ereduaren alde

Sortzen-ek, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta NIZE erakundeak bat egin dute astelehenean abiatuko duten aurrematrikulazio kanpainaren harira, eta D ereduaren aldeko mezua nabarmendu eta zabaldu dute, aUPa euskara! Ahotik mundura! izenburuko kanpaina propioaren bidez. Sare sozialak baliatu dituzte, nagusiki, euskarak “egun eta etorkizunerako duen balio positibo eta aberasgarria” zabaltzeko.

D ereduaren aldeko hiru eragileok garbi utzi nahi izan dute murgiltze ereduak “gizartearen adostasun zabala” duela, “kohesioa eta aukera berdintasuna bultzatzen dituen eredu arrakastatsua delako”.

NIZE Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako zuzendarien elkartea da, eta bere aldetik ere egin du euskarazko irakaskuntzaren aldeko kanpaina. Nize-d.com helbidean ikus daiteke elkarteko kideek D ereduaren alde jasotako informazio osoa. Argi izan lelopean antolatu dute kanpaina, eta asmo du herritarrei azaltzea D eredua “eredu eleaniztuna” dela, euskara erabiltzen duena murgiltzeko hizkuntza gisa, eta “gaztelaniaz eta ingelesez ere maila ona” ematen duena.

3 urteko umeen aurrematrikulazio kanpaina ez da hezkuntzaren esparruaren erdigunean dagoen auzi bakarra: 0-3 zikloaren inguruan eztabaida piztu da, berriz ere, Hezkuntza Departamentuko arduradunen eta haur eskoletan ari diren langileen artean. Nafarroako Parlamentura ere ailegatu da ziklo horren inguruko kezka. Parlamentuan, zehazki, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria haur eskoletan euskarak betetzen duen tokiari buruz aritu da, EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek egindako galdera bati erantzunez.

Ruizek salatu du Iruñeko haur eskoletan euskarazko tokiak murriztu izana, eta Lezkairuko haur eskola berrirako Nafarroako Gobernuak dituen asmoez galdetu dio, zehazki, Gimenori. Kontseilariak erantzun du auzo horretan “gora” eginen dutela euskarazko tokiek 2023-2024ko ikasturtetik aurrera. Ez du argitu, halere, toki horiek Lezkairun eraikitzen ari diren haur eskola berrian edo Nicasio Landa ikastetxe publikoan egonen ote diren. Ruizek “ontzat” jo du asmo hori, baina, halere, garbi utzi du ez dela nahikoa.

Hamabietatik, bakarra

Iruñeko euskalgintzak agerraldia egin du asteon, eta salatu du hiriko hamabi udal haur eskoletatik bakarrak duela euskarazko murgiltze eredua: “Hau da, eskola horietan eskainiko diren 1.069 tokietatik 130 soilik izango dira euskarazkoak”, erran dute euskalgintzako eragileek.

Haur eskoletan bada bertze arazorik: 0-3 plataformako kideek protesta egin zuten larunbatean, Nafarroako Gobernuak ziklo hori “zatitzeko” asmoa duela salatzeko. “Duintasuna” eskatu dute 0-3 zikloarentzat.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku