Iritzia: Garrasi isilak

Iritzia: Garrasi isilak

Lohizune Amatria

Pertsonala politikoa da. Bai, baina gogorra da zenbaitetan politikoa izatea zure bizitzako pertsonalena. Berripaper honetan irakurriko zenuenez, Mikel Zabalza biktima gisa aitortu du Eusko Jaurlaritzak. Igandean egin genion omenaldia, eta geroztik ezin dut burutik kendu haren ahizpen (nire izeben) adierazpenaren amaiera. Mikelekin sufritu zuten guztiak izan zituzten gogoan, bereziki egun gurekin ez daudenak; eta horien artean, nola ez, “aita eta ama”. Eten zuten jarduna. Barren-barrenetik ari ziren guri buruz, eta kosta egin zitzaien jarraitzea. “Aitortza hau gure gurasoen saminaren aringarria zatekeen, berekin dakarrelako egia eta erreparazio puska bat. Bakeago hilko ziratekeen, ziur”.

59 orriko dokumentu ofizial batean jaso du Balorazio Batzordeak egiaren puska hori: “Egitatezko presuntzio sendoak daude uste izateko Mikel Zabalza atxilotu eta torturatu egin zutela, (…) eta horren ondorioz hil zela”. Praktika zehatz zenbait ere aipatzen ditu txostenak, baina Eva Forestek Una extraña aventura liburuan idatzi zuen bezala, hori “gutxienekoa” da. “Garrantzia badu, noski, gainerakoaren erreferentzia delako; baina gainerako hori da larriena”. Ukigarria ez dena, alegia.

Tamalez, Mikelen heriotza izan da “gainerakoa” guretzat, eta hori da auzi hau berezi egiten duen aldagai bakarrenetakoa. Aitortza behar duten milaka biktima utzi ditu-eta salbuespena izan ez den jardun orokortu honek. Milaka gainerako isil ditugu inguruan. Bere aita egin ziotenari buruz hizketan entzun zuen aurrekoan ezagun batek, lehen aldiz. Bazekien torturatu zutela, baina ez zuen inoiz haren ahotik entzun. Hitz gutxi esan zituen, baina hori ere gutxienekoa da.

Gertatutakoa kontatzen zidala, torturaren ahalmen suntsitzaileaz ari den Foresten liburuarekin oroitu nintzen: “Larriena, sakonki mindu gintuena, ez da jasotzen parteetan. Eta ez dut uste historia hau kontatu daitekeenik hura hutsaltzeko arriskurik gabe. Izan ere, hain gauza izugarria izanik, aldi berean barre eta negar egitekoa —eta ez dakit—, sakonegi dauden lekuetara bidaiatu beharko litzateke”. Nafarroako Torturatuen Elkartearen aurkezpenean irakurri zuen pasartea Roxika Iriartek. 180 torturatu batu ziren giro sakon eta ausart hartan. 180 istorio, mamu, aldarri. Ez zuten ozen esan zer eta nola egin zieten, baina denek sentitu genuen garrasi isil hura. Hotza eta beroa, aldi berean. Bihotzetik azaleratzen ari ziren gaia, horrek esan nahi duen guztiarekin, esan nahi ez diren guztiekin.

Hein handi batean, kendu zioten duintasuna itzuli dio azken aitortzak Mikeli; hori nahiko nuke haientzat ere. Nafarroan, batzordea eratzeko zain gaude. Ezinbestekoa da ordezkariek borondatea erakutsi eta martxan jartzea. Estatuko botereek eta ardura eduki zutenek torturaren erantzukizuna onartzeko eta egia aitortzeko bidea luzea da, baina azken hilabetean gertatutakoekin urrats bat gertuago gaude.