“Tentsio eta estres biziko egunetan dut maiteen golfa”

“Tentsio eta estres biziko egunetan dut maiteen golfa”

Nafarroako Gobernuak Carlota Ziganda golf jokalariari eman dio 2021eko kirolari onenaren saria. Ultzamarrak garaipen mordoa izan zuen iaz; ordea, ez da asebete oraindik: «Gehiago nahi dut».

Uxue Rey Gorraiz

Carlota Ziganda golf jokalariak (Larraintzar, 1990) irabazi du 2021eko Nafarroako kirolari onenaren saria. “Ilusioz” hartu du notizia. Are, seguru dago ez duela erabiliko kirol ibilbidean laxatzeko aitzakia modura. Berezko du autoexijentzia zorrotza, eta argi ditu egin beharrak: “Oso gogor eginen dut lan, gogotsu naiz”.

Nola sentitu zara Nafarroako Gobernuaren saria jasota?

Oso kontent nago. Sariak beti dira poztasun iturri, eta, aldi berean, baita harro egoteko motibo ere. Iruditzen zait urteetako lanaren fruitu direla, gauzak ongi egin ditudan seinale, eta, beraz, ilusio handia egiten dit errekonozimendu hori jasotzeak. Gainera, etxetik etorritako saria da, Nafarroakoa. Horrek kutsu berezia ematen dio sariari, eta are politago bihurtzen du aitorpena.

Saria ez da, inondik ere, kasualitatez iritsi. Espainiako Irekia irabazi zenuen iaz, baita Solheim Kopa ere, Europako taldean jokatuta. Esanen zenuke zure ibilbideko garai gorenean zarela?

Urte ona izan da, baina ez nuke esanen hoberena izan denik. Uste dut lehendik ere izan dudala hoberik, 2016aren eta 2020aren artekoak, akaso. Ordutik aurrerakoak ez dira txarrak izan, jakina, baina bikainak ere ez. Iaz, azken hilabeteak izan ziren onenak. Adibidez, Espainiako Irekia irabaztea sekulakoa izan zen. Ilusio handia egin zidan; izan ere, txapelketa hori baizik ez nuen falta Espainiako guziak irabazteko.

Zer falta izan zenuen 2021ean?

Ez nintzen oso sendo aritu, ez oso erregular. Aldiz, 2016tik 2020ra artean Top 10 ugaritan izan nintzen, aste askotxotan izan nintzen sailkapenaren goiko aldean, eta gehiagotan sartu nintzen irabazle izateko lehia bizian. 2021ean ez naiz berdin aritu.

Zure bigarren Olinpiar Jokoak izan ziren Tokiokoak, uztailean. Joan dira hilabeteak, eta oroitzapenak beratuak dira jadanik. Nola gogoratzen dituzu?

Olinpiar Jokoek oso harro sentiarazten naute, izugarri maite ditut. Emaitzetatik harago, iruditzen zait aste horiek ikaragarriak direla esperientzia gisa. Ederra da beste kirolari batzuekin harremanetan izatea, nork bere usteak gainerakoei kontatzea.

Lehia ez ezik, ikasbide ere badira, hortaz?

Bai, guztiz. Olinpiar Jokoetan salbu, torneoetan soilik golf jokalariekin elkartzen gara. Beste diziplina batzuetan aritzen direnekin elkartzeak bere xarma du. Ikuskerak, bizipenak, bizimoduak… oso desberdinak dira, eta interesgarria da alderatzea.

Emaitzei so, hobekuntza handia izan zenuen Rioko Jokoetatik Tokiokoetara. 38. postuan amaitu zenuen Brasilen; 29.ean Japonian.

Hobera egin nuen, bai, baina ez nintzen sobera pozik gelditu. Gauzak ez dira beti batek nahi duen bezala ateratzen. Lanean segituko dut, gehiago trebatzeko, eta, orduan bai, agian erdietsiko ditut egiazki desio ditudan emaitzak.

Jokoen aurretik, aitortu zenuen nahiko makal zenbiltzala putt-a jotzeko garaian. Lortu duzu teknika hori fintzea?

Bai, urte bukaerarako aldatu egin nuen putt-a, eta esanen nuke salto kualitatiboa nabari daitekeela. Ea emaitzetan sumatzen den.

Nola trebatu duzu kolpea?

Entrenatzailearen laguntzaz egin dut lanketa. Beti azaltzen diot nola sentitzen naizen alderdi bakoitzean, eta, hortik abiatuta, aztertzen dugu nola sentitu nahiko nukeen. Azaltzen diot zerekin nagoen gustura, zerekin deseroso, zer moduz ari naizen txapelketen presioa kudeatzen… Bestalde, teknika desberdinekin egin dut proba, eta bideo asko ikusi ere bai; ordu asko eskaini dizkiot eta asko errepikatu dut, azken finean.

Mentalki, nolakoak izan ohi dira exijentzia maila hain handiko txapelketa ondoko egunak?

Torneoak tentsio handiko egunak izaten dira beti, baina, egia esan, niri asko gustatzen zait adrenalina hori. Sentitzen ez dudanean, franko sumatzen dut haren falta. Tentsio eta estres biziko egunetan dut golfa maiteen.

Nola kudeatu behar dira emozioak emaitzak ez direnean espero bezain onak?

Golfaren alde ona da torneo asko izaten direla urtean. Txapelketa batean huts egiten baduzu, oro har, ez da asko itxaron behar izaten beste torneo batean aritzeko eta sentsazio txar hori iraultzen saiatzeko. Hori bai: memoria laburra izatea komeni da. Onena eman behar da egun bakoitzean, kolpe bakoitzean, baina beti ezin da, eta gauzak hain ongi ateratzen ez diren egun horietatik ere asko ikas daiteke. Are gehiago: horietan ikasten da gehien.

Urteak dira Ameriketako Estatu Batuetan zarela. Hori da bizilekurik egokiena golferako?

Bai, batez ere Estatu Batuetan jokatzen ditugulako torneoen %50. Azpiegitura aldetik ere bertan dugu testuingururik hoberena, baita ezagutza aldetik ere.

Hemen geldituz gero, zer muga zenituzke golf jokalari gisa?

Adibidez, Nafarroan ez dago Estatu Batuetan daudenen moduko unibertsitate programarik. Zaila da ikasketak eta kirola uztartzea; bietan ongi aritzea, behintzat.

Beste zenbat urtez ikusten duzu zeure burua golf profesionaleko maila gorenean?

31 urte ditut, eta oraindik ere segitzeko gogo handia dut. Zehazki zenbat izanen diren ez dakit: hiru, bost, zazpi… Bidaia askoko bizitza da, nekagarria ere bai tarteka, baina, oraingoz, ez dut gogorik falta. Motibazioa galdutakoan utziko dut; ez lehenago.