Iritzia: Haratago begiratzea

Iritzia: Haratago begiratzea

Amets Aranguren Arrieta

Orain Iruñerrian dugu begirada, Ibil Bedi, Chill Mafia, Tatxers… Eta uste dut beharrezkoa dela, eta ongi iruditzen zait, baina ez dut ulertzen nola hemengoarekin ere ez den egin. (…) Uste dut programatzaileek ardura bat dutela, publikoa heztekoa, entzuleari aukera ematekoa gustu estetiko berriak garatzeko. Alta, txosnetan musika berdina entzun dugu urtez urte, festibal handietan beti antzeko izenak ageri dira afixan… Iraultza nahi duen herri batentzako kontraesankorra iruditzen zait”.

Horrela mintzo da Odei Barroso duela aste batzuk Miren Artetxek Argia aldizkarirako eginiko elkarrizketan. Haren hitzak nire egiteaz gain, askoz gehiago ere ez dut esateko. Zaila egiten zait benetan jakiten zein punturaino ari den jendea Iruñerriko talde horiei begira, horietako bateko kide naiz, eta kostatu egiten zait burbuilatik atera eta modu objektibo batean zenbaterainoko hedapena edo booma egon den (edo dagoen) ikustea. Hala ere, kontziente naiz eztanda hori egon dela eta, hein batean, gu (Ibil bedi) hor barnean gaudela. Ederra izan da eta izaten ari da guretako hau dena bizitzea, nola ez. Eginiko lanak fruituak eman ditu, pozik gaude eta jendea pozik sumatzen dugu.

Baina ez, ez da hainbesterako. Eta honekin Odeiren hitzetara itzuliko naiz. Interesgarria ari da izaten Iruñerrian musikalki pasatzen ari dena, noski, baina ez ditzagun gertakariak bere horretatik atera. Faktore askoren pilatzeak eragin du egoera hau guztia: pandemia, harreman pertsonalak, momentua, zortea, kasualitateak… Chill Mafia, Tatxers eta Ibil bedi (espero dut hiru talde horiek segidan eta arrazoi honengatik idazten ditudan lehenengo eta azken aldia izatea) bezain interesgarriak diren beste mila proiektu dago martxan Iruñerrian, eta gurea bezainbeste da garai hau haiena. Ez bakarrik proposamen interesgarriak dituztelako, baizik eta gureak haienetatik edandakotik ere izan direlako sortuak hein batean. Inguruan dugu Skabidean, hor dago Burutik, Peru Galbete… Eta zer esanik ez begirada pixka bat urrutiago pausatzen badugu.

Eskertzekoa da hedabideek eta guretako erreferente den jende batek gure lana goraipatzea. Eskertzekoa ez, ohorea. Baina izan gaitezen minimoki objektiboak. Izan dugun (edo eman diguten) oihartzunak ilusioa, lanerako gogoa eta kontzertuz kontzertu Euskal Herria ezagutzen segitzeko aukera ematen digu, baina aipatu taldeen mitifikazioak ez digu batere mesederik egiten. Espektatiba batzuk bete beharko genituzkeela sentitzen dugu batzuetan, gure iritziek beste batzuenak baino pisu handiagoa balute bezala, maila bat eman beharra… Ez nuke nahi orain artekoagatik egiten dugun edozer ontzat ematea. Horretan saiatuko gara, baina jende normala gara, baliteke datorren lanarekin aurrekoarekin bezainbeste ez asmatzea; ez litzateke deus pasatuko.

Zabal dezagun begirada, Aguxtin Alkhatek kantatzen duen bezala, ez omen da berantegi.