“Hegaztiei behatzen ikasteko ez dago inongo bidezidorrik”

“Hegaztiei behatzen ikasteko ez dago inongo bidezidorrik”

Gorosti elkarteak ornitologia ikastaroa antolatu du aurten ere. Bihar dute lehenbiziko ateraldia, Sorogainen, eta beste bost izanen dituzte ondotik. Aurreikuspena egin du Deanek: «120 espezie inguru ikusten ahalko da».

Uxue Rey Gorraiz

Hegaztien txorrotxioei izenak jartzen ikastea, behaketan sakontzea eta trebatuz disfrutatzea. Horiek ditu helburu Gorosti Natur Zientzia Elkarteak datozen asteetarako antolatutako sei ikastaroak. Bihar dute lehena: Sorogainen. Urteetako tradizioari eutsiz, ornitologia saioak eginen dituzte udaberri parteko asteburuetan. Elkarteko kidea da Juan Ignacio Dean (Bilbo, 1960). Gogotsu da ateraldietarako. Begiak erne ditu dagoeneko. Zorrotz belarriak.

Zer nahi duzue jendeak ikastea?

Gustatuko litzaiguke jendeak ornitologiari buruzko ezagutzak lortu eta behaketetan parte hartzea gero. Dena dela, hegaztien gainean zerbait ikasi nahi duen edonor etor daiteke. Prismatiko batzuk eta gida idatziren bat baliatuz jadanik izan zaitezke kapaz espezie batzuk identifikatzeko, baina guk gehiago sakondu nahi dugu: kantuen bidezko behaketan jarri nahi dugu arreta.

Hegaztiak identifikatzeko, proportzioan, zer garrantzi du ikusmenak, eta zein entzumenak?

Entzumenaren bidezkoa askoz inportanteagoa da; posible da hegazti batzuk soilik soinuaren bidez identifikatzea, eta, bakoitzaren kantuak ezagutu ezean, ezinezkoa da jarduna ongi egitea. Pentsa zer gerta daitekeen udaberrian. Basoak hostoz betetzen direnean, nola ikusi? Ez da erraza. Behintzat, ikastaroek balio izaten dute jendearen duda asko uxatzeko. Hasieran, askori iruditzen zaie ezinezkoa dela ikastea.

Iritzia aldatzen dute gero?

Bai, konturatzen dira baietz, badagoela ikastea. Jendeak sorpresak hartzen ditu. Esaten dizute: “Jardinean barrena nabilenean, lehen aditzen ez nituen gauza asko aditzen ditut orain”. Jendea ohartzen da asko galtzen duela belarriak zorroztu ezean.

Zer bide orri dute saioek?

Ikasketa prozesua pixkanaka egin beharrekoa da. Etsigarria litzateke bat-batean Nafarroako hegazti espezie guztiak identifikatzen saiatzea. Horregatik, asmoa ezin da izan ikastaroko irakasleak bere abilidade guztiak jendaurrean demostratzea. Eremu bakoitzean, gehien kantatzen duten hegaztiengan jarri behar dugu arreta, eta kantu bereizgarrienak dituztenetan. Gero, asko errepasatu behar da. Behatzen ikasteko ez dago bidezidorrik.

Udaberriaren atarian hasiko duzue ikastaroa. Zer moduzko garaia da behaketarako?

Hegaztiek udaberrian kantatzen dute gehien. Laburbilduz, hegaztiek bizpahiru kantu mota izaten dituzte, baita lau ere. Kantu horietako bat deitzeko erabiltzen dute, beste bat elkarren arteko kontakturako, eta beste bat, berriz, ugalketarako. Normalean, azken hori izaten da bereizgarriena, eta espezie askok garai honetan baizik ez dute egiten.

Orduak ere garrantzia du?

Bai. Oro har, hegaztiak goizeko lehenbiziko orduetan izaten dira aktiboen. Horregatik, guk une horiek aprobetxatzen ditugu haiek identifikatzen saiatzeko: udaberriko goizaldeak.

Ordea, hegaztiek udazkenean migratzen dute gehien. Ez al da behaketarako garairik onena?

Udazkeneko behaketarako ezinbestekoa da ezagutza handiagoa izatea. Teleobjektibo bat hartuta, posible da 100-200 metrora dauden hegaztiak identifikatzea, adibidez, ikus dezakezuna edo kontakturako dituzten kantuak baliatuta. Baina askoz zailagoa da hori. Eskarmentu handiagoa behar da.

Kokaleku desberdinak bisitatuko dituzue saiorik saio. Zer du bakoitzak eskaintzeko?

Alde handiak daude batzuen eta besteen artean. Nafarroan oso zorionekoak gara biodibertsitateari dagokionez. Joanen gara Baztan aldera, Orgi ingurura, Sakanara, Artaxoara, Lerinera, Pitillasera… eta espezie batzuk toki batean baino gehiagotan ikusiko ditugun arren, errepikatuko direnak gutxi batzuk baizik ez dira izanen. Ikastaroari esker, parte hartzaileek 120 hegazti espezie inguru identifikatzeko aukera izanen dute. Historikoki, eta herrialdean egin diren behaketa guztiak aintzat hartuta, guztira 370 espezie inguru ikusi ahal izan dira Nafarroan. Beraz, soilik sei saiotan 120 ikusi ahal izatea ez da batere gaizki, nire ustez.

Gorosti elkarteak laster beteko ditu 40 urte; 1983an sortu zen. Asko aldatu da ordutik hona?

Muina ez da aldatu. Gorosti beti izan da esparru erdi zientifikoko elkarte bat, dibulgazioari emana betiere; horretan ez gara aldatu. Aldatu bagara, gauzak egiteko moduan aldatu gara, komunikazio bideetan, beste deusetan baino gehiago. Eta, bestalde, urteen poderioz ohartzen gara orduko hartan ereindakoek balio dutela orain fruituak izateko.

Biodibertsitatearen mantentze lana ongi bideratua dago?

Natura eboluzioan dago, ezinbestean. Adibidez, etorri dira lehendik ez genituen zenbait espezie, eta hemen gelditu dira. Hori beti gertatu izan da, baina faktore batzuek asko azeleratu dituzte horrelakoak; hala nola klima aldaketak. Horrez gainera, Nafarroako erdialdean eta hegoaldean nekazaritzari eskainitako guneak areagotu izana ere mehatxu da espezie askorentzat. Biodibertsitatea pobretzen ari da.

Berriki atera da notizia argitara: gizonezko bat ikertzen ari dira Azkoienen, txoriak likaz ehizatzeagatik. Bistan da: bertan da ehizaren mehatxua ere.

Bai. Beste faktore guztiek dagoeneko nabarmen baldintzatzen dute biodibertsitatea, eta ehiza beste kolpe latz bat da, espezie batzuen biziraupena muga-mugan uzten duena. Edonola ere, aitortu beharra dago zorionez gauzak aldatzen ari direla. Iruditzen zait ehiztarien eta naturalisten arteko lehian naturalistak ari direla irabazten gaur egun. Isileko ehiza ez da ongi ikusia. Orain badakizu herrian bertan badela horri kontra egin nahiko dion norbait, geldiarazi nahiko zaituena.