Iritzia: Biktimei gizatasuna kendu

Iritzia: Biktimei gizatasuna kendu

Bidatz Villanueva Etxague

Nafarroak arazo logistikoak izan ditzake Ukrainaren aldeko kontrolik gabeko laguntzagatik, gobernuz kanpoko hainbat erakundek eta instituziok adierazi dutenez. Hau da, hainbeste dira ukrainarrak hartzera mugitu direnak edo modu autonomoan elikagaiak eta produktuak eramatera joan direnak, kontrako ondorioak suerta daitezkeela. Horregatik dei egiten dute eman nahi den babesa gobernuz kanpoko erakundeen bitartez egitera.

Adierazgarria da zenbat herritar mobilizatu diren. Duela hiru astetik hona izan den informazio jasa mediatikoak lehen lerrora ekarri du afera. Europako Batasunak bestelako iritzi bat eman dezaketen hedabideak debekatuta, gerra propaganda etengabea helarazten zaigu, armak hartzea erromantizatzeraino. Telebista kate batean, musika hippy batez giroturik zabaldu zituzten euren herrialdea, Ukraina kasu honetan, defendatzeko prest zeuden emakumezko eta gizonezko militarren irudiak. Idealizazio hori asaldagarria den arren, sentiberatasuna sor dezake biztanleengan, enpatia akaso: nola ez ditugu guk, bizilagunok, ondoko herrialdeko kideak lagunduko?

Iheslariei erabateko babesa eman behar zaie, baina hori eskaintzeko orduan ere, mendebaldeko ikuspegi pribilegiatuaren ikusmiraz egiten dugu, bizitzak mailakatzen ditugu, Ukrainakoa gertatzen ari den bitartean, Afrikatik datozen etorkinak jipoitzen ari direlako Espainiara sartzeko hesia pasatzea lortzen dutenean, edo Palestinan haurrak erailtzen dituztelako gupidarik gabe.

Mailakatze hori gobernuek hartzen duten jarreran ere ikusten da: Mediterraneoa zeharkatu nahi duten etorkinak salbatzeko Aita Mari ontzia kriminalizatzen da; ez, ordea, Nafarroatik ateratzen diren laguntza konboi autonomoak. Luhansk eta Donetsen 2014an gerra piztu zenean, Errusiak bidaltzen zituen baliabideei oztopoak jartzen zizkien Ukrainak. Zenbat kontraesan.

Kapitalismoa, inperialismoa, faxismoa eta axolagabekeriaren nahasketa pairatzen dute gerra dagoen herrialdeetako zibilek, gorbatadun gizonek bulegoetan erabakitzen dutenaren mende. Harritu gaitu Europako Batasunaren atetan halako gerra batek eztanda egiteak, gure nagusitasun moralak pentsarazi baitigu mendebaldeko “herrialde garatuek” aurrez aurreko indarkeria guduak atzean utziak genituela. Estatu Batuetako presidente Joe Biden ausartu da Hirugarren Mundu Gerra batez hitz egiten, NATOren parte den herrialde bati eraso egiten badio Errusiak. Hori adieraztea mehatxu arriskutsua da, ideia hori zabaltzeko abiapuntua.

Gerrak ez luke inoiz soluzioa izan beharko. Norbanakoaren bizitzari balioa eman behar zaio, Europan zein Afrikan. Gatazka honen irakurketa andana topa daitezke, baina Ane Irazabal kazetariari irakurri diodan moduan, “biktimak deshumanizatu ez, mesedez”, bizitzaren beraren ikuspegia galtzen eta honen guztiaren benetako galtzaileak zeintzuk diren desitxuratzen eta ezkutatzen baita; zibilak, alegia.