Emma Larretaren, Rosa Marcosen, Pilar Navarroren eta Idoia Orduñaren bizipenak eta hitzak dokumental bilakatu ditu Marga Gutierrez zuzendariak: ‘AMA-DAS’ lana egin du, indarkeria sufritu duten emakume elbarrion esperientzien berri emateko.
Edurne Elizondo
Estreinaldiaren aurreko urduritasuna sentitzen dute. Jende anitz dute agurtzeko zain. Zorion mezuak jasotzen ari dira han eta hemen. Eutsi ahal izateko esperantza dute, eta ilusioaren indarraz egiten diote aurre nekeari. Gauza guztien gainetik, desio bat dute: “Ikusi, eta hitz egin ezazue; errealitatea duzue aurrean; egin gogoeta. Jarri gaia erdigunean lagunekin edo familiarekin zaudetenean”. Denen aurrean jarri dira Emma Larreta, Rosa Marcos, Pilar Navarro eta Idoia Orduña. Indarkeria sufritu duten emakume elbarriak dira, eta Marga Gutierrezek AMA-DAS dokumentalean (En Buen Sitio, 2022) jaso ditu haien hitzak eta esperientziak. Film hori estreinatzeko zain, ikus dezatela eskatu diete pantailan ageri diren lau emakumeek herritar guztiei. “Ikusi, eta hitz egin ezazue; errealitatea duzue aurrean”.
Emma Larreta da esaldi horren bidez ikusleen artean gogoeta pizteko grina adierazi duena. Dokumentala egiteko esperientziari buruz, garbi erran du “bidaia zoragarri bat” izan dela. Iruñean estreinatu dute filma, Golem Baiona aretoan, hilaren 10ean, eta zuzendariarekin jendaurrean egin dute bat Larretak eta kameraren aurrean jarri diren bertze hiru emakumeek. Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa dutenen elkarteen federazioaren babesa jaso dute laurek. Izan ere, erakunde horrek egindako ahalduntze tailerrek agerian utzitako errealitatea izan da Gutierrezen dokumentalaren abiapuntua.
“Emakumeentzako ahalduntze tailerrak egiten hasi ginen 2015. urtean. Egin aurretik eta gero, inkesta moduko bat betearazi genien parte hartzaileei, eta zur eta lur gelditu ginen jasotako datuekin: ehun emakume aritu ziren tailerretan, eta erdiek azaldu zuten indarkeria sufritu zutela”. adierazi du Cocemfeko Nafarroako kudeatzaile Edurne Jauregik.
Autokritikari eman nahi izan dio tokia Jauregik, bertze deus baino lehen. “Orain arte, ez gara gai izan gertatzen ari zena ikusteko. Trebatu behar izan dugu, gero bertzeak trebatzeko urratsa egiteko”. Formakuntzarekin batera, ikerketaren esparrua landu du Cocemfek, eta lan egin du, gainera, “gertatzen ari zen hori” ikusgarri bilakatzeko. Indarkeria agerian utzi, eta aurre egin ahal izateko.
Bideo bat abiapuntu
2016an, ¿Qué es el para ti el amor? (Zer da maitasuna zuretzat?) sei minutuko bideoa egin zuen Cocemfek, indarkeriaren auziari heldu eta gizartera zabaltzeko asmoz. “Orduan sortu zen lan serioago bat egiteko ideia”, kontatu du Jauregik. Gutierrezek ideia hori jaso, eta AMA-DAS sortu du. Txuri-beltzean filmatutako lan bat da, eta gordinean erakusten du indarkeriaren gaia. Bikotekideen tratu txarrak; bai eta gurasoena ere, zenbaitetan. Gordinean erakusten du elbarritasunak emakumeon egunerokoan duen isla; eta gordinean erakusten du, batez ere, kameraren aurrean jarri diren andreek indarkeria horri guztiari aurre egiteko izan duten gaitasuna.
“Gaur, hemen, eder ikusten nauzue; ez dut bat egiten gizarteak desgaitasunari buruz duen ideiarekin, ez baitut gurpil aulkirik. Horrek ez du erran nahi, ordea, laguntzarik behar ez dudanik”. Rosa Marcosenak dira hitzak. Fibromialgia diagnosi bat du orain, baina urte luzez buruko osasunarekin lotu dute medikuek haren oinazea, eta psikiatrarengana bideratu dute, behin eta berriz. Bere memoriari eragiten dio eritasunak; bere egunerokoari, oro har. “Minak jota ohetik ezin altxa gelditzen naiz tarteka; edo harrikoa egiten hasi, eta platerek eskuetatik ihes egiten didate”, kontatu du.
Diagnosiaren garrantzia nabarmendu du, gisa horretako paperek baino ez baitute ematen sistemak zor dion laguntza jasotzeko aukera. Eta, halere, salatu du zer hobetu badela.
Bat egin du Larretak. “Jendeak uste du emakume elbarria bazara eta, gainera, indarkeria matxistaren biktima, dirua sobran duzula laguntza publikoei esker. Ez da egia. Nik, zorionez, ez dut horrelakorik behar, baina garbi izan dezala jendeak erakundeek hamaika traba jartzen dituztela dagokiguna lortzeko”. Larretak badaki zertaz ari den: 2007an, hogei labankada baino gehiago eman zizkion bikotekide ohiak, eta hilzorian utzi zuen, Donostiako karrika batean.
Eraso horrek eragin dio Larretari egun duen desgaitasuna. Egoera horretara egokitu behar izan du, eta ikasi, batez ere, beldurrik gabe bizitzen. “Biluzi” egin da AMA-DAS dokumentalean, baina ez du damurik. “Kontent” dago parte hartu izanaz. “Une gogorrak izan ditugu, gogorra delako, gehienetan, atzera begiratzea, baina egin behar genuela garbi dut, desgaitasunen bat duten emakumeak erdigunean jartzeko”.
Laguntza jaso
Dokumentala estreinatzeko ordua ailegatzeko zain, “urduri” da Pilar Navarro. Onartu du, halere, “esperientzia polita” izan dela. Batez ere, jasotako laguntza eskertu du: “Cocemfeko jendea zoragarria da, eta anitz babestu naute prozesu osoan”. Elbarritasun organikoa du Navarrok, eta bat egin du Larretak eta Marcosek errandakoarekin; erakunde publikoen konpromisoa eskatu du desgaitasunaren auziari “behar den bezala” heltzeko; Navarro luze mintzatu da, Gutierrezek zuzendutako lanean, bere bizitzako gorabeheren inguruan, baina, hedabideen aurrean, kostatu zaio indarkeriak jotako iraganaz hitz egitea.
Idoia Orduñarentzat ere iraganeko kontu bat da indarkeria matxista. “Hemen nago garbi errateko posible dela aurrera egitea. Aski zela erabaki nuen une batean; laguntza eskatu, eta atzean utzi dut indarkeria”.
Haur baten ama da Orduña. Esklerosi anizkoitza du, eta gurpil aulki bat behar du orain mugitzeko. Erran du “lotsa” ematen diola laguntza eskatzeak, oraindik ere; laguntza hori behar duela onartzeko prozesuan da, laguntza hori jasotzeko eskubidea duela aldarrikatzeko bidean, alegia. “Egungo sisteman, ditugun zailtasunei aurre egiteko laguntza behar dugu, eta erakunde publikoei dagokie laguntza horiek bideratzea”, nabarmendu du.
AMA-DAS dokumentalean bat egin duten lau emakumeek elkarri eman diote behar izan duten laguntza hori; elkarri eman diote babesa, eta elkar lagundu dute kameren aurrean beren bizipenen berri emateko egin duten prozesuan. Sortu duten giroa eskertu du Marga Gutierrez zuzendariak, hain zuzen ere. “Izugarri eskuzabalak izan dira laurak; lan honek erakusten digu desgaitasuna gure egunerokoan dagoela; eta gure egunerokoan daudela, halaber, indarkeria sufritzen duten emakumeak; gure lagunak dira, gure senideak, gure bizilagunak”.
Larretak, Marcosek, Orduñak eta Navarrok, berriz, zuzendariaren “zaintza” eskertu nahi izan dute. Errespetuz egindako dokumental bat dela nabarmendu dute, eta eskertu egin dute Gutierrezen begirada.
Gaur, Ismaliako jaialdian
Cocemfeko kudeatzaile Edurne Jauregik ere nabarmendu du Gutierrezen lanaren emaitza, eta AMA-DAS dokumentalaren bidez desgaitasunen bat duten emakume guztiak erdigunean jarri nahi izan dituztela erantsi du. “Kolektibo bati eman diogu anitzetan ukatu egin zaion ahots hori”, erran du.
Ahots hori Egiptoko Ismaliako zinema jaialdira eramanen du Marga Gutierrezek. “Biziki kontent” da jaialdi horretan parte hartzeko izan duen aukerarekin. Gaur aurkeztuko du dokumentala hango ikus-entzuleen eta kritikarien aurrean.
Larretaren, Orduñaren, Marcosen eta Navarroren bizitzako bizpahiru urte partekatu ditu zuzendariak; lan horren bidez, ikus-entzule guztiekin partekatu nahi du orain lau emakumeek elkarrekin egindako bidaia. Lau dira Gutierrezen lanak jasotako istorioak; lau horiek bertze anitzen ordezkari bilakatu dira.